Xabier Sagasta: "Musikaren unibertsoa inspirazioa da niretzat"

Xabier Sagasta: "Musikaren unibertsoa inspirazioa da niretzat" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-sagasta-musikaren-unibertsoa-inspirazioa-da-niretzat/@@download/image/xabier_sagasta__1385479775.jpg
2013/12/05
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena, Irudiak: Xabier Sagasta
Haurra zela, irudiekin maitemindu zen Xabier Sagasta (1982, Gasteiz). Oroitzapen samurra du, orduak ematen zituen etxean biniloen marrazkiak dastatzen. Egun, ttikitan miretsitakoari jarraipena emanez, irudien bitartez komunikatzea maite du gehien.


Hasi aurretik, nola definitzen duzu zure burua?
Formakuntzaz arkitektoa naiz. Prestakuntza horri garrantzia handia ematen diot, ikuspuntu bati eta orri zuri bati aurre egiteko lan-dinamika bat eman didalako. Marrazkia dut komunikatzeko hizkuntzarik gogokoena. Ez soilik arkitekturaren esparruan, ilustrazio-lanetan ere aplikazio zuzena aurkitu diot. Komikigintza potentzialez betetako medio oso interesgarria iruditzen zait. Lan asko eskatzen du osoki menperatzeak, baina aukera asko ikusten dizkiot irudien bitartez komunikatzeari.

Lan eremu horien guztien aurrean zein da zure jarrera?
Proposamen interesgarri orotan murgiltzea eta ahalik eta lanik txukunena egitea –irriz–.

Tira, gaztetxoa zinenean gerturatu zinen artearen unibertsora. Zerk erakarri zintuen?

Irudiek. Hizkuntza grafikoak orokorrean eta marrazkiak, bereziki, erakarri naute betidanik. Zaletasun horren eskutik dator nolabaiteko abileziaren bat eta, ondorioz, norabide horretan garatzeko gogoa. Txikitatik irudien bitartez kontatutako istorioak barneratu ditut errazen.

Goazen azken proiektuetara. Zeuk egin zenuen marrazki txiki batetik jaio zen Itzal Itzazu Argiak proiektu musikatua. Nondik nora doa?
Denbora-pasa gisa, eta beste anbiziorik gabe egindako marrazki batetik jaio zen. Gau-eszena bat aurkezten nuen, iluntasunaren erdian agure bat bere etxeko atarian eserita, landa-lurren eta hiriaren ertzean. Bluesak eskaintzen zidan irudietako bat zen hori eta, ariketa errepikatzeko gogoz, Joseba B. Lenoir musikariari proposatu nion blues tradizionalaren aukeraketa bat egiteko, bertan esaten ziren mito, gertakari eta kontakizunak marrazteko aitzakia gisa.

Berak egin zituen lehen doinuak, baina gerora, musikari gehiagok ere parte hartu dute.
Bai, Josebak pare bat bertsio grabatzeaz gain proiektua borobilduko zuen ideiarekin egin zuen topo. Hau da, Euskal Herriko musikari gehiagori eskaintzea blues kanten bertsioak grabatu eta proiektuaren parte bilakatzeko aukera. Bluesak sortutako mitologiaren berrikuspen grafiko-musikatu bat garatzea da gure erronka.

Orain zertan da?
Komikiaren bigarren alea Napoka Iriak grabatu zuen eta, momentu honetan, MobyDickek dihardu bere bertsioetan lanean nik kanta horiek lagunduko dituzten komiki laburrak eta irudiak egiten ditudan bitartean. 2014an zehar askoz kanta gehiago grabatu eta marraztea da helburua.

Marrazketari dagokionez, teknika desberdinak erabiltzen dituzu. Zein maite duzu gehien?
Boladaka teknika gustukoenak aldatzen doaz, enkarguen arabera. Azkenaldian, zuri-beltzean garatutako marrazki marratua da gehien landu dudana baina, noizean behin, horretatik irtetea ere beharrezkoa zait. Lan berri baten abiapuntu bezala teknika berriak esperimentatzea interesgarria iruditzen zait.

Adibiderik baduzu?
Itzal Itzazu Argiak proiekturako MobyDickek grabatutako lehen bertsioa Blind Willie Johnsonen Dark Was the Night, Cold Was the Ground da. 1927an bluesman itsu batek sortutako pieza hunkigarria. Horren harira, komikiko orriak erliebedun objektu modura ulertu ditut, eta kartoizko xaflatan basoak, urtegiak eta gaua zizelkatu ditut. Musikaria marrazki hau irakurtzen imajina dezaket horrela, arrasto horien gainetik atzamarrak pasatuz…

Teknologia berrien abantailak ere erabiltzen hasi zara azkenaldian. Funtsezkoa deritzozu?
Marrazkiak sortzeko prozesuan ordenadorea eta tresna digitalak gehitzen noa poliki-poliki, askatasun handia eta aukera asko eskaintzen dituen mundu zabala baita. Sarea, bestalde, lana erakusteko, jendearen erantzunak jasotzeko eta sortzaile gehiagorekin kontaktuan egoteko lanabes itzela iruditzen zait.

