Xelebre Press: lehiaketa mundiala

Xelebre Press: lehiaketa mundiala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xelebre-press-lehiaketa-mundiala/@@download/image/40p31-1.jpg
2004/04/02
erreportajea
Makina bat berri xelebre jaso dugu GAZTETXULOn, Xelebre Press lehiaketa dela-eta. Ez du lan erraza izan epaimahaiak, baina hemen dituzue saritutakoak. Fertxu Izquierdoren "Ibarretxek punk ministerioa sortuko du" lana izan da garaile, albisteen atalean. Beste batzuek ere merezi zuten. Hona hemen lan batzuk.

Punk ministerioa sortuko du Ibarretxek
Gure eskuetara, Ibarretxe plan polemikoaren testu osoa iritsi da. Testu horretan, oraindik jakitera eman ez diren hainbat gauza aurkitu ditugu. Guk jakin dugunez, plan honen helburuetako bat, Eusko Jaurlaritzan "Punk ministerioa" osatzea da. Hona hemen, zentsurarik gabe, Jaurlaritzako aholkulariek idatzitako txostenaren zati batzuk:

"Punk ministerioa sortzearen helburua, Jaularitzaren irudia gaurkotzea litzateke. Azkeneko inkesten arabera, gazteek politikaz paso egiten dute, beraz, egoera honi aurre egiteko, apustu galantak egiteko tenorea iritsi zaigu. Punk ministerioko buru izateko, Anasagasti jauna proposatzen dugu. Anasagasti pertsonarik egokiena iruditu zaigu. Baina, noski, horretarako, haren itxura aldatzeko prozesua egin beharko genuke. Guk eman beharreko pausoak aztertu eta argi ikusi ditugu: Anasagastik dituen lau ile horiek tente jarri, berdez tindatu, eta larruzko txupa bat jantzi. Noizean behin, telebista kameren aurrean, korroskada pare bat bota, baita puskerraren bat ere, eta prentsaurrekoak litrona batekin eman ditzala.

Dena den, Punk Ministerioari seriotasuna emateko, behar beharrezkoa da kale lana egitea. Horretarako proposatzen dugun pertsona Atutxa da. Atutxak lan zailena egingo luke, herriz herri, tabernaz taberna joatea, eta merezi duten tabernei punk labela ematea. Label hau emateko, kontuan hartu behar da tabernako musika ozena eta zaratatsua, komunetako pintadak eta zikinkeria, eta ardo gorria arrunta baino txarragoa izatea. Eta noski, seriotasuna eman nahi badiogu, Atutxak taberna guztietan ardo pare bat dastatu beharko luke. Gure hiriburuetako aste nagusietarako orkestrak kontratatu ordez, egungo talderik punkarrenak kontratatuko genituzke. Eta litronaren aldeko kanpaina ere egin beharko genuke. Leloa erraza da, beste kanpaina hartakoa berreskuratu besterik ez dugu egin behar, badakizue; "litronarik gabe, atsedenik ez". Baita ere, jakin dugunez, Madril eta beste lekuetan, rock taldeei kaleak eskaini dizkiete —AC/DC, kasu—. Guk aurrerapausoak emango genituzke, eta kaleak baino gehiago, gure punk taldeei herri osoa eskainiko genieke, esaterako; Irungo sarreran, Irun jartzen duen txartelaren alboan "Vomito"ren herria jarriko genuke, Santurtzin "Eskorbuto"ren herria, Mutrikun "Delirium tremes"en herria, Arrasaten "Rip"en herria, eta horrela. Gure ikerketen arabera, horrelako neurriak hartuz gero, euskal gazteriak, zalantzarik gabe, gure alde bozkatuko luke hurrengo hauteskundeetan
".

Ba bai, hauek dira jeltzaleen azken asmoak. Arzalluz joan eta arreta eurenganatzeko zer egin ez dakite morroi hauek.

Lakuako sotoetatik, Gaztetxulorako K. G. B. (Kazetarik Gabeko Bala-bala)


Epailearen Iritzia
: Epaimahaiak lan hau saritzea erabaki du, KGBk GAZTETXULOrentzat eginiko ikerketa lan sakona kontuan hartuta. Ikerketaren ordain gisa, home cinema zoragarri bat eskuratuko du Fertxu Izquierdok. Zalantza bat piztu digu, ordea, berri honek: Nafarroan ere UPNk irudi berritze kanpaina martxan jarriko al du? Jaime Ignacio Del Burgo ikusiko al dugu larruzko jaka jantzita? Miguel Sanzek, 'Agur Jaunak' dantzatzeaz gain, pogoak ere dantzatuko al ditu?

