Zafari Project: Safari polita

Behin baino gehiagotan esan dugu: Gaztelupeko Hotsak diskoetxea lan bikaina egiten ari da, Errabal azpizigiluaren bitartez, jazz proiektu berriak ezagutarazi eta zabaltzeko. Udan jazzaldiz jazzaldi ibili ondoren, jazz musikaz erabat ahazten den Euskal Herri honetan, miraria da hori.
Zafari Project da Errabal azpizigiluak kaleratutako disko berria. Zafari Projectek Debajazz lehiaketa irabazi zuen, eta garaipen haren ondoren etorri da disko hau. Be bop klasikotik abiatuta, laukotea hard bop doinuetan barneratzen da sarri. Oso maila ona dute abestiek.
Izan ere, jazz klasikoaren eta joera berritzaileenen arteko oreka nabari da laukote honen lanean: Thelonius Monk, Charlie Parker, Wayne Shorter, Bud Powell, Sonny Rollins, Brad Melhdau pianojolea bai, Zafari Project-ekoek nabari zaie badakitela nondik edan. Nondik zurrupatu, eta nondik ikasi: "Oso zaila da inguruan sortzen ari diren joera berriei begiak ixteak; ez genuke sekula horrelakorik egin nahi", diosku Marta Sanchez Zafari-kideak.
Entseguak, a ze safaria!
Meritua du Zafari Projecten lehen diskoak. Meritua, konposizioen mailagatik. Eta meritua, taldeko partaideek malabarismo handiak egin behar dituztelako taldearen entseguak, eta euren beste proiektuak uztartzeko.
Marta Sanchez pianista madrildarra da taldearen arima. Martak ondoan ditu Julio Botti saxojotzaile argentinarra, Hasier Oleaga bateria bilbotarra, eta Francisco Lopez kontrabaxu madrildarra. Distantziak eraginda, safari bat antolatzea baino zailagoa izan ohi da Safari Projecten entseguak antolatzea. Baina nolako Safari polita, gero!