Windows 10 iritsi da, eta inoiz baino interesgarriago dator

Windows 10 iritsi da, eta inoiz baino interesgarriago dator https://www.gaztezulo.eus/albisteak/windows-10-iritsi-da-eta-inoiz-baino-interesgarriago-dator/@@download/image/windows10_1441198602.jpg
2015/09/10
erreportajea
TESTUA: Egoitz Gonzalez @aldakur
Microsoften sistema-eragile ezagunaren azken bertsioa kaleratu berri da, eta guk software librearen alde egiten dugun arren, garrantzitsua iruditzen zaigu gehien erabiltzen den sistema-eragilean egindako azken aldaketen zergatia ulertzea.



Sorpresa Windows 8 bertsioarekin etorri zen, urte askotan erabilitako mahaigainaren desagerpenarekin. Galduta sentitzen ginen, eta informatika teknikarien telefonoa etengabe jotzen aritu zen denbora luzez. Jendeak ez zekien oinarrizko ekintzak nola burutu; Microsoft hanka-sartzeaz konturatu zen, eta 8.1 bertsioan betiko mahaigaina berreskuratu zuen.

Horren guztiaren atzean badago arrazoi bat: konbergentzia. Microsoftek hainbat produktu ezberdinentzako softwarea garatzen du, adibidez, ordenagailuak, telefono mugikor eta Xbox bideo-joko kontsolarentzako, eta produktu bakoitzarentzako aparteko softwarea garatzea oso garestia da, produktu bakoitza erabat independientea eta autonomoa delako. Horregatik, Canonical-en (Ubuntu sistema askearen atzean dagoen enpresa) pausoak jarraitu eta produktu guztientzat sistema-eragile bera garatzeari ekin zioten. Horixe izan zen mahaigaina desagertzearen arrazoia, eta mugikorretan dugun interfazea agertzearena. Beraz, aldaketarekin zer lortu nahi zuten? Edozein gailu erabilita ere, erabiltzailearen esperientzia guztietan berdina izatea.

Hasiera batean, ideia ona dela esan daiteke, baina erabiltzaileoi ez zitzaigun ordenagailuko esperientzia askorik gustatu. Azken finean, ordenagailua eta Smartphone-a gailu ezberdinak dira eta modu ezberdinean erabiltzen ditugu. Baina eroriaz ikasten da oinez, eta, beraz, Bill Gatesek atzera egin eta Windows 10 berrian mahaigaina berreskuratu du, eta horrekin batera, nola ez, baita Hasiera botoia ere. Nolabait, Windows 7 eta Windows 8 bertsioen arteko hibrido oso interesgarria da sistema-eragile berria.

Hainbat berrikuntza
Aldaketa nagusi horretaz gain, badira bestelako berrikuntza interesgarri batzuk ere. Adibidez, Cortana izeneko laguntzaile adimentsua izango du, Androideko Google Now edo iOSeko Siriren baliokidea dena eta orain arte Windows telefonoetan bakarrik erabili zitekeena. Beraz, zientzia fikziozko filmetan bezala ordenagailuarekin elkarrizketak izateko eguna geroz eta gertuago dugu. Momentuz baina, oinarrizko ekintza batzuk burutzeko gaitasunarekin konformatu beharko dugu.

Mugikorrean bezala, ordenagailuan ere gero eta garrantzitsuagoa da jakinarazpenak jasotzea. Hala, zure sare sozialetako jakinarazpenak, jasotako azken mezu elektronikoak edo agendako hurrengo abisua jakinarazpen panelean jasoko dituzu; Mac OX sistema-eragilearen erabiltzaileek badakite zertaz ari naizen. Bada orain Windowsen erabiltzaileek ere baliabide hori eskura izango dute.

Horretaz gain, Windows 10ekin edozein tablet ordenagailua bailitzan erabiltzeko aukera izango duzu. Horretarako, noski, sagua eta teklatua beharko dituzu, baina gainontzean, aipatutako konbergentzia dela-eta inolako arazorik gabe bihurtuko duzu tableta ordenagailu. Eta ezinbestekoa zaigun kontrol panelari dagokionez, goitik behera berdiseinatu dute, eta, kasu honetan ere, Mac OX zein Ubuntu inspirazio iturri izan direla esan daiteke.

Bestalde, aipatzeko modukoa da Internet Explorer nabigatzailearen agurra. Guztiz zaharkituta zegoen, eta, azkenean, baztertzea erabaki dute. Ordezkoa Spartan izeneko nabigatzailea da; garapen propioa izan du.

Amaitzeko, datozen urteetan asko ikusiko dugun HoloLens izeneko teknologia ere badakar.  Errealitate areagotuaren oso antzekoa da, baina errealitatea eta irudi birtualak modu ezberdinean fusionatzen ditu, hologramak erabilita. Hala, betaurreko berezi batzuen laguntzarekin, mundu birtuala eta errealitate fisikoa batzen ditu.

Denbora izango da epaile, baina badirudi Bill Gatesen enpresak aurrerapausoa eman duela. Momentu aproposa izan daiteke Microsoften sorrera eta Apple-ekin izandako tirabirak erakusten dituen Pirates of Silicon Valley (1999) filma ikusteko!

Harritu gaitu



San Francisco Startups
San Franciskoko kaleak berrizendatu dituzte bertan sortutako Startup enpresen izenak erabilita.

Informazio bila



Software librea
Sistema-eragile librea eduki ez arren, erabiltzen dituzun programak askeak izan daitezke. Katalogo honetan hainbat dituzu eskura.

Katxondoena



Cabronazi
Sare sozialetan sekulako arrakasta du. Bideo, irudi zein testu barregarriak elkarbanatzen ditu.