Zaletasuna maitasunaren pare

Zaletasuna maitasunaren pare https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zaletasuna-maitasunaren-pare/@@download/image/27p36-1_1369224109.jpg
2003/02/07
erreportajea
Jon Odriozola
Zaletasuna maitasunaren pare
Gaur egun, ez dago futbolari itzal egin diezaiokeen kirolik. Zale askorentzat, gainera, futbola kirola baino gehiago da, eta beren taldearekin, maitasun harreman gartsua dute. Taldea jarraitu baino maite egiten dute. Hor ditugu, adibidez, euskal futbol taldeetako zalerik sutsuenak.    

Nahikoa eskarmentu duen entrenatzaile baten aburuz, "futbolean ezinbestekoak baloia eta ateak dira". Maradonaren ustez, berriz, futbolak hiru ipar sakratu ditu: "baloia, futbolaria eta zalea". Jarraitzaile sutsuenek hamaika izen dituzte munduan: hooligan-ak Ingalaterran, tiffosi-ak Italian, barra brava-k Argentinan... Bere futbol taldearekin zerikusia duen oro maitasun handiz gorde eta zaintzen dute zaleok: posterrak, elastikoak, bufandak… Askotan, euren taldearekiko nolabaiteko gurtza izateraino iristen dira. Epaileak txistua jo orduko eta lehiak dirauen bitartean, txalo, kantu eta animo oihuak orru batean aireratzen dituzte.

Batek baino gehiagok futbola nolabaiteko erlijioa dela esan izan du. Batetik, zaleek, "tenplu" batean bat egiten dute. Jarraitzaile sutsuenak, bestetik, etxeko zelaira izan ezik, bere taldeak jokatzen duen beste herrietara ere joaten dira, erromesaldia balitz bezala. Debozioak erritoak ditu eta.

Koloreak bihotzean

Beste lekuetan bezala, Hego Euskal Herriko Lehen Mailako taldeek jarraitzaile taldeak dituzte: Eztanda Norte (Alaves), Peña Mujika (Reala), Indar Gorri (Osasuna) eta Herri Norte (Athletic). Bestebatzuk badira, noski, baina hauetxek dira ezagunenak. Taldeotako ordezkariekin berba egin dugu zelatasun hau hobeto ezagutzearren.

Den-denak bat datoz koloreekiko sentimendu hori oso aspalditik datorkiela aitortzerakoan. Herri Norte-ko Davidek dioenez, "ikurriñaren koloreez gain, Athletic-arenak dira nire koloreak. Sentimendu oso berezia da". Peña Mujikako Xabierren aburuz, berriz, "Reala dena da: koloreak bihotzean eramaten dira eta". Danirentzat, bestalde, "txiki-txikitatik, oso barruan daramat Osasunaren jarraitzaile izatea. Gainera, Euskal Herriko hiriburua ordezkatzen du gure taldeak". Eztanda Norteko Landerrek, azkenik, honakoa dio: "Alaves oso nirea den zerbait da. Alavesen, aurrerantzean, jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritza batzorde asko ikusiko ditugu. Horiek joan-etorrian ibiliko dira. Alavesekiko sentimendua, berriz, guztiaren gainetik dago".

Gure solaskideak jarraitzaile fidelak dira. Xabierrek 88-89 denboraldian egin zuen bat Peña Mujikarekin, eta harrezkero, Atotxan zein Anoetan, hutsegite gutxi egin ditu. Pozik dago txuri-urdinen aurtengo ibilbidearekin, eta dioenez, "sailkapenean goian amaituz gero, ziurrenik jende gehiago hurbilduko zaigu. Hala  bedi". David ere oso lotuta dago bere taldearekin: "Herri Norte-ko guztiok, galdu ala irabazi, eztarria urratzen dugu Athletic-engatik", dio.

150 lagun, hamaika bidaia

Lau taldeok batez beste, 150 jarraitzaile dituzte eta oro har, zaleok, kuotak ordaintzen dituzte. Taldearen biziraupena da zaleon kezketako bat. Landerren aburuz, "zale baten biziraupena oso erlatiboa dela jakinik, belaunaldi aldaketa ziurtatzea oso garrantzitsua da. Askotan atzetik inork jarraitu nahi ez duelako eusten dio batek baino gehiagok". Ildo horretatik, Xabierren hitzetan, "bikotekidea topatzea izaten da taldea uztearen aitzakietako bat". Taldeotan, ia denak mutilak izan ohi dira, baina hala ere, gero eta neska gehiago hurbiltzen da; Indar Gorri-n, adibidez, Neska Gorriak izeneko taldea dute.

Taldeok egoitza finkorik ez dutenez, partida egunetan, taberna batean elkartu eta denak batera joaten dira zelairantz. Antza, zintzurra bustitzea ezinbestekoa omen da kantuan eta oihuka tonu onean jarduteko. Partida ostean , berriz, habira itzultzean, aitaren batean antzematen omen diete etxekoek futbol taldeak zer egin duen: "Astelehen batzuk besteak baino hobeak izaten dira", dio Lander alaves zaleak.

Jakina, futbolzaleok hamaika bidaia eginak dituzte euren taldeekin. Xabierrek Reala animatzeko egindako bidaiarik luzeena UEFAko lehiaketan Pragan jokatutakoa izan zen: "Autobusean, joanean zein itzuleran, hogeita lau ordu pasatu genituen: tartean atsedena hartu, partida ikusi, eta etxera!". Davidek, berriz, Mallorcara egindako bidaia aipatu digu: "Hogeita hamarren bat izango ginen. Hotel berean Glasgowko Celtic-eko jarraitzaileekin topo egin genuen, eta harrezkero, bi taldeak senidetuta gaude".

Bestalde, guztiek primerako harremanak dituzte estatuko zenbait talderekin: Valladolideko Garrafoni-koekin, Vallecaseko Bukaneros-ekoekin, Vigoko Celtarras-ekoekin, Tenerifeko Frente Blanquiazul-ekoekin... Ildo horretatik, gure lau solaskideak bat datoz gauza batean: "Faxista taldeekin ez gara batere ondo moldatzen".

Euskal Hintxak



Euskal taldeen arteko derbietan, Europan ez bezala, zorionez, ezta poliziarik behar izaten. Euskal futbol taldeen jarraitzaileen arteko harremanak ez dira beti pagotxa izan: jokalari bat ondoko klubera joan izana,  hamaika zurrumurru… Izan dituzte noiz edo noiz bereak eta bi. Hala ere, duela urte batzuk Euskal Hintxak taldearen sorrerarekin eta antolakuntza bateratuarekin, taldeen arteko lehiak jai giroan, kontzertu eta kalejiren altzoan, bizi dituzte. Landerren aburuz, “euskal derbiak bereziak dira, jaia nagusi baita, gero, zelaian, bakoitzak bereari eusten badio ere”. Egun dozena inguru taldek osatzen dute Euskal Hintxak, eta Euskal Selekzioen aldarrikapena oso kontuan dute .