Xabi Alonso: “Liverpooleko zaleak kantari entzunda, oilo ipurdia jarri zait askotan”

Xabi Alonso: “Liverpooleko zaleak kantari entzunda, oilo ipurdia jarri zait askotan” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabi-alonso-liverpooleko-zaleak-kantari-entzunda-oilo-ipurdia-jarri-zait-askotan/@@download/image/75-p27.xabiAlonso1.jpg
2007/06/01
elkarrizketa
Jon Odriozola
Txapeldunen Ligak ihes egin dio aurten; ezin izan du duela bi urteko balentria errepikatu. Liverpool da, hala ere. Gorriak. Haren bihotz taupaden erritmoan, hiri oso bat biziarazten duen taldea. Benetako mitoa. Eta han da Xabi Alonso donostiarra. Futbolaren tenplu nagusietako batean… baina amaren kokotxak gogoan..

Garai batean euskaldunak Ameriketara joaten ziren artzain. Orain, asko, Ingalaterrara joan zarete futbolari: Arteta, Idiakez, Ugarte, Ivan Campo…
Egia da, eta ondo gabiltza, gainera. Mikel Artetarekin batzuetan elkartzen naiz, baita Ivan Camporekin ere. Baina gainontzekoak urrutiago bizi direnez, oso tarteka ikusten ditut.

Zer moduz jaten duzue Liverpoolen?

Normal samar. Hala ere, ez da komeni Euskal He-rriarekin konparatzea; hemen ez dago horrenbeste aukera, eta produktuak ez dira han bezain onak. Ni sukaldean hala-nola moldatzen naiz: entsalada, pasta, haragia… Nahiko ondo prestatzen ditut horiek denak.

Etxeko jana falta duzu?

Etxera joaten naizen bakoitzean, biziki gozatzen dut. Beraz, batzuetan, hango platerekin gogoratzen naiz; legatz kokotxak gustura hartuko nituzke, adibidez, amaren espezialitatea dira eta!

Eta Liverpoolera bueltan, jakiz betetako tupperware asko eramaten dituzu?

Ez, gutiziaren bat besterik ez. Antxoak, atuna… Jatuna naiz, eta haragia eta arraina berdin-berdin gustatzen zaizkit.

Beraz, txuleta on bati ez diozu muzin egiten…

Inoiz ez! Samurra eta gustu onekoa bada, primerako jakia da.

Sagardotegi denboraldia amaitu da. 2004. urtean, Alonso aita-semeek inauguratu zenuten txotxa.

Gogoan dut. Aurten ez naiz bakar batera ere joan. Iaz, bai; behin joan nintzen. Lagunekin egoteko, sagardotegi giroa oso gustuko dut.

[Utz ditzagun alde batera gastronomia kontuak, eta hel diezaiogun Euskal Herria/Liverpool Konexioari. Harremana ez da atzo goizekoa. Liverpoolen jokatutako hainbat futbolari Euskal Herriko taldeetan ibili dira eta: John Toshack Realeko entrenatzaile ohia, John Aldridge Realeko jokalari ohia, Sammy Lee eta Michael Robinson Osasunako jokalari ohiak… Konexioa gero eta estuagoa da, ordea].

Pako Aiestaran Liverpooleko prestatzaile fisiko beasaindarrak dioenez, egunetik egunera gero eta ikurrin gehiago dago Anfield estadioan.

Egia da. jende asko etortzen da Euskal Herritik Liverpoolera, partidak ikustera; batik bat, Gipuzkoatik. Liverpoolen futbola bizitzeko moduarekin gozatzera etortzen dira. Ingelesek ere lortu dituzte ikurrinak, eta partidetan erakusten dituzte.

Aiestaran, Otxotorena (atezainen entrenatzailea) eta zu euskaraz mintzatzen zarete?
Bai. Etxetik kanpora dakien norbait topatuz gero, euskaraz egiteko ohitura izaten da. Eta guk hori egiten dugu.

John Aldridge, Realeko lehen atzerritarra, Liverpooletik Donostiara etorri zen. Zuk, berriz,  kontrako bidea hartu zenuen.

John ezagutzeko aukera izan dut, gainera. Oso pertsona jatorra da. Liverpooleko irrati bateko ko-laboratzailea da, eta ia-ia astebururo ikusten dugu elkar. Asko gogoratzen da Gipuzkoan egindako egonaldiaz, eta Reala oso gertutik jarraitzen du. Euskarazko hitz batzuk ere esaten ditu: "Eskerrik asko", "Agur"…

Liverpoolera joatea erabakitzea asko kostatu zitzaizun?

