ZAZKEL: "Aholku txarrei hobe entzungor egitea"

ZAZKEL: "Aholku txarrei hobe entzungor egitea" Bakoitzak bere bidea egin behar duela lelotzat hartuz, 'Ez entzun' izenarekin batailatu du Zazkel musika talde bilbotarrak bere disko berria. Lehen lana bezala, Garate estudioan grabatu dute, eta Baga-Biga diskoetxeak argitaratu du diskoa, Banden Lehia irabazi izanaren sari gisa. Abestien artean, Hertzainak taldearen “Infernuko atea” moldatu dute, taldeari omenaldia eginez. Etxahun, taldeko abeslari eta konposatzailearekin mintzatu gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazkel-aholku-txarrei-hobe-entzungor-egitea/@@download/image/Zazkel.jpg
2017/09/29
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Bakoitzak bere bidea egin behar duela lelotzat hartuz, 'Ez entzun' izenarekin batailatu du Zazkel musika talde bilbotarrak bere disko berria. Lehen lana bezala, Garate estudioan grabatu dute, eta Baga-Biga diskoetxeak argitaratu du diskoa, Banden Lehia irabazi izanaren sari gisa. Abestien artean, Hertzainak taldearen “Infernuko atea” moldatu dute, taldeari omenaldia eginez. Etxahun, taldeko abeslari eta konposatzailearekin mintzatu gara.
ZAZKEL: "Aholku txarrei hobe entzungor egitea"

 

Bigarren diskoa kaleratu berri duzue; nolako Zazkel entzun daiteke lan berrian?

Ilunagoa da, eta aldi berean, dantzagarriagoa. Lehen diskoan freskotasun handiarekin egin genuen lan, baina teknikoki ez zegoen horren fin burutua. Hori da aldaketa nabarmenena; lan berri hau askoz hobeto egina dago. Bestalde, postpunk doinuak landu ditugu, The Cure, The Smiths... talde britainiarren eragina nabaritu daiteke (hori da gure esentzia, beste taldeek gugan izan duten eraginean oinarritzen gara), dena pop musikaren barruan, noski.

 

Euskal pop erradikala aldarrikatzen duzue... zer du txarra ba ska tronpeteroak?

[Barreak] Ez da gure estiloa! Dena den, guk estilo ugari nahasten ditugu, eta publiko zabalarentzat egiten dugu musika. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahiko genuke. reggae pixka bat ere sartu dugu, eta baita funkya ere, Jackson 5-en inspiratuta.

 

'Ez entzun' titulua jarri diezue... ez du entzuteko gonbidapen bat ematen.

Diskoan sartu dugun abesti nagusiaren izena da; gure ustez, kanturik borobilena da hau. Bizitzaz hitz egiten du, eginbehar duzuna esaten dizuten ahotsez... aholku txarrei hobe entzungor egitea! Bakoitzak bere bidea hartu dezala.

 

 

Eta zein da Zazkelek hartu duen bidea?

Banden Lehia irabazi izanak ekarri gaitu honaino, dudarik gabe. Denborak baldintzatu gaitu, soilik sei hilabete izan ditugulako dena prestatzeko, eta horrek eragin handia izan du; baina oso gustura gaude emaitzarekin. Azken finean, hau erronka bat izan da guretzat, pasa beharreko froga bat, eta gure espektatiba pertsonalak erabat gainditu ditugu.

 

Zenbateko garrantzia ematen diozue eszenatoki gainean erakusten duzuen itxurari?

Badu garrantzia, noski, baina musikari garrantzi gehiago ematen diogula esango nuke. Itxurak transmititu nahi duzun hori helarazten laguntzen du, baina oraindik ez dugu erabat praktikan jarri. Bideoklipean egin dugu estetika fintzeko lehen saiakera serioa.

 

Lehenbizikoz hiru anai-arrebek parte hartu duzue diskoan; nola moldatu zarete?

Piarres anaia baterian izan dugu lehen aldiz, Axeritorekin txandakatuz. Egia esan, hiruok elkar ulertzen dugu primeran; kantuak nik egiten ditut, eta gainontzeko taldekideekin batera hartzen ditugu erabaki guztiak, beraz, ez dugu errietarik egin [Barreak].

 

Hertzainak taldeari omenaldia egin diozue; zergatik?

Lehen diskoan agertu zen Infernuko atea abestiaren bertsio fidela egin dugu; betiko taldea dira Hertzainak, txikitan entzun dugun musika egin dute, eta asko miresten ditugu. Aukeratutako abestia ez da ezagunena, baina taldearen izaerarekin bat egiten du erabat.

 

Zeintzuk dira Zazkelek betetzeko dituen ametsak?

The Curerekin batera jotzea sekulakoa litzateke [Barreak], baina egia esan, guk nahi duguna kontzertuak ematea da; urriaren 7an Guggenheim aurrean izango gara, bertan 18 haur hezitzaile kaleratu zituztelako, ni barne. Museoaren aurrean joko dugu Titaniozko sudurrak kantua. Bestalde, Bartzelonan izango gara aurki, Banden Lehia irabazteagatik jasotako saritxoari esker.