Athletic "Zortziak bat"plataformarekin
Hasi berri dugun urtearekin batera, politika mundua are eta aztoratuagoa  ageri zaigu. Ideia berriak, hauteskunde programa erakargarriak eta antzeko promesak nagusi diren honetan, Athletic Club futbol taldeak bere jarrera ofiziala ezagutarazi nahi izan du prentsaren aurrean.

Zurrunbiloa, ordea, pasa den astean hasi zen; Errioxako hiritar talde batek 'Zortziak bat' plataforma sortu zuenean. Eskainitako prentsaurrekoan, euren xedeak argi eta garbi azaldu zituzten: "Pascal Maragallek azalduriko 'Euro-erregio' terminoari atxikiz, guk ere halako zertaiten aldeko postura azaldu nahi dugu. Maragall jaunak ipar eta hego Katalunia batu nahi dituen bezala; guk Errioxa Euskal Herrikobeste 7 probintziekin batera Europan ikusi nahi dugu. Azken finean, guretzako Errioxa Euskal Herriaren parte da, eta 8 probintziek bat eginik botere politiko handiagoa izango luketela sinesten dugu. Gure 'Euro-erregio'-ak 8 probintzia bateratu izan ditzan nahi dugu".

Azalpen bitxi honen ostean, Bilboko Athletic Club futbol taldeak prentsa ohar batean "atxikimendu osoa" azaldu nahi izan die Errioxako biztanle hauei. Ondorengo hitzetan, arrazoiak zehatz-mehatz azaldu ditu: "Guk betidanik sentitu izan dugu Errioxa gure hurbileko zerbalt bezala, 'Arabar Errioxa' terminoa, adibidez, gure artean oso erabilia da. Esan beharrik ez dago, gure kirol filosofiarekin bat egiten jakin dutela gure taldean aspalditik dabiltzan errioxar jokalariek, besteak beste, Aranzubia eta Ezkerrok. Euskaldunen eta errioxarren arteko harremanak hain estuak dira, ezen gure jokalari errioxar biek abizen euskaldunak dituzten. Bestalde, pilota partidetan ''l'itin txapeldun', 'Capellan onena' eta horrelakoak sarri irakur daitezke gure frontoietako pankartetan. Hau dena gutxi balitz, Errioxako lakuetan estropadak antolatzen hasiak dira, eta aizkora eta sega apustuak gero eta maizago ikusten dira paraje haietan… Beraz, gure etorkizuneko proiektu bezala, errioxarren euskalduntasuna aldarrikatu nahi dugu; gure kluba indartzen jarraituko duten errioxarren laguntzaz".

Esana dago. Realak, bestalde, ez du bere postura azaldu, baina bere etorkizuna "beste parametro batzuetan jokatzen dela" esan du prentsa ohar batean.

Epaimahaiaren Iritzia
: Ez du ez lan makala izan epaimahaiak. Zortziak Bat-i buruzko albiste hau lehia bizian aritu da, eta ozta-ozta ez da gailendu. Horregatik, opari sorta bikaina igorriko diogu Zortziko-ri. Bigarren postu honek, gainera, meritu ederra du, epaimahaikideen artean zenbat realzale eta osasunazale dagoen kontuan hartuta, bereziki. Aupa Athletic espansionista!

Rajon-en neurriak
Atxiloketa kanpaina bultzatu nahi dute, eraso "terroesoterista"rekin amaitzeko —hau da, "esoterikoak" dira, ez dira ikusten, baina existitzen dira, eta badaezpada… prebentzio neurriak hartu behar dira; eta ez dira kondoiak!—. Horregatik euskal kulturaren sinboloak espetxeratzea bururatu zaie —orijinalak, hi!—.

Euskaldun zaharrak: kontutan hartuz Franco duela 25 urte hil zela pezeta bat irensteagatik —ai, txokolatina kamuflatuak!—, eta bere garaian euskara debekatua zegoenez, 25 urtetik gorako euskaldunak kartzelara joango dira, garai hartako legeak ez betetzeagatik.

