Xabier Anduaga, Operalia lehiaketaren irabazle

Soilik 24 urte dituen harren, Xabier Anduaga tenore donostiarrak Europako zein nazioarteko eszenatoki esanguratsuenak konkistatu ditu. Paris, Viena, Budapest, Italia, Argentina... eta orain, Operalia lehiaketa prestigiotsua irabazi duen abeslari gazteenean bilakatu berri da. Placido Domingo abeslariak sortutako lehiaketa da Operalia, eta nazioarteko opera eta zarzuela abeslaririk onenak saritzea du xede. Pragan egin da finala, asteburuan; Anduagak Donizettiren Ah! mes amis aria eta Vivesen Doña Francisquita zarzuelako Por el humo se sabe dónde está el fuego aukeratu zituen finalean interpretatzeko, eta bi kategoriatan lortu du lehen saria.
Rossinin espezializatu da abeslari gaztea, eta munduko areto garrantzitsuenetan dabil; besteak beste, Juan Diego Florez momentuko tenore famatuenarekin aritu da, eta handienekin ikasi du, bereziki, Alberto Zedda duela gutxi zendutako maisuarekin. Harrigarria da zein urruti iritsi den horren gazte, eta ziur gaude ibilbide luze eta oparoa izango duela. Bitartean, bere ahots lirain eta harrigarriak zur eta lur utziko zaitu; entzun!