Whatsappetik haratago

Whatsappetik haratago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/whatsappetik-haratago/@@download/image/20121039028sare_1360234551.jpg
2012/10/05
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez
Whatsappetik haratago
Asko dira sekulako smartphonea poltsikoan eraman bai baina Whatsappetik edo deietatik haratago erabiltzen ez dakitenak. Gailu hauek orain dela hamar urteko konputagailuak baino potenteagoak dira, beraz, atera diezaiegun etekina.


Lehen-lehen pausoa esku artean dugun tresna ezagutzea da. Euskal Herrian, jende gehienak Android sistema eragilearekin funtzionatzen duen telefono mugikorra dauka. Sistema eragile honen garapenaren jabe nagusia Google da, baina Androidek lizentzia askea du eta, ondorioz, software librearen lau lege nagusiak betetzen ditu: helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna; programa aztertu eta nork bere beharretara egokitzeko askatasuna; programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna; eta programa hobetzeko askatasuna nahiz hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna edonork etekina atera diezaion.

Garapen nagusia Googlek zuzentzen duenez, smartphoneak eskaintzen dizkigun erosotasun guztiak gure esku izateko egin beharreko aurreneko gauza Gmail-en (Googleren posta kontu elektroniko zerbitzua) kontu bat irekitzea da, lehendabizikoz piztearekin batera horixe eskatuko baitigu sakelakoak. Modu honetan, Googlek Gmail kontu horren bitartez eskaintzen dituen zerbitzu guztien arteko sinkronizazioa hasiko da eta ordenagailuan ditugun berberak, orain ere, gure poltsikoan izango ditugu. Baina, ze zerbitzu dira hauek?

Esan bezala, nagusia posta kontua da. Gaur egun 10 GB inguruko memoria eskaintzen digute gure emailentzat.  Beste zerbitzu oso erabilgarri bat kontaktuena da. Gure zerrendako helbide elektroniko eta telefono zenbakiak Gmail kontuan gorde ditzakegu eta, esan bezala, kontu hau gure mugikorrarekin sinkronizatuko da. Beraz, sakelako berri bat erosten dugunean ez ditugu kontaktuak banan-banan mugikor batetik bestera pasatu behar izango. Android sistema sinkronizazioa egiten hasiko da eta gure kontaktu guztiak Smartphone berrian izango ditugu istant batean.

Bestalde, Google Calendar agenda elektronikoa dugu. Bertan apunta ditzakegu gure egitekoak eta alarma bat programatu abisua jasotzeko. Aurreko zerbitzuetan gertatzen den bezala, ordenagailuan idatzitako guztia gure sakelakoan izango dugu, eta alderantziz ere bai noski.

Google Drive ere oso erosoa da. Bertan, Googlek bere zerbitzarien zatitxo bat (5 GB) eskaintzen dizkigu  nahi ditugun dokumentuak gordetzeko. Webgunetik ez ezik, sakelakotik ere editatu ahal izango ditugu dokumentu hauek.

Baina argazkiak dokumentuak bezain garrantzitsuak direnez, Google Plus (Google-ren sare soziala) erabiltzen baduzue eta bertan argazkiak igotzen baldin badituzue, hauek zuen smartphonean egongo dira automatikoki.

Interesgarriena, dudarik gabe, hau guztia aplikaziorik instalatu gabe lortu ahal izatea da, Android sistema eragileak defektuz dituelako instalatuta.

INFORMAZIO BILA



Tolerance Spinning (TS)
Gazteen artean indarkeria eta bullynga saihesteko metodologia bat da TS. Webguneak ekimen honekin lotutako jarduerak, proiektuak, programak, estekak eta bibliografia jasotzen ditu.

KATXONDOENA



Eta, informazioa guztia galtzen bada?
Ze gertatuko litzateke munduko informazio guztia galduko balitz? Post honetan egoera hori aztertzen dute.


HARRITU GAITU



Our Mobile Planet
Mundu osoko smartphonen erabilpenaren inguruko datuak jasotzen dituen web orrialdea. Mota ezberdinetako estatistikak aurki ditzakezu bertan.