Bai, erabaki garrantzitsua zelako, baina Realarentzat eta biontzat aukera ona zela pentsatu nuen. Liverpoolek hasiera-hasieratik ni fitxatzeko interes handia azaldu zuen, eta hori asko estimatu nuen azken erabakia hartzerakoan. Adibidez, gauza handia da urtero Txapeldunen Ligan jokatzea. Egia esan, ez zait damutu erabaki hura hartu izana.

[Futbola kirola baino askoz gehiago da. Eta are gehiago, Liverpoolen. Talde mitikoa baita Li-verpool. Ez soilik kirol ibilbidearengatik. Baita zaleengatik ere. Michael Robinsonen arabera, harreman estu eta berezia dago taldearen eta zaleen artean. Robinsonek dioenez, Joe Fagan entrenatzaileak beti ondorengoa esaten zien jokalariei, Anfieldeko aldageletan, zelaira atera baino lehen: "Irabazi, berdindu ala gal dezakegu. Baina ez zaitezte inoiz ahaztu hor kanpoan dagoen jendeaz. Haiei zor diegu dena"].  

"Ez zara inoiz bakarrik ibiliko (You will never walk alone)", dio Liverpoolen himnoak.

Erabat babestuta jokatzen dugu Liverpoolen. Zaleek beti dena ematen dute Anfielden; bereziak dira oso. Beti taldearekin bat eginik. Ez dut inoiz zelaia erdi hutsik ikusi; xarma berezia du. Oso gogoan dut lehen aldiz Anfielden jokatu nuenekoa; une ederra izan zen.

Kop harmaila da ezagunena.

Bai, oso berezia da. Historia luzea du. Harmaila horretan hasten dira animo oihuak, hor hasten dira kantari, eta partidu guztietan ikurrin pare bat ere izaten da.

Eta kantari hasten direnean inoiz oilo ipurdia jarri zaizu?

Bai, askotan! Giroa aparta izaten de-nez, motibazio are handiagoa izaten da.

Duela urte batzuk, Bruselako Heisel estadioko istiluen eraginez, zale ingelesek oso ospe txarra hartu zuten. Orain, berriz, nola animatzen duten ikusita, inbidia diete toki askotan.

Liverpooleko zaleak bereziak dira. Futbol zelaian ez dut borroka bat bera ere ikusi, eta hori poztekoa da; segurtasun neurriak ere handiak izaten dira.

Bill Shankly entrenatzailea Liverpooleko mito handienetako bat da. Estadioaren aurrean, bere estatua dago, eta azpian, ondorengoa: "Bill Shankly (1913-1981). Jendea zoriontsu egin zuen". Shanklyk esana da futbola ez dela hil ala biziko arazoa, hori baino askoz gehiago dela…

Shankly entrenatzaileak pisu handia du Liverpooleko historian. Eta berak bezala, beste hainbatek. Batik bat entrenatzaileek. Baita jokalari batzuek ere: Ian Rush, John Barnes, John Aldridge… Zaleek asko miresten dituzte. Esaldi hori eta beste asko mitikoak dira gaur egun; hala ere, ez nago oso ados. Nahiz eta futbola niretzat garrantzitsua den, gauza garrantzitsuagoak badira. Hori horrela da.

[Liverpoolen arerio historikoa Manchester United izan da. Azken boladan, ordea, Chelsearekin ere lehia handia dago. Denborak aldaketa ugari ekarri duen arren —baita Liverpoolera ere—, Chelseak eta Liverpoolek tradizio bana dute dute atzean. Chelsea Londresko aberaskumeen taldea da. Liverpool, berriz, bertako langileena. Eta ezaugarri horrek eragin handia izan du Liverpoolen. Munduko futbol talderik onena zela ere, partidetatik bueltan etxerako bidean, Liverpooleko jokalariek ez zuten jatetxeetan afaltzen, gainerako taldeek egiten zuten bezala; errepidean bertan fish and chips eskukada bat erosi, eta hantxe afaltzen zuten, espaloian eserita. Ez zieten jokalariei taldearen jatorria ahazten uzten. Michael Robinsonek mota horretako pasadizo ugari du. Robinsonek kontatu izan duenez, Liverpoolekin egindako bigarren entrenamenduan, bezperan bezain zikin topatu zuen arropa. Horregatik, Ronie Moran bigarren entrenatzaileari galdetu zion, garbigailuak izanik arropa zergatik zegoen zikin. "Arropa hemen asteburuan garbitzen dugu. Zain ezazu, beraz. Gu ikusteko dirua ordaintzen dutenei, ez diete arropa egunero garbitzen", erantzun zion bigarren entrenatzaileak. Horixe, Liverpoolen filosofia. "Chelsea errusiar batek erosi du, eta taldeak irabaztea lortu du. Baina Liverpool etengabeko aldarrikapena da. Aberatsak ez dira Anfieldeko zarata errepikatzeko gai!", esana du Robinsonek. Xabi Alonsorentzat ere bereziak dira Chelsearen kontrako partidak].

