Yoga eta meditazioa; egoa puzten ote dute?

Azken urteetan izugarri zabaldu dira Mendebaldean yoga eta meditazioa praktikatzeko ohitura; moda bihurtu dela ere esan genezake. Diziplina horiek budismotik zein hinduismotik datoz; budismoak, jatorrian behintzat, anatman doktrina irakasten du, hau da, ni independentearen eza, eta mahayanaren kasuan, argialdia lortzeko metodoa. Hinduismoaren kasuan berriz, ahamkaram dotrinak irakasten du benetako nia ez dela indibiduala, unibertsala baizik. Beraz, praktika hauek egoa baretzeko balio beharko lukete. Teorian eta ondo praktikatuta.
Gaizki irakatsita ordea, kontrako efektua eragin dezakete, eta mendebaldean asko gertatzen den fenomenoa da. Southamptoneko Unibertsitatean egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez, aztertutako yoga praktikanteek self-enhancement (egoaren handitasuna) maila altua zuten; beste modu batean esanda, ingurukoak baino hobeak sentitzen ziren.
Dena den, ikerketa honen ondorioak ulertzeko, argi izan behar dugu aztertutako pertsonak ez zirela yoga edo meditazio irakasleak, soilik klaseak jasotzen zituzten ikasleak baizik. Gehienek, praktika hauek fitness moduan ulertzen dituzte, exotismo puntu batekin. Ondorioz, halako diziplinak dagokien filosofia eta etika gabe, hankamotz gelditzen dira, eta ez dute bilatutako emaitza eskaintzen. Chögyam Trungpa maisu budistak adierazi zuen moduan, materialismo espiritualaren negozioa besterik ez da.