Zabalik da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan izena emateko epea

Zabalik da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan izena emateko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-euskadiko-gazteak-lankidetzan-programan-izena-emateko-epea/@@download/image/irten_zure_burb_1389603948.jpg
2014/01/13
berria
Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren ekimenez, gazteen artean elkartasuna sustatu eta garapen ekintzen inguruan sentsibilizatu daitezen, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan abiatu dute. Izena emateko epea otsailaren 24ra bitartekoa da.


20 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduriko programa da Euskadiko Gazteak Lankidetzan. Amerika, Asia eta Afrikako herrialdeetan gauzatzen diren garapenaren aldeko ekintzetan parte hartzeko aukera eskaintzen die urtero gehienez ere 100 laguni, beti ere, tokian tokiko GKEen laguntzaz, uztailetik urrira bitarte, eta bide batez, elkartasuna eta sentsibilizazioa bezalako baloreak gazteengan indartzea du helburu.

2014ko kanpainan izena emateko epea otsailaren 24ra bitarte izango da zabalik, eta formulario elektronikoa Sarearen bidez bete eta helarazi beharko da. EAEn erroldatutako gazteek soilik izango dute parte hartzeko aukera, eta 90 euroko kuota ordaindu beharko dute.

Aukeraketa
Epea itxitakoan, aukeraketa prozesua abiatuko du Hautapen Batzordeak, hiru fase izango dituena: lehen fasea 170 lagunek igaroko dute, eta haien titulazio akademikoak, garapenerako lankidetzan izandako prestakuntza, GKEetan eginiko borondatezko lana eta helburu sozialeko elkarteetako kide diren ala ez hartuko du kontuan batzordeak. Bigarren fasera igaroko direnen zerrenda martxoan ezagutaraziko dute.

Segidan, 170 lagun horiek hiru eguneko egonaldia egin beharko dute nahitaez Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan. Lekua eta data oraindik jakinarazi ez dituzten arren, gazteek eroso egoteko arropak eraman beharko dituzte. Eta egonaldiaren ostean, 100 lagunen izen-abizenak argitaratuko ditu batzordeak, baita erreserban geratuko diren beste hamar gazteenak ere.

Azkenik, hirugarren fasean, gazteek parte hartuko duten proiektuen inguruko hiru formazio jardunaldi eskainiko dizkiete; apirilean izango dira. Eta horiek gaindituta, prest izango dira uda partean atzerrira joan eta sekula ahaztuko ez duten esperientzian murgiltzeko. Animatu!