Zama mentala: Emakumeen zeregin ikusezina

Zama mentala: Emakumeen zeregin ikusezina Egindako ikerketa baten arabera emakumeek egunero ordubete eta hogeita hamazazpi minutu gutxiago dituzte aisialdirako. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zama-mentala-emakumeen-zeregin-ikusezina/@@download/image/70.jpg
2019/07/04

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Egindako ikerketa baten arabera emakumeek egunero ordubete eta hogeita hamazazpi minutu gutxiago dituzte aisialdirako.
Zama mentala: Emakumeen zeregin ikusezina

Bada hortik zehar dabilen txiste bat: Nik ere harrikoa egiten dut, baita erosketak ere eta xurgagailua pasatzen dut, baina horrez gain, nire emazteak espero du ideia ergel horiek niri okurritzea! Bai, zenbait gizonezkok “laguntzen” dute, edo horrela sentitzen dute behintzat etxeko zereginez arduratzen direnean. Gehiengoa ordea aginduak betetzera mugatzen da, eta horretarako lehendabizi emakumeak manatu horiek hitzez adierazi behar izaten ditu.

Lan munduan oraindik ere, esparru gehienetan gizonezkoek dute boterea, beraiek arduratzen dira estrategiak planifikatu eta martxan jartzeaz. Etxean ordea, bikote heterosexual askotan behintzat, agintzeari alergia diote eta erabakiak hartzearen zama ia beti, emakumezkoen esku uzten da.

Etxeko zereginak multinazional bat balira bezala aztertuko bagenitu, ikusi genezake kasu askotan emakumezkoak direla zereginak programatu, aurreikusi, diseinatu, arazoak ekidin, konpondu eta detaile guztiak kontuan hartzen dituena. Lan exekutibo honetaz gain, langile soilen lanak ere egin behar izaten dituzte ordea: sukaldean aritu, garbitu, besteak zaindu, garbigailua jarri, erosketak egin edo zaborra bota.

Ikusten ez den lana da eurena eta gainera oso gutxi baloratua dago. Euren bikoteak telebista aurrean erlaxatzen diren bitartean emakumea lanean dabil. Zama mentala, hau da, emaitza zehatz bat lortzeko beharrezkoa den esfortzu ez fisikoa, normalean emakumezkoek onartzen dute. Etxerako produktuen Procter & Gamble-ek burututako inkesta oso esanguratsua da. Espainiar Estatuan bederen, lau emakumeetatik hiruk zama mentala jasaten dute, nahiz eta horietatik %40ak kontzeptua ez ezagutu eta %45ak ez hitz egin gaiaz inorekin.

Arazo honen muina kontzientzia falta da. Ikerketaren barruan esperimentu bat egin zen eskatuz bikote batzuei etxean astebetean burutzen dituzten zereginak apuntatzeko. Bikoteen %46ak zeregin horiek partekatzen dituela uste badute ere emaitza oso esanguratsua da: gizonezkoek oso gauza gutxi apuntatzen dituzte. Asko dira zama mentala kontzeptuari buruz inoiz ezer entzun ez dutenak eta gizonezko ugari harritzen dira ohartzen direnean zereginen zati handiena eure bikotekideek burutzen dutela.

Zama isila, bi aldiz pisutsuagoa
Zama mentala isila da eta horrek are eta pisutsuagoa bilakatzen du. Gizarteak ez du aintzat hartzen, ez baititu etxeko zereginak baloratzen, ez ordaintzen. Historikoki gainera, funtsean etxeko zereginak zerbait femeninoa bezala ulertu izan dira, emakumezkook horretarako sen berezi bat edukiko bagenu legez.

Pertsonala politikoa bada ordea, genero ezberdintasunarekin amaitzeko gakoetako bat etxe barnean gertatzen denaz ohartzea ere bada. ClosinGap klusterrak berriki burututako txostenean islatzen denez emakumezkoek ordubete eta hogeita hamazazpi minutu gutxiago dituzte egunero aisialdirako gizonezkoek baino. Ikerketak azaltzen duenez ezberdintasun honen muinean ez daude arrazoi biologikoak (emakumezkoek ez dute lan gehiago egin nahi eta gutxiago atera), baizik eta gure gizartean oraindik mantentzen diren genero rolak.

Baina emakumeek zertan xahutzen dute zehazki aisialdirako behar lukeen denbora hori? Etxea eta familiari, bataz-beste, emakumeek gizonezkoek baino bi ordu gehiago eskaintzen dizkiote. Kasu honetan, emakume guztien artetik beren aisialdirako denbora gutxien amek dute. Lana eta familia ez dira bateragarriak oraindik eta horregatik, emakume hauentzat eurentzako duten denbora oso urria da eta kalitate txarrekoa.

ClosinGap-en txosteneko daturik kezkagarriena kirol jarduerei dedikatutakoa da: emakumezkoek denbora gutxiago eskaintzen diote egunean kirol jarduera bat egiteari, horregatik sedentarismo gehiago dago eta horrek eragin zuzena du emakumezkoen osasunean.

Ez da egitea bakarrik, antolatzea ere bada
Txostenak azaltzen duenez, etxeko zeregin gehienak egiteaz gain, hauek antolatzearen zama ere emakumezkoena da. Emakumeak etxeko manager modukoak bihurtzen dira: zer afalduko den pentsatzen dute gauean, beharrezko produktuak erosi, garbiketarako zein produktu ari den agortzen behatu... eta gizonezkoak aginduak betetzen dituzten mendekoak bihurtzen dira. Managerrari “laguntzen” diotenak. Horrela, zereginen bat ez bada burutu gizonezkoak hauxe erantzuten du: Ez dit inork esan egin behar zenik. Jarrera hauekin, etxearen ardura emakumezkoena bilakatzen da nahi gabe bada ere.

Zama mental honek emakumeen denbora librea murrizteaz gain, honen kalitatea ere gutxitzen du, ez baitute erabat deskonektatzen lehenago iritsi nahi dutelako etxea afaria prestatzeko edota azken orduko errekaduren bat egitera joan behar dutelako. Etxeko zereginen banaketa zuzenak zama honetatik askatuko luke emakumea. Horretarako, emakumeek delegatzen ikasi behar dute eta gizonezkoek ardura gehiago bere gain hartzen.