Azken hilabeteetan erakusketak ere egin dituzu, nola joan zaizu?
Primeran, erakusketek beti balio dute jendea bertatik bertara ezagutu eta proiektu berriak martxan jartzeko. Zenbaitetan, espazio berezi bat sortzeko aukera ere ematen dute.

Sareak eskaintzen dituen abantailak kontuan hartuta, erakusketek pisu berdina dute egun?
Erakusketaren arabera. Jatorrizko marrazki eta pinturak, eskulturak edota ikus-entzunezko ikuskizunen erakusketak direnean, Internet bidez ikusi daitezkeen argazki edo bideoak ezin daitezke konparatu bertatik bertara bizitako esperientziarekin.

Marrazkien edukiei dagokionez, zein dira zure inspirazio iturri nagusiak?
Inspirazio iturriak hiriko biztanleak dira niretzat. Gainera, marrazkietan 70 eta 80ko hamarkadetan kultura herrikoiak sortutako mitoak jasotzen ditut sarritan, egungo gizarteak erabat barneratuta dituenez, ikuslearengan berehalako erreakzioa ziurtatzen dutelako.

Marrazkilaritzaz haratago ere bazoaz eta muntaiak ere egiten dituzu. Betidanik uztartu al dituzu biak?
Muntaiak arkitektura mundutik jasotako tresnak dira. Proiektuen garapenerako erabiltzen diren maketetan daukate beren jatorria, eta arkitektura efimeroaren inguruko ariketa batzuetarako erabili izan ditut. Kontzertuetako eszenografia modura, adibidez.

Ilustrazioetara bueltatuta, musika talde baten baino gehiagoren diseinuak egin dituzu azken urteotan...
Musikazalea izan naiz beti, eta eszenatokiaren beste aldea pixka bat ezagutzeko aukera gisa ikusi ditut lan horiek. Gainera, musikaz gain diskoak berak, objektu fisikoak liluratzen nau, eta bere produkzioaren parte izateak bereziki pozten nau.

Zure ibilbidea bereizgarritzen du musika eta artea behin eta berriz uztartzeak. Noiz hasi zinen eta zergatik?
Haurtzarotik gordetzen ditudan oroitzapen argienen artean daude nire gurasoen diskoen azaletako batzuk. Binilo-karpeta horietan agertzen ziren irudiek tamaina perfektua zeukaten, bi eskuekin hartu eta ilustrazio edo argazkietan murgildu zintezkeen. Niretzat, barruan zeukaten musikaren aurkezpen paregabea suertatu ziren. Beraz, aukera izan dudanean, txikitan miretsitako horri jarraipena emateari ezin izan diot ezetzik esan.

Zenbateraino zaizu musika inspirazio iturri?
Egunean zehar etengabe dut disko bat jarrita. Musikaz haratago ere, musikaren unibertsoa inspirazioa da niretzat, heroi eta, bereziki, anti-heroien agerpenerako saltsa paregabea baita.

Bartzelonak zer eman dio zure ibilbideari?
Pauso bat gehiago. Ezagutu dudan herri orok eskaini dit zerbait aberasgarria. Bartzelona hiri ikusgarria da, eta ezagutzak partekatzeko gogo handia duen jende interesgarri asko ezagutzeko aukera ematen du.

Marrazkigintzaz haratago, arkitektura masterra bukatu berri duzu Bartzelonan eta orain doktoretza egiten ari zara. Nondik nora doa zure tesia?
Autopista urbanoen ikerkuntzan ari naiz. Zehazki, Bartzelona inguratzen duen errepide-sarean. Azpiegituraren eta hiriaren arteko harremana dut ardatz, eta egoera horietan ematen diren ertzetako espazioak aztertzen ditut.

Zergatik aztertzen duzu hori?
Errepidea ibilbide bezala, paisaia-sekuentzia bat biltzen duen espazio gisa nahiko nuke ikertu. Azpiegituraren, hiriaren eta lurraldearen arteko gainjartzea. Ibilbide eta gainjartze horretatik abiatuta, eraikuntza-plano teknikoez haratago, hiriaren konplexutasuna bilduko lukeen mapa edo kartografia marraztea dut jomuga.

Proiektu berriek argia ikusten dute behin eta berriz zure ibilbidean. Etorkizunari begira, aurrerapenik egiterik baduzu?
Komikigintzari dagokionez, Itzal Itzazu Argiak proiektua martxan da eta bide luzea du aurretik. Bestalde, pare bat gidoilarirekin ari naiz lanean nobela grafiko edo komiki luzeagoei forma ematen, baina goizegi da ezer aurreratzeko. Edozein kasutan, gogotsu hartu dut niretzat berria den erronka hori, idazle batekin batera zerbait erdibana sortzearena.