Xabier Anduaga tenor donostiarrak Opera Awards saria eskuratu du

Xabier Anduaga tenor donostiarrak Opera Awards saria eskuratu du Opera aldizkariak banatzen dituen sarietan abeslari gazte onena izendatu dute donostiarra, Vasilisa Berzhanskaya mezzo-soprano errusiarrarekin batera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-anduaga-tenor-donostiarrak-opera-awards-saria-eskuratu-du/@@download/image/anduagahorizontala.jpg
2021/05/12

Maitane Legarreta Etxezarreta

Opera aldizkariak banatzen dituen sarietan abeslari gazte onena izendatu dute donostiarra, Vasilisa Berzhanskaya mezzo-soprano errusiarrarekin batera.
Xabier Anduaga tenor donostiarrak Opera Awards saria eskuratu du

International Opera Awards sariak Opera aldizkariak ematen ditu eta zinema munduko Oscarren parekotzat jotzen dute. Beraz, ez da nolanahiko lorpena Xabier Anduaga donostiarraren abeslari gazte onenaren izendapena.

Anduagak ibilbide oparoa du 25 urte besterik ez izan arren. Umetatik abesbatza eta musika emanaldietan bakarka kantuan aritu izan da. Musikenen ikasi zuen eta Elena Barbe sopranoarekin ere kantu eskolak hartu ditu. Horretaz gain, ikastaro ugari ere egin ditu izen handiko kantariekin, hala nola, Ernesto Palacio, Ana Luisa Chova eta Ricardo Frizza. 2016an nazioarteko operan debuta egin zuen Alberto Zeddaren eskutik, eta ordutik hainbat tokitan abestu du, Bilbon, Veronan, Parisen, Vienan eta Budapesten, besteak beste. 

Sariak ere jaso izan ditu aurretik; Tenor Francisco Viña lehiaketan bost sari irabazi zituen eta kritikarien eta publikoaren aitortza izan zuen. Hori gutxi balitz, 2019an lehen postua lortu zuen Operalia lehiaketan eta Zarzuela saria ere eman zioten. 

Anduaga, Madrilgo Errege Antzokian prestaketa lanetan ari da egunotan, Gaetano Donizettiren Viva la mamma opera egingo baitute ekainean.