Xabi Hoo: "Txarto nagoenean musikaz baliatzen naiz putzutik irteteko".

Xabi Hoo: "Txarto nagoenean musikaz baliatzen naiz putzutik irteteko". Enkore taldean ezagutu genuen Xabi Hoo, baina pandemiak bere bide propioari heltzeko abagunea eskaini dio. HOO izeneko bakarkako proiektua jarri du martxan, eta hiru kantuz osatutako 'mixtape'-a kaleratu du. Abiatu berri duen ibilbidearen ingurukoak kontatu dizkigu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabi-hoo-txarto-nagoenean-musikaz-baliatzen-naiz-putzutik-irteteko/@@download/image/xabihoohiru.jpg
2021/05/28

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Enkore taldean ezagutu genuen Xabi Hoo, baina pandemiak bere bide propioari heltzeko abagunea eskaini dio. HOO izeneko bakarkako proiektua jarri du martxan, eta hiru kantuz osatutako 'mixtape'-a kaleratu du. Abiatu berri duen ibilbidearen ingurukoak kontatu dizkigu.
Xabi Hoo: "Txarto nagoenean musikaz baliatzen naiz putzutik irteteko".

Beste batzuen gisan, pandemiak proiektu berri bat sortzeko bide eman dizu. Noiz eta nola hasi zinen premia hori sentitzen?
Aspalditik sentitzen nuen “kaleko musika” egiten ez aritzearen zama, pandemia ailegatu baino arinagotik ere bai; Bilboko 003 barrutikoa naiz eta gure DNAn dagoen generoa da. Egia da itxialdiak eta etxean estudiotxo bat edukitzeak zama hori arintzeko aukera eman didala.

‘003 Mixtape’ jarri diozu izenburua lanari. Gaztetxotan geure abesti kutunekin kaseteak grabatzen genituen garaia datorkigu burura.
Txikitan entzuten nuenari omenaldia egin gura izan diot. Egia da azken urteotan beste musika estiloetan mugitu izan naizela, baina genero urbanoak izan dira hazi eta hezi nauten kaleetako ezinbesteko soinu banda. Handigura gutxiko lana gura nuen plazaratu, eta horregatik mixtape berba, rap abeslari klasikoek kaseteak erabiltzen baitzituzten euren burua ezagutzera emateko; 90eko hamarkadan batez ere, ni umea nintzenean.

Kaleratutako hiru abestiak zenbakiekin izendatu dituzu. Buruhausteak saihestu nahi al zenituen?
Alde batetik, bai; abestian dago mamia, izenburu batek gutxi esaten dit niri. Baina, bestetik, keinua egin gura nion gure auzoari: hiru kantu, hiru zenbaki... Geurean 48(003) posta kodea erabiltzen da-eta.

Genero aldetik, hip hop-a, elektronika, emo-a… jorratu dituzu. Argi al zenuen hasieratik estilo horiek uztartu nahi zenituela?
Ez. Argi neukan gauza bakarra zen zer kontatu gura nuen. Kantu bakoitzak istorio bat dakar, eta modu eraginkorren kontatu behar nuen. Horregatik estilo konkretu horiek nahastearena, igorri gura nuen mezuak eta ideiak entzulearen barrura ahalik eta argien bidaiatu zezaten.

Kantuek Euskal Herrian zein atzerrian dute jatorria, ezta?
Nire eguneroko bizitzak ez du ematen gauza askorik idazteko, oso bizimodu arrunta daukat. Atzerrian, ordea, gauzak oso desberdinak dira, eta horrek inspiratzen nau. Bat Kuala Lumpurren hasi nintzen idazten, eta Berlinen ere eman nien forma berbei, bertako klubek emandako etorriari esker. Hiru-k, aldiz, Latinoamerikatik asko dauka: Kolonbia, Panama, Kuba...

Letra asko aspalditik idatziak omen zenituen. Kaxoian al zeuden gordeta, noiz aterako zain?
Asko-asko idazten dut. Baina batzuetan gertatzen da, behin berbak idatzita, ez diedala zentzurik aurkitzen. Gordetzen ditut eta beste momentu batean, berriro zerbait esaten didatenean, eurei forma ematen jarraitzen dut. Pandemian errusiar mendi emozional bat izan naiz, eta mixtape-an dauden hiru kantuen letrak erreskatatzeko beharra sentitu dut.

Musikan Moustak ekoizlearen laguntza izan duzu, Enkore taldetik ezagutzen duzuna. Zer moduzko esperientzia izan da biok elkarlanean aritzea?
Bera bidelagun izateak konfiantzaz bete nau. Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta asko gura dudan lagun eta musikaria da. Bide zeharo diferenteak jorratu ditugu eta asko ikasi dugun sentipena daukat. Long live to Moustak!

Bestelako lagunen laguntza ere izan duzu proiektuan.
Hasieratik jakin dut lagunarteko proiektu bat izango zela HOO, eta betiko lagunak eduki ditut alboan. Ikerrek eta Julenek musikarekin lagundu didate, eta Ander, Juanes eta Elfo irudiaz arduratu dira. Haietako bakoitza ezinbestekoa izan da 003 Mixtape honetan.

Twitterren idatzi duzu hondoa jotzen duzunean abestiek laguntzen dizutela bertatik ateratzen.
Buruhausteak ditut, denok dauzkagun legez, eta pertsona bakoitzak bere modua dauka arazo horiei konponbidea aurkitzeko: lagunekin berba egin, familia, terapia psikologikoa... Nire kasuan abestiek betetzen dute rol hori, nire barruko mamuez idazten baitut gehienetan. Txarto nagoenean ez daukat adorerik inori kontatzeko, baina musikaz baliatzen naiz putzutik irteteko.

Euskaldunak oso tradizio zaleak garela aipatu izan duzu eta gauza bera entzuteko joera dugula.
Kontraesanez beteriko gizartea da geurea; oso aurrerakoiak gara gauza ugaritan, baina tradizioan ainguratuta eroso bizi gara. Kontziente naiz Bilbo hiriko kalekumea naizela eta honek ikuspegi konkretu bat ematen didala. Hala ere, ahalik eta objektiboen izaten saiatzen naiz gai honen inguruan hausnartzean. Atzerriko musika beti inportatu dugu berandu Euskal Herrian, batez ere gure hizkuntzan denean. Zergatik ez gara gu ere sortzen ari nazioarte mailan arrakasta duten musika estiloak gure hizkuntzan? Non dago euskaraz egindako drill-a? Afrobeat-a? Ziurrenik hemendik pare bat urtera entzungo dugu. Genero hauek beste hizkuntzetan arrotz egiten ez zaizkigunean, orduantxe bakarrik, adituko ditugu gure hizkuntzan. Gauzak aldatzen ari diren irudipena daukat, apurka-apurka bada ere. Eskerrak sortzaile, entzule eta programatzaile ausart gutxi batzuk ditugun!

Zuzenekoak egiteko asmorik ba al duzu? Nolakoak izatea gustatuko litzaizuke?
Daukagun egoera ikusita, ez dut zuzenekoetan askorik pentsatu gura. Gogo handia daukat oholtzara igotzeko, baina ez dakit noiz egin ahal izango dugun ganoraz. Zuzeneko emanaldi batzuk eskaini ditut telebistarako eta irratirako, beti Moustaken laguntzaz. Biko hau formatu txikiena izango litzateke, showcase-a; baina edozein eszenatokira egokitzeko moduko emanaldia prestatuko dugu, musikari gehiago ala gutxiago izanda ere, funtzionatuko duena.