Wikipedia, denon artean egindako entziklopedia

Wikipedia, denon artean egindako entziklopedia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/wikipedia-denon-artean-egindako-entziklopedia/@@download/image/66p50-6_1365170924.jpg
2006/09/01
erreportajea
Wikipedia, denon artean egindako entziklopedia
Wikipedia (www.wikipedia.org), mundu osoko milaka boluntariok sortu duten entziklopedia askea da. Editatze sistema baten "wiki" izena eta "entziklopedia" hitza konbinatuta sortu da hitz hori. Wiki sistemak modu errazean editatzeko aukera ematen du, eta Wikipediaren kasuan, edonork sar dezake informazioa. Ikus dezagun, bada, wikipedia zer den.

Wikipedia entziklopedia askeak geroz eta artikulu gehiago ditu, geroz eta handiagoa da, eta geroz eta osatuago dago. Gainera, kasu askotan, paperezko entziklopediak baino artikulu gehiago izatera iritsi da. Besteak beste, hizkuntza bakoitzean Wikipedia bat sortzea da helburua. Euskaldunok badugu euskarazko bertsioa (http://eu.wikipedia.org), eta, oraintxe bertan, 11.231 artikulutik gora daude bertan. Hizkuntza erabilienetan, berriz, are handiagoa da artikulu kopurua: ingelesez 1.203.000tik gora artikulu daude; alemanez 418.000tik gora; frantsesez 309.000tik gora; polonieraz 244.000tik gora; japonieraz 225.000tik gora; nederlanderaz 207.000tik gora; suedieraz 168.000tik gora; italieraz 167.000tik gora; portugesez 149.000tik gora, eta gaztelaniaz 127.000tik gora. Atera kontua, beraz.

Zenbait hizkuntzatan artikulu kopurua izugarria dela ikusirik, beste behar batzuk asetzea erabaki zuen Wikipedia fundazioak. Entziklopediari dagokion atalaz gain, beste hainbat tresna kaleratu ditu: Wiktionary, Wikibooks, Wikiquote, Wikisource, Wikispecies, Wikinews, Wikimedia Commons eta Meta-Wiki. Jarraian aztertuko ditugu, banan-banan:

Wiktionary (
http://wiktionary.com): Hizkuntza askotan prestatutako hiztegia da. Hemen ere, edozein hiztegitan aurki daitezkeen gauzak topatuko ditugu: definizioak, etimologia, ahoskera, sinonimoak eta abar.

Wikibooks (http://wikibooks.org):
Liburu askeak. Hemen, jendeak sortutako liburuak aurki daitezke. Askotan, Wikipediako atalen bat gehiegi handitzen bada, Wikibooks atalera eramaten dituzte artikuluak, eta, hor, liburu gisa jarraitzen dute. Gainera, liburu bakoitzaren garapen fasea ikus daiteke; eta liburu batzuk hasiberri dauden arren, beste asko amaituta edo amaitzear daude. Euskaraz ez dago bakar bat ere oraindik.

Wikiquote (http://wikiquote.org):
Esaldi famatuak edo esaerak biltzen dituen tresna da. Euskarazko esaerak eta beste hizkuntzetatik itzulitako esaerak topa ditzakezue bertan.

Wikisource (http://wikisource.org):
Hemen domeinu publikoko edo GFDL lizentziapean dauden dokumentu originalak gordetzen dira, liburutegian bezala.

Wikispecies (http://wikispecies.org):
Espezien berri emango duen direktorio ireki eta askea egitea da xedea. Ingelesezko bertsioak jada sarrera asko dituen arren, beste hizkuntzetan garapena nahiko mantso doa. Tresna honen ideia honela laburbildu daiteke: "Wikispecies is free. Because life is public domain!", hau da, "Wikispecies dohainik da. Bizitza domeinu publikokoa baita".

Wikinews (http://wikinews.org):
Jendeak era askean idatzitako berriak jasotzen ditu tresna honek. Bertan, berriak sortu, kopiatu, eta editatzeko erabateko baimena duzu.

Wikimedia Commons (http://commons.wikimedia.org):
Irudiak, soinuak, bideoak, eta era guztietako multimedia materiala biltzen dute hemen. Aipagarriena da, lizentzia libreari esker, material hori edozein lekutan, eta era askean, erabil daitekeela. Normalean, bertan egoten dira Wikipedian eta beste tresnetan erabiltzen diren multimedia materialak.

Meta-Wiki (http://meta.wikimedia.org):
Proiektu guztiak koordinatzeko erabiltzen den gunea da: proiektu berriak proposatzea, zein aldaketa egitea komeni den eztabaidatzea, etab.

Argi dago, euskaraz, ez dagoela artikulu asko oraindik, baina guztion artean, geroz eta gehiago bildu ahal izango ditugu. Bertan editatu ahal izateko, bi aukera daude: erabiltzaile anonimo bezala sartzea, edota, izena eman ondoren, zuk zehaztutako izenarekin sartzea. Izena emanez gero, zenbait hobespen aukera daitezke, orrialdea nola ikusi nahi dugun, esaterako. Era berean, esteka bidez, geuk bidalitako artikuluak jarraitzeko aukera dugu, eta eztabaidaren batean parte hartzen ari bagara, horri buruzko jarraipena egin ahal izango dugu klik bakarrarekin. Erabiltzaile naizen aldetik, izena emateko gonbitea egiten dizuet.

Wikipediaren inguruan sortu diren tresna hauek guztiak, gure ezagutza metatzeko gune askerik handiena osatzen dutela esango nuke. Ezagutzak askea izan behar du, eta, horregatik, denon egitekoa da, hemendik aurrera, bertan parte hartzea eta informazioa sartzea. Ikaslea bazara, hartu denbora apur bat euskaraz informazio baliagarria sartzeko, edo irakurtzeko. Irakaslea bazara, aldiz, zergatik ez proposatu zure ikasleei, Wikipedian sartu eta informazioa eskura dezaten? Ez legoke gaizki tartetxo bat horri eskaintzea. Aisialdian tartetxo bat hartuta, eta guztion ahalegin txikiak batuz, denon artean egindako entziklopedia askea osa dezakegu! Zergatik ez?