Xabier de la Maza: "Musika Parkeanen eboluzioa ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu"

Xabier de la Maza: "Musika Parkeanen eboluzioa ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu" Igande honetan, hilak 16, Miramarreko Jauregian egingo dute urteko lehen saioa; zuzendariarekin gauza anitzez hitz egin dugu, baita eguraldiaz ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-de-la-maza-musika-parkeanen-eboluzioa-ezagutzera-gonbidatu-nahi-zaituztegu/@@download/image/musika-parkean (2).jpg
2017/07/14
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Igande honetan, hilak 16, Miramarreko Jauregian egingo dute urteko lehen saioa; zuzendariarekin gauza anitzez hitz egin dugu, baita eguraldiaz ere.
Xabier de la Maza: "Musika Parkeanen eboluzioa ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu"

Zabaldu da plana: igandean, hilak 16, 19:00etatik 00:00ak arte egingo dute Musika Parkeanen urteko lehen saioa, Donostiako Miramar Jauregian. Berritasunekin datoz; besteak beste, aukera gastronomiko anitz eskainiko dituzte. Horrekin batera, Bi Dj, etxeko abeslari gazte bat, eta John Berkhout taldea ariko dira. 2010ean hasi zen Musika Parkean, eta azken urteetan eguraldia lagun izan ez badute ere, proposamen politekin datoz temati; beti bezala, zuzeneko musika, laukidun maindireak, otarrak, sandwichak eta edariak lorategian zabaltzeko eskaintzarekin eta hiriko parkeak aisialdi kulturalerako txoko izan daitezen aldarrikatzeko. Gipuzkoako Foru Algundiaren Kultur Sailaren kolaborazioari esker, ekitaldia probintziako beste parke batzuetara zabalduko dute aurten, oraingoz non izango den argitu ez badute ere. Xabier de la Maza Musika Parkeanen zuzendariak hainbat kontu aurreratu dizkigu. Gogoratu beraz, zapaldu belarra!

 

Iganderako eguraldi ona eman dute. Aurrikuspena beteko al da?

Badirudi baietz, asteburu honetan eguraldi bikaina izango dugula. Azken bi urteetan zorte txarra izan du Musika Parkeanek eguraldiarekin, baina egia esan, hiri honetan parkeetan zerbait antolatu nahi baduzu, argi izan behar da hori izango dela oztopo nagusia. Horregatik, esango nuke antolatzaileok ikasi dugula behar bezala erantzuten eguraldiaren ezustekoei. Hasi ginenean, asteburu batetik bestera pasatzen genuen zita, eta noski, beharbada musikariek ezin zuten, eta beste batzuk presaka bilatu behar... Azken urteetako zorte txarrak hausnarketa egitera eraman gaitu, eta aurrerantzean, halako egoerei azkarrago eta hobeto erantzuteko prest gaude, data alternatiboak planteatuz eta malgutasun handiagoz jokatuz. Beraz, gure aurrikuspena honakoa da: jendeak orain arte bezala erantzuten badu, kalitate handiko esperientzia biziko dutela ziurtatzen diegu.

 

Sorpresa handia hartu dugu zuen ezusteko iragarpenarekin. Aurrerantzean agenda ez al duzue argitaratuko?

Sorpresa izan da, alde batetik bagenuen zirrara sortzeko helburua, baina azken uneko agenda aldaketek ere behartu gaituzte sekretismo pixka batekin ibiltzea. Dena den, gainontzeko ekitaldiak denboraz argitaratuko ditugu.

 

Aurten Donostiatik irteteko asmoa duzue.

Hala da; iraila bukaera arte, beste lau edizio egingo ditugu, eta horietatik hiru inguruko herrietan izango dira. Oraindik ez ditugu lekuak zehaztu, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu gaituenez, aukera paregabea ikusi dugu proposamena inguruetara zabaltzeko. Haiei eta Kristina Enea Fundazioari esker, independentzia handia lortu du Musika Parkeanek, eta ekitaldietarako datak ere moldatzeko aukera izango dugu aurten.

 

 

Ze beste berritasun prestatu dituzue?
Aurreko edizioetako denboraldi eta formatoarekin apurtu nahi genuen; kontuan hartu Musika Parkeanen edizio bakoitza zerotik hasten dela beti, eta gure aurrekontua xumea denez, logistikoki arazo ugari izan ditugu. Dena den, aurten hobeto moldatuko gara ziur, eta jendeak nabarituko duela uste dut; Musika Parkeanen eboluzioa ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu, ohiko jardueretatik aldendu eta disfrutatzeko helburuarekin sortutako planaz gozatu dezazuen. Horretarako, aurten ohiko musika emanaldiez gain, indar egin dugu eskaintza gastronomikoan: beer-truck batzuk jarriko ditugu, eta janari eskaintza askoz ere zabalagoa eta txukunagoa izango da. Bestalde, Naiara Palaciosekin batera, haurrentzako jarduerak antolatuko ditugu, doan.

 

Zeintzuk dira Musika Parkeanen piknik saskitxotik aterako diren musika proposamenak?
Talde gehiago ekarri nahi ditugu, gure lehentasunetako bat alderdi musikala handitu eta zabaltzea baita. Hala, igande honetan, DJ Mato eta Sara Mansilla, hiriko abeslari gazteak izango ditugu Miramarren. Eguneko plater nagusia, John Berkhout taldea izango da, eta ekitaldiak gauerdian izango du amaiera Nordika DJ-aren sesioaren eskutik. Bestalde, gurean ohikoa den moduan, datozen deialdietan lehiaketak eta bestelako sorpresak antolatuko ditugu!