Zabalik da ACT Jaialdian parte hartzeko epea!

Zabalik da ACT Jaialdian parte hartzeko epea! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-act-jaialdian-parte-hartzeko-epea/@@download/image/act_1386664134.jpg
2013/12/10
berria
Nazioarteko Eszena Sortzaile Berrien Jaialdia ekainaren 2tik 7ra bitarte egingo dute aurtengoan Bilbo eta Barakaldon, eta beronen baitako Lehiaketan parte hartu nahi duten artista berriek urtarrilaren 20ra bitarteko epea dute izena emateko.


International Young Makers in Transit izeneko Europako jaialdi sarearen baitako festibala da ACT, urtero-urtero, uda hasi aurretik, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiaren ekimenez Bilbo eta Barakaldon antolatzen dena. Sortzaile berriak prentsa, programatzaile, zuzendari, kide eta aktoreekin harremanetan jartzeaz gain, arte eszenikoetako profesionalen eta eskolen arteko topagune ere bada jaialdia, eta mundu profesionalaren eta formakuntzaren arteko zubia eraikitzen du.

Beronen baitan hainbat atal bereizten dira: sortzaile berrien lan laburren Lehiaketa; Dantzine zirkuitua, ohikoak ez diren bideo sormenak ikusarazteko aukera eskaintzen duena; Egitarau Pedagogikoa, ikastaro eta hitzaldiak biltzen dituena; eta ACTmosfera, artista eta programatzaileen arteko eztabaida eta topaketa espazioa.

Hartu parte Lehiaketan!
Honenbestez, datorren urteko ekainaren 2tik 7ra egingo duten edizioko Lehiaketan parte hartu nahi dutenek ez dute denbora galtzeko tarterik. Dantza, antzerkia, keinuak, zirkua… oinarri dituzten lanak prestatu behar dituzte, gehienez ere 30 minutukoak, eta beronen bideoa Sarera igotzea izango da egin beharreko lehen gauza. Halaber, kalitate oneko argazki pare bat atera beharko dituzte emanaldia egin bitartean.

Ondoren, bideoaren lotura, argazkiak eta betetako formulario act@bai-bai.net helbidera bidali beharko dituzte, eta guzti hori biltzen duen DVDa ere ondorengo helbidera iritsarazi beharko dute urtarrilaren 20a baino lehen:

ACT Festivala – 181 PK
48900 Barakaldo – Basque Country
Spain


Gaian aditua den epaimahaiak jasotako lanen artean aukeraketa bat egingo du, eta hautatutako lanak ACT jaialdiaren egitarauaren baitan aurkeztuko dituzte sortzaileek. Antolatzaileek otsailean jakinaraziko dituzte hautaketak. Beraz, ez aukera galdu!