Watch me fall ***

Memphiseko musikariak Matador diskoetxearentzat grabatu duen estreinako iraupen luzeko lana da hau (lehenago Matador Singles'08 single bilduma plazaratu zuen eta). Reatardek grabatu ohi dituen punk doinu bihurriak (It ain't gonna save me, Faking it) ez ezik, pop kutsuko pilula biziak ere aurki daitezke (I'm Watching You, Wounded) lan melodiko bezain ipurterre honetan. Izan ere, estatubatuarraren jarioan poparekiko grina gero eta nabarmenagoa da, eta The Cure bandaren nahiz Zeelanda Berriko taldeen eragina agerikoa da. There is no sun doinuan, gainera, txelo doinuak sartu ditu ausart. Ederra eta kementsua.