Willis Drummond... Ez dira hippyak

Willis Drummond... Ez dira hippyak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/willis-drummond-ez-dira-hippyak/@@download/image/2009941359Willis_Drummond_6.jpg
2009/09/04
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Willis Drummond taldeko lau kideetatik hiru Lekorneko etxe batean bizi dira, eta etxean bertan entseatzen dute. Hala ere, ez dute komuna bat eratzeko asmorik, ez baitira hippyak. ez dago `flower power´ filosofiaren arrastorik taldearen bigarren diskoan. Bidehuts kolektiboaren laguntzaz kaleratutako lanean Zuzenekoaren energia islatzea lortu dute. Zuzeneko basapiztia baita Willis Drummond. 

Zuen diskoa entzun eta zuzenekoa ikusi ostean, elkarrengandik nahiko hurbil daudela esango nuke. Ados?
Bai, ados. Grabaketan zuzeneko soinua lortzen saiatu ginen. Soinu sinple eta zuzena.

Lan nekeza izan al da?

Tira, grabatu baino lehen, gure soinua landu genuen lokalean. Egia esan, diskoko abestiak egin baino lehen, bueltaka ibili ginen gure anpliekin, bakoitzaren hotsa talde osoaren musikara moldatzen. Grabaketak dezente iraun zuen hainbat arrazoirengatik, baina azkenean kontent geratu ginen.

Karlos Osinaga [grabatzaile eta produktorea da] izan duzue alboan.

Karlosekin guztia ondo atera zen. Musikari dagokionez gain, nire aspaldi-aspaldiko lagun mina da.

Zuena rocka da, baina post-hardcore estilotik gertuko pasarteak ere tartekatzen dituzue. Nolatan konbinazio hori?

Entzuten dugun musikak eragina du, noski, modu naturalean ateratzen zaigu. Ez dugu estrategiarik jarraitzen konposatzen hasten garenean. Egia da abesti batzuk rock kutsu gehiagorekin ateratzen zaizkigula eta beste batzuk, ordea, post-hardcorera hurbiltzen direla, nahiz eta horrelako etiketak erabiltzea ez dugun atsegin. Baina ez dugu ezer aurrez erabakitzen.

Tentsio handiko kantu melodikoak dira uztarketa horren emaitza. Hori al da helburua?

Nik ez nuke esango helburuak ditugunik musika egiterakoan. Ateratzen zaiguna ateratzen zaigu eta kitto. Jotzerakoan, intensitatea oso garrantzitsua da guretzat; baina, momentu batzuetan, gutxitan, apur bat lasaitzen gara.

Doinu instrumentalak sartzeko ausardia ere izan duzue diskoan. Alderdi horrek zein pisu du taldean?

Orokorrean, abestien musika egiten dugu lehenbizi, eta testuak gero. Instrumental bat sartu dugu disko honetan. Lantzen ari ginenean, ahotsik behar ez zuela ikusi genuen eta horrela utzi genuen. Etorkizunean beste batzuk egingo ditugu ziur aski. Gainera, idazteko nahiko alferrak gara!

Harrigarria da aipaturiko intentsitate hori nola transmititzen duzuen zuzenekoetan. Lehendabiziko kantutik taldea lehertzear dagoela dirudi.

Pozten gara intentsitatea transmititzen badugu; hori da, bai, gure helburua!

Lokaleko lanaren emaitza baino gehiago, intentzio kontua da, nire ustez.
Lokalean egoki jotzen saiatzen gara eta kontzertuetarako abesti zerrenda orekatuak bilatzen ditugu, baina zuzenekoan dena ematen dugu guztiok. Eta hori nabaritzen dela uste dut.

Diskoa Bidehuts kolektiboarekin plazaratu duzue, eta aurrekoa (Anthology, 2007) autoekoizpena izan zen. Zein da ezberdintasuna?

Bidehutsekin autoekoizpenaren askatasuna mantentzen dugu eta hori oso ongi dago. Bidehutsen bidez sare batean sartu gara, eta kontaktuak eta abar konpartitzen ditugu. Musika modu bertsuan ulertzen dugu eta, horren guztiaren gainetik, lagunak gara.

Diskoetxeen gaur egungo egoera ikusita, autoekoizpena da talde askoren salbazioa. Zein uste duzue izango dela diskoetxeen egitekoa aurrerantzean?

Egoera asko aldatzen ari da. Ez dakit nora eramango gaituen honek guztiak. Diskoaren formatua, adibidez, desagertzear dago batzuk diotenez. Ikusiko dugu…

Diseinuak harritu nau; azala oso minimalista da, bi lerro besterik ez. Hitzetan ere lerroak aipatzen dituzue…

Joanesek, gure bateria jotzailearen anaiak, lagundu zigun diseinuarekin. Lerroek hitz batzuekin lotura dute. Kasualitatea izan zen, baina gustatu zaigu.

Nolakoa da Ipar Euskal Herriko musika eszena?

Talde batzuk daude hemen. Hegoalderekin konparatuz, oso gutxi gara. Iparraldea txikia da, biztanle gutxi gara eta, horregatik, gehienek autoekoizpenak egiten dituzte. Hemen jo ahal izateko areto gehiago edukitzea gustatuko litzaiguke.

Egia al da zuetako hiru etxe berean bizi zaretela eta bertan entseatzen duzuela? 'Willis Drummond Komuna' sor dezakezue…

Ez gara hippyak! Egia da taldeko hiru elkarrekin bizi garela eta entsegu lokala etxean bertan dugula. Hau pribilegioa da. Elkarbizitza ez da beti erraza, baina ongi moldatzen gara, eta ez ditugu nahasten etxeko eta taldeko kontuak. Nahiz eta elkarrekin bizi eta elkarrekin jo, askotan ez dugu egun osoan elkar ikusten.

Horretaz ari garela, izena nondik dator?

Buff... barkatu baina izenarena beste baterako utziko dugu. Komodina erabiliko dut! Luzea da esplikazioa eta nekatuta gaude kontu horrekin. Hor nonbait, Interneten, aurki daiteke erantzuna.