Zabalik da Julene Azpeitia literatur lehiaketan parte hartzeko epea

Zabalik da Julene Azpeitia literatur lehiaketan parte hartzeko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-julene-azpeitia-literatur-lehiaketan-parte-hartzeko-epea/@@download/image/20127234587julene_azpeitia.jpg
2012/12/13
berria
Zabalik da Julene Azpeitia literatur lehiaketan parte hartzeko epea
Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuak Kutxaren laguntzarekin antolatzen duen literatur lehiaketaren 25. edizioa izango da aurtengoa. Zumaiar irakaslearen omenezko ekimenean parte hartu nahi baduzu, bidali zure lana irailaren 30a baino lehen. 

Literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz sortu zuten orain 25 urte Julene Azpeitia ipuin lehiaketa. Urtez urte, parte hartzaile ugari izan ditu Zumaian antolatutako lehiaketak, eta aurtengoan ere lanak bidaltzeko epea zabaldu dute jada.

Euskarazko lanak baino ez dira onartuko, gutxienez sei orrialdeko luzera eta gehienez hamabostekoa dutenak, eta originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Noski, ezin dira beste hizkuntza batean idatzi eta lehiaketarako euskaraturiko obrak aurkeztu. Gaia erabat librea da, eta parte hartzeko lau ale bidali beharko dira Zumaiako Udalera.

Epaimahaiak hautatuko ditu irabazleak, nahiz eta saria hutsik uzteko aukera ere izango duen, eta oraindik zehazteko dauden diru sariak banatuko dituzte garaileen artean.

Parte hartu nahi baduzu, bi hilabete dituzu idazlan txukun bat prestatu eta bidaltzeko.

Lanak aurkezteko


Idazlanak onartuak izan daitezen, honela bidali beharko dira:

Lau ale bidali honako helbidera:
Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua
Foruen Enparantza, 1
20.750 Zumaia
Gipuzkoa
Gutun azalean izenburua bakarrik jarri behar da, eta idazlearen izena ezin da inon aipatu.

Barrualdean, gutun batean gordeta, egilearen izen-abizenak, telefonoa, sinadura eta NANaren fotokopia aipatu behar dira.

Julene Azpeitia


1888an Zumaian jaio zen, eta irakasle lanetan aritu zen gaztetatik. Mexikora joan zen 1916an, eta bertan ere euskarazko testuak zabaldu zituen. Itzulitakoan berriro ere munduan atseginen zuen ofizioan jarraitu zuen, eta horrekin batera hainbat testu idatzi zituen.
1962an, hain zuzen, Euzkera jasotzea erabaki dogu idazlana aurkeztu zuen Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketara. Izenburuak berak dioen bezala, Julene ere euskara jasotzen eta hedatzen aritu zen bizitza osoan zehar, ipuin eta jolasen bidez haurrei irakatsiz, eta horregatik antolatzen dute bere omenezko ipuin lehiaketa.