Harrijasotzaileak: morrosko hauek 200 kilo baino pisu handiagoko harriak hartzen eta altxatzen badituzte, seguruena gero harria botako dute. Beraz, argi dago Kale Porrota mugimenduko partaideak direla.

Pilotariak: ez konfunditu Pitolariakekin. Hauek Kale Porrotaren mugimenduaren lehenengo lerroetan egoten dira. Pilotari bai eskuz, bai saskiz ematen badiote, pentsa zenbat pilota bueltatuko dituzten karga polizialetan!

Aizkolariak: mendian enborra mozterakoan suge bat agertzen bada, argi dago terroesoterismo-aren apologia egiten dutela eta beraien sinboloak zabaltzen dituztela.

Arraunlariak: puntu honetan zirriborroa ezabatzen da, baina auskalo zer egin duten arraunlariek!

Adi egon ba, Audientzia Nazionalaren zozketetan... agian hurrengoa zu izango zara saritua bidai polit batekin Estatuko edozein gartzelatara. Janaria eta ohea doan!! A zer txolloa!

Epaimahaiaren Iritzia
: Julen Etxegarairen lantxo hau ere saritzea erabaki du epaimahaiak, lan honekin, eta baita bidalitako beste batekin ere, buruari ederki eragin diolako. Gainera, atxilotuak izan daitezkeenen zerrendan ez ditu ez GAZTETXULOko kazetariak ez irakurleak sartu, eta hori ere eskertzekoa da.

10 sekretu ligatzeko
1- Ez jan inoiz muki pilotatxoak neskaren aurrean.
2- Ez erabili inoiz neskaren aurrean pus, arkakuso, kaka eta pirritroste hitzak.
3- Ez galdetu inoiz pisua, adina eta neurriak.
4- Ez granoak inoiz apurtu neskaren aurrean.
5- Ez gelditu adurra dariola bere aurrean.
6- Zerbait egin aurretik izena galdetu.
7- Gustatzen ez zaion gauza bat egiten baduzu eta zaplaztekoa jotzen badizu, "ez naiz ni izan" esaldiarekin erantzun.
8- Lehen muxua ematen dizunean, gogoratu egun horretan haginak garbitu dituzun.
9- Hobeto, beti, mozkortuta izatea.
10- Ez zaidanez gehiago bururatzen, agur eta probetxu ona izan dezazula.

Epaimahaiaren Iritzia
: Duela urte batzuk GAZTETXULOk ligatzeko 10 mandamentuak kaleratu zituen, eta oraingoan Iñigo Arruabarrenak, Iñaki Pelaezek eta Jokin Urizarrek hamar gomendio helarazi dizkigute. Idatz makinari, ordenagailuari eta beste edozein aurrerapeni bizkar emanda bidalitako gomendioak dira, gainera. Egileei ligatzeko sekretu hauen eraginkortasunaz datuak eskatzeko gogoz geratu zen epaimahaia.



1-  Buruari eragin dio Ane Undurragak eta montajetxo hau egin digu. Buruari eragin eragin dio, baina burua beti leku berean… Hau da hau marka! Oraingoan home cinema bat eskuratuko du Anek.



2- Argi dago Asier Biurrun zertan pentsatzen ari zen argazkia egin zuenean. Politikoki ez zaigu oso zuzena iruditu argazkia, baina kalitate onekoa denez, eta batez ere, lagunak horrelako piurarekin atera dituenez, saritzea erabaki du epaimahaiak.



3- Argazki honek "Azterketa garaian" du izenburu. Hirugarren saria eskuratu du, baina, berez, argazki sorta bat saritu nahi izan du epaimahaiak: Arkaitz Errazkinek bidalitako sorta. Izan ere, Arkaitzek familia eta lagun guztiak erabili ei ditu modelo gisa, eta batzuk ikusita, argitaratzen ere ez gara ausartu! Hori bai, argazkietako batean ageri den emakumearentzat tanga bat helaraziko diogu Arkaitzi. Gainera, Berlin hiritik bidali dizkigu argazkiak, eta pozgarria iruditu zaigu GAZTETXULO Europan barrena ibiltzea.



4 - Nerea Alustizak igorri digu argazki hau. Antza, "Txatxu" du izena argazkiko lagunak, eta bere aurpegia ikusita, saria Nereak baino "Txatxu"-k merezi duela uste du epaimahaiak.