Zabalik da XVI. Igartza Literatura Sorkuntza Bekaren deialdia

Zabalik da XVI. Igartza Literatura Sorkuntza Bekaren deialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-xvi-igartza-literatura-sorkuntza-bekaren-deialdia/@@download/image/igartza_1362043848.jpg
2013/02/28
berria
Kulturaren hedapena sustatu eta euskal idazle gazteen lanari babesa emateko helburuarekin, ekainaren 30era bitarte zabalik da Beasaingo Udalak antolatzen duen XVI. Igartza Literatura Sorkuntza Bekan literatura lanak aurkezteko epea.


Euskarazko eta jatorrizko narratiba lanak, eleberri zein ipuin-bildumak, aurkeztu daitezke Beasaingo Udalak CAF enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearekin elkarlanean, hamaseigarrenez abian duen sorkuntza bekaren deialdian. Partaidetza 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago, baina beti ere, egile berrientzat, hau da, aurretik publikaziorik egin ez dutenek soilik, izango dute parte hartzeko aukera.

Deialdi honetan interesa duen guztiak, 2-4 orri bitartean, kontakizunaren azalpena, 15-20 orri bitarteko idazlanaren lagina, eta egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua bidali beharko du kultura@beasain.net helbidera.

Epaimahaia Uxue Alberdik, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatuko dute, eta jasotako proiektu guztien artean hoberena aukeratuko dute irailaren 10a baino lehen eta dirulaguntza 6.000 eurokoa izango da.