Ze plan astebururako?

IRUN: Hartz
Lakaxitan, ostiralean, maiatzak 3, Azkoitiako Hartz taldea izango dugu, 20:00etatik aurrera: Rock alternatiboa, euskaraz. Eta bai, Psilocybenean ere badira kontzertuak, 22:00etan (areto batetik bestera 10-15min daude oinez). Talde berri bat ezagutzeko aukera paregabea!
MUSKIZ: Burdina
Ikuskizunean bat egiten dute musikak eta dantzak, flamenkoko paloek, euskal ahozko tradizioaren berrikuspenak eta horren alderdirik performatiboenek. Meatzaritzaren eta industriaren testuingurua du koreografiak, eta meategia da aukeratutako lotura, flamenkoaren barruko meatzaritza-kultura oso garrantzitsua baita.
Langilearen figura aintzatetsi nahi da. Kasu honetan migratzailea aipatzen da, penintsularen hegoaldetik Bizkaiko meategietara iritsi ziren gizonak eta emakumeak, zehazki. Ildo horretatik abiatuta, penintsulako iparraldearen eta hegoaldearen arteko interakzioaz eta ezberdinak diren kulturak aberasteaz mintzo da ikuskizuna.
Garrantzi berezia ematen dio, halaber, emakumearen figurari, eta andre haien lekukotasunak berreskuratzen ditu, historian zehar apur bat ezkutuan egon dira eta. Agertokian emakume bat azaltzen da, eta bera da dantza egiten duen pertsona bakarra. Horrek, aipatutako ideia azpimarratzen laguntzen du.
- Egilea: Beñat Achiary / Adriana Bilbao
- Koreografoa: Adriana Bilbao
- Dantzariak: Beñat Achiary / Adriana Bilbao/ Raúl Micó/ Guillermo Guillén / Michel Queuille / Luis Mariano Casillas / Ander Eceiza / Koldo Plazas.
- Meatzari Aretoan, 20:00etan (maiatzak 4).
LEIOA: EÑAUT ELORRIETA & KAABESTRI STRING ENSEMBLE: "HARIAN"
Musikarako duen berezko dohaina oinarri, etengabe esperimentatzeko eta hobetzeko grinak eraginda iritsi da Eñaut Elorrieta gaurdaino, kantuen sorkuntza eta interpretazioaren zidorretatik. Erronkei anbizioz eta kreatibitatez aurre eginez jorratu du bidea.
Zuzeneko bira honetan KAABESTRI STRING ENSEMBLE hari-boskotearenkin ariko da Eñaut Elorrieta, Fernando Velázquez-ek, Carlos Monfort-ek eta Juan Carlos Perez-ek lan honetarako eta formazio honentzat propio idatzitako moldaketak interpretazio mailarik altuenean exekutatuz. Dotoreziaz eta zehaztasunez zipriztinduriko noten artean Eñauten ahotsa sendo sumatzen da, libre eta zabal. Zalantzarik gabe, oso lan erakargarria. Maiatzaren 4ean, 20:30ean, Kultur Leioan.
BERGARA: Erlauntza
Malkoak eta irriak baimenik gabe nahasten diren komedia mikatza. Txikitako lagun kuadrilla bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala; edo bai…
Asteburu “eroa” izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira…
- Zuzendaritza: Mireia Gabilondo
- Testua eta Zuzendari Laguntzailea: Kepa Errasti
- Aktoreak: Itziar Atienza (Vito Rogado), Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo.
- Maiatzak 4, 19:00etan, Seminarixuan.
BILBO: Gure etxea
Herri antzerkia.
Markeliñe eta Glu-Glu konpainien eskutik, 200 mungiar inguru batuko dituen herri antzezlana. Aurreko herri antzerkietan bezala, ‘Gure Etxea'k diziplina artistiko desberdinak hartuko ditu bere gain: antzerkia, dantza, koru-interpretazioa, musika, ikus-entzunezko bitartekoak eta abar. Obraren ardatz nagusia baserria izango da, gure herriaren nortasunaren, kulturaren, elkarbizitzaren eta ekoizpenaren batasuna adierazten duen ikur garrantzitsua, alegia.
- Egilea: Jon Kepa Zumalde
- Zuzendaritza: Ugaitz Alegría
- Maiatzak 5, igandea, 19:00etan, Euskaldunan.
DONOSTIA: "NAPARDEATH – ATAUN OF THE DEAD III"
Zazpi urte luzeegi itxaron ondoren Napardeath pelikula datorren igandean aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean Fantasiazko eta Beldurrezko Filmaren astearen barruan. Honela trilogiari amaiera emango zaio eta askoren tristurarako zonbi karlista, banpiro jeltzale eta momia abertzaleek agur esango digute.
Beraz, apuntatu ondo egutegian, maiatzak 5 Donostiako Antzoki Zaharrean estreinaldi mundiala, bertan, filmaz gozatzeaz gain, Fantasia eta Beldurrezko Astearen 30. edizioko kartela ere aurkeztuko da. Sarrera doan! Plan hoberik ba al duzu?