Z belaunaldia erosketak egiteko modua aldatzera dator

Z belaunaldia erosketak egiteko modua aldatzera dator Z belaunaldia eta jasangarritasuna aztertzen dituen txosten bat burutu du Mazzin aholkularitza erakundeak. Bertan, belaunaldi honek, kontsumo modelo berriak nola planteatu dituen aztertzen da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/z-belaunaldiak-erosketak-egiteko-modua-aldatzera-dator/@@download/image/1569843678_323696_1569843776_noticia_normal.jpg
2021/08/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Z belaunaldia eta jasangarritasuna aztertzen dituen txosten bat burutu du Mazzin aholkularitza erakundeak. Bertan, belaunaldi honek, kontsumo modelo berriak nola planteatu dituen aztertzen da.
Z belaunaldia erosketak egiteko modua aldatzera dator

Z belaunaldia 1994 eta 2010 urteen artean jaiotako gazteak dira. Eurei buruz jada gauza asko ezagutzen ditugu: belaunaldi erabat digitala dira, kezkatuak daude klima aldaketa dela eta, feminismoa aldarrikatzen dute eta beste zenbait gai sozialez ere arduratzen dira, hiperkonektatuak daude eta aurreko belaunaldiak baino irekiagoak dira. 

Lanari dagokionez, ekoiztu, ekoiztu eta ekoiztu kontzeptua ez dute partekatzen. Pertsona bezala haziko dituen lanpostu bat nahiago dute, gustuko dutena egitea ahalbidetzen diena eta motibatzen dituena.

Mundua ulertzeko modu honek euren kontsumo ohituretan ere eragiten du. Honela, markak gehiago baloratzen dituzte eta gehiago erlazionatzen dira eurekin. Beraz, erakunde tradizional handiek kontuan hartu beharko dituzte horrelakoak belaunaldi honengana iritsi nahi badute. 

Jasangarritasuna helburu bezala
Z belaunaldiaren interesen artean ingurumena dago. Kontzientzia ekologiko indartsua dute beste belaunaldiekin alderatuta. Hori bai, adituek diotenez oso modu bigunean dute kontzientzia hori, nahi dutenean kontzientziatzen dira eta oso garrantzitsua da, baina gero edonora joateko hegazkina hartzen dute, adibidez. 

Argi dago hala ere, kontraesanak belaunaldi guztietan egon direla, beraz, eurak ez dira gutxiago izango. Euren nortasuna eta identitatea eraikitzen ari dira, nahi dutenaren bilaketan, ongizatea xede dutelarik. 

Alabaina, txostenaren arabera, jasangarritasunaren bilaketan, kontraesanak dauden arren, noizean behin produktu ekologikoak erostetik harago doa belaunaldi hau. Kontziente dira ez direla 100% jasangarriak, hausnarketa prozesua bizi dute pandemian, eta horrek ekologismoaren inguruko kontzeptua barneratzen lagundu die ondoren ekintzara pasatzeko. Ikerketaren arabera, zeta belaunaldiko %68k jasangarria den ohituraren bat txertatu du pandemian zehar. %62ak baieztatzen du jasangarritasunaren inguruan modu autodidaktan ikasi duela sare sozialen bidez edota streaming plataformekin. 

Aldi berean, kontziente dira jasangarritasun goren hori lortzea epe luzerako eraldaketa prozesu bat dela, pazientzia, jakintza, norbere burua ulertzea (kontraesanak onartzeko) eta kolaboratzioa eskatzen dituena. 

Bizitza ulertzeko modu berri bat
Pandemiaren ondorioetako bat belaunaldi honen pentsatzeko eta egiteko moduan euren bizi erritmoaz kontziente egitea izan da. Denbora ez edukitzearen beldurra galdu dute, nolabait. Balore ezberdinak dituzte. Beste belaunaldietan arrakasta oinarrizko balorea zen eta hori diru asko irabaztea zen gehienentzat edota erakunde on batean egotea. Orain, baloreak beste batzuk dira, arrakasta proiektu propio bat martxan jartzea izan liteke. 

Jasotako datuen arabera, Z belaunaldiko gazteen %66.3k nahiago dute euren proiektu propioan lan egin, beste batentzat baino, eta %81ak lehentasuna ematen dio bere lana gustatzeari diru asko irabazteari baino. Diruagatik bakarrik lan egitearen ideia ez dute gustuko, beraz. Bizitza osorako lan berdinean aritzearena ere ez zaie gehiegi gustatzen, ezegonkortasunera ohituta dagoen belaunaldia dira. Bikote harremanetan ere berdin, bizitza guztirako elkarrekin egongo direla pentsatzeak urduri jartzen ditu. 

Horrek, euren kontsumo jokabidean ere aldaketak ekarri ditu. Orain arteko kontsumoak erostera eta erostea bultzatzen bagintuen, egungoak, Z belaunaldiak planteatzen duenak, hausnarketa bat dakar erosi aurretik. Beharbada ikusi eta berehala produktua erosteko bulkada izaten dute, baina klik egin aurretik benetan behar al dut? galdetzen diote euren buruei. 

Gainera, belaunaldi honetako gazteen %69ak pentsatzen du geroz eta marka gehiago arduratzen direla produktu jasangarriak sortzeaz, eta ikerketarako galdetegia pasa zitzaien gazteen %83ak uste du erakunde txikiak jasangarriagoak direla. Zentzu horretan, oinarrietara itzultzearen hautua egiten dute, funtsezkora, batez ere moda eta elikadura arloari dagokionez. Beraz, erakunde tradizional handiek, handi izaten jarraitu nahi badute greenwashing-a alboratu eta benetako produktu jasangarriak egiten hasi beharra dute, Z belaunaldiak argi du eta zein den bidea!