Zaramaren erdian

Zaramaren erdian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zaramaren-erdian/@@download/image/89p40hertzkomik.jpg
2008/10/03
erreportajea
Julen Azpitarte
1983an, Athleticeko jokalariak gabarran gora eta behera zebiltzala, Nerbioiko ibaiertzak zarama hutsa ziren, dena zikinkeria eta arratoi. Estoldetatik ateratako arratoi haiek, soinu-banda propioa zuten: Euskal Herriak inoiz emandako musikari belaunaldi amorratuenak idatzitako hitz eta akorde ustelak. Hogeitabost urte igarota, kantu haiek nonahi entzuten ditugu oraindik.

Eskorbutok, Santurtzi aldeko hirukote suizidak, gabarraren joan-etorriak modu surrealistan lagun zitzakeen kantua idatzi zuen: Desde Santurce a Bilbao/ vengo por toda la orilla/ somos ratas en Vizcaya, somos ratas contaminadas/ y vivimos, en un pueblo que naufraga, naufraga… (Santurtzitik Bilbora/ ibaertzetik nator/ arratoiak gara Bizkaian/ kutsatutako arratoiak gara/ eta hondora doan herri batean bizi gara, hondora doa…).

Bai: seguru asko, Eskorbuto izan zen garai hartan sistemaren aurkako musikak emandako ale muturrekoena: santurtziarrak Madrilera joan ziren lehen okasioetako batean, poliziak Jodiéndolo todo maketaren ale guztiak kendu zizkien. Grabazio hartan, ETA eta Maldito País España bezalako kantuak zeuden. Nola demontre zitekeen, historian zehar hain gizon jator eta leialak emandako Bizkaian, halako arratoi puskak ibiltzea? Zer gertatzen ari zen euskal gizartean?

Maketa hura konfiskatuta, Eskorbutokoei lege antiterrorista ezarri zieten. Egoera horretan, hirukoteak ez zuen amnistiaren aldeko mugimenduaren elkartasunik sentitu, eta Euskal Herrira itzulitakoan, protesta gisa, A la mierda el Pais Vasco konposatu zuten. Eta ordura arte halaxe ibili bazen, ordutik aurrera, are gehiago ibili zen bere kasa Eskorbuto, inorekin ezkondu gabe. Kantu hura, 1984an argitaratu zuten, Zona Especial Norte (Spansul, 1984), RIP taldearekin partekaturiko diskoan. Eskorbutoren pasadizoak, ederki laburbiltzen du urte haietan zenbait tributan arnastu zitekeen giroa.

Ez zen eskandalu txikiagoa sortu Vulpes emakumezko taldearekin. 1983an, Bilbotarrek Me Gusta ser una zorra/Inkisición singlea argitaratu zuten Madrilgo Dos Rombos zigiluarekin. Vulpes TVE kateko Caja de Ritmos saioan agertu zen apirilaren 23an, eta Me gusta ser una zorra jo zuten, Stooges-en Now I wanna be your dog kantuaren moldaketa. Hamabost egun igarota, ABC egunkariak kantuaren hitzak argitaratu zituen editorialean, eta Partido Democrata Popular alderdiak protesta egin zuen. Azkenean, Espainiako Fiskal Nagusiak salaketa aurkeztu zuen eskandalu publikoagatik. Zurrunbiloak Vulpesen banaketa eragin zuen.

1983koak dira ere La Polla Recordsek Y ahora qué singlea (Oihuka diskoetxea), eta Santurtziko Zarama rock taldearen bigarren erreferentzia, Zaramaren erdian/Gasteizko Gauak (Discos Suicidas) 7 hazbeteko singlea. Hard rockaren esparruan, Barricada nafarrek Noche de Rock and Roll (Soñua) lehen lana grabatu zuten. Eta azken datu bat 1983 urteko rock zornetsuari dagokionez: Gasteizen, desintoxikazio zentro batean, terapia gisa, Cicatriz en la Matriz taldea sortu zen.

Talde hauekin eta beste askorekin, hazia ereinda zegoen, hurrengo bi urteetan leherketa bortitza gertatu zen: 1984an La Pollaren Salve, Hertzainaken lehen diskoa, Zaramaren Indarrez, eta Kortaturen lehen maketa kaleratu ziren. Era berean RIPek dozena bat kantu sartu zituen AEBetako BCT Tapes zigiluak argitaratutako Spanish HC kasete mitikoan, IV Reich, Frenopaticss, Anti/Dogmatics eta Ultimo Resortes-ekin batera.

1985 urtean, Soñua diskoetxeak Cicatriz, Jotakie!, Kortatu eta Kontuz-Hi! taldeen kantuak biltzen zituen bilduma kaleratu zuen; MCDk Empezamos un 23 F lehendabiziko maketa grabatu zuen, eta Eskorbutok Eskizofrenia plazaratu zuen. Deflagrazioak Euskal Herriko taberna zulo, plaza eta txoko guztiak kiskali zituen... gaur arte!