Chelsea taldeko Frank Lamparden aurka jokatzen duzun bakoitzean, zuek bion arteko giroa gori-gori izaten da.

Duela bi urte lesionatu egin ninduen, eta hiruzpalau hilabete pasatu behar izan nituen jokatu gabe. Elkarren aurka partida asko jokatu ditugu; hamabost, guztira. Ez da oso ohikoa izaten hiru denboralditan hainbeste jokatzea. Eta partidu garrantzitsuak izan dira; tentsioa uneak sortzen dira, baina inolako maleziarik gabekoak.

Urtetan Liverpool langileen hiria izan da, hiri industriala. Eta gaur egun?

Berez, 400.000 biztanle inguru ditu Liverpoolek, baina asko zabaldu denez, inguruko herriak irentsi eta 800.000 dituela diote. Orain ere badago industria, baina ez, antza, duela 20 urte adina; langabezi handia izan du Liverpoolek.

Hirian zeintzuk dira nagusi: laboristak ala kontserbadoreak?

Nahiko parekatuta daudela uste dut. Oraindik ez ditut hemengo politikaren aferak behar bezala kontrolatzen…

Bisitan edo turismoa egitera joanez gero, zer egin daiteke Liverpoolen?

Eskaintza zabala dago. 2008an Europako Kulturaren Hiriburua izango da, eta ekitaldi asko antolatu dituzte: kontzertuak, erakusketak… Argi dago hiriak bultzada handia izango duela. Mesley erreka ondoko auzo ezagun batean egiten ari diren Kursaalaren antzeko eraikina ere gomendagarria da; bikaina da.

Txapeldunen Ligako finalerdia jokatzen ari zela, lapurreta egin zioten etxean
Liverpooleko atezain Reinari. Beste behin, Westerveldek, Liverpooleko eta Realeko atezain ohiak, tiroketa batetik ospa egin behar izan zuen. Leku segurua da Liverpool?
Ez da hiri txikia, eta toki batzuetan gangsterismo arazoak izan dituzte; nik ez dut batere su-matu, baina taldekide batzuek, bai. Hala ere, Euskal Herrian bezala, gauez arazorik gabe ibil daiteke hiritik barrena paseoan.

The Beatlesak, lehen aldiz, The Cavern pubean jo zuten. Hori gida guztietan ageri da...

Izana naiz. Giro ederra duen leku turistikoa da; zuzeneko kontzertuak eskaintzen dituzte.

Nolakoa da zuretzat egun normal bat?

Goizero, klubera joaten naiz; han gosaltzen dut eta entrenatu ondoren, bazkaltzera joaten naiz. Arratsaldean hiriaz gozatzea gustatzen zait. Edo erlaxatzea.

Aita tolosarra duzu. Hango inauteriekin gogoratzen zara?

Bai, noski! Hango giroak ez du parekorik. Itzuli egingo naiz, nahiz eta orain ez naizen gogoratzen azken aldiz zein mozorrorekin ibili nintzen… Dozena erdi bat urte joan dira ordutik.

Xabi Prieto eta Javi Garrido Cosmopolitan aldizkarian agertu ziren. Ausartuko
zinateke zu?
Ikusi egin beharko litzateke… Orain arte ez dut egin, eta uste dut oraingoz ez nukeela egingo.

The Sun egunkari sentsazionalistan zuri buruzko albiste bitxirik topatu duzu?

Niri buruzkorik ez. Ez dut era horretako berririk sortzen. Nire bizitza pribatua asko zaintzen dut; lotsati samarra naiz batzuetan.

Aita futbolari eta entrenatzaile ohia, bi seme futbolari eta beste bat, epaile. Nork agintzen du etxean?

Amak! Dudarik gabe. Dena eta denok kontrolatzen gaitu. Aspaldian ez naiz Euskal Herrira joan, baina lehendabiziko aukeran haiekin elkartuko naiz.

Futbol munduko topikoetan erregea zarela diote…

Kar, kar, kar… Galdera eta erantzun topikoak daude futbolean, eta batzuetan, kazetariok eta jokalariok topiko horiek erabiltzen ditugu.

Futbola bukatutakoan… zer?

Ikusiko dugu. Oraindik gaztea naiz; 25 urte ditut. Ez dut ezer buruan bueltaka.