Zaporeak, sukaldea berriro irekitzeko lanean

Lesboseko etorkinen egoera kaotikoaren erdian, Zaporeak proiektuko boluntarioek lana utzi eta berrogeialdia egiten hasi dira asteburuan, COVID-19 positibo batekin kontaktu zuzena izan ondoren. Hain zuzen, pandemia bertara iritsi zen duela aste batzuk, eta pixkanaka zabaltzen hasi da, Moriako egoera jasanezina eztandaraziz.
Zaporeakek sukaldea itxi behar izan du lantaldea ordezkatuko duen boluntario taldea bilatu bitartean, baina sare sozialen bidez adierazi dutenez, beste Gobernuz Kanpoko Erakundeekin batera koordinatu dira garraioa eta janaria partekatzeko. Gainera, ura erosten dabiltza, kanpalekuko suteen ondoren kalean ezer gabe gelditu diren milaka errefuxiatuek hala eskatuta.
PCR negatiboa eman du lantalde osoak, baina itxialdian jarraitu beharko dute gutxienez asteartea iritsi bitarte; orduan egingo dute bigarren PCR-a, eta negatibo ematen badu, asteazkenean itzuliko dira sukaldera. Bitartean, boluntario taldea osatzeko lanean dabiltza.
Taldeak salatu duenez, Greziako Gobernuaren erantzuna ibilgailu blindatuak eta ura jaurtitzeko tanketak bidaltzea izan da; gainera, 3.000 lagunentzako kanpamendu inprobisatua antolatu dute eremu militar batean, Moriako errefuxiatu kopurua 12.000 baino gehiago izan arren; kanpalekuan sartzen direnek ezingo dute bertatik atera. Errefuxiatuek hainbat protesta abiatu dituzte, berehalako ebakuazioa eskatuz.
Laguntzerik baduzu, Zaporeak Proiektuak bide hauek jarri ditu martxan: