Walter Scott: Nobela historikoaren aita

Walter Scott: Nobela historikoaren aita https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Walter Scott: Nobela historikoaren aita
Liburuan, komikian, zineman ala telebistan. Ziur behin baino gehiagotan gozatu duzula Ivanhoeren abenturekin. Edo Rob Royrekin. Edo Quentin Durwardekin. Pertsonaia ahaztezinak sortu zituen Walter Scottek, nobela historikoaren aitak. Irailaren 21ean 175 urte beteko dira idazlea hil zenetik; bere eleberriek eragindako zirrara berriro sentitzeko aitzakia ezinhobea, beraz.
Sir Walter Scott Edinburgon jaio zen 1771n. Polioa izan zuen haurtzaroan, eta herren geratu zen. Bere osasunarentzat hobea zelakoan, Walter gaztetxoa aitona-amonen etxaldera bidali zuten; han zaletu zen istorio zaharrekin. Zuzenbidea ikasi zuen, eta abokatu lanetan hasi zen Edinburgon.
25 urte zituela ekin zion idazteari. Lehendabizi, alemanezko lanak itzuli zituen. Gero, poesia landu zuen, arrakasta handiz. Eta 1814an lehen nobela iritsi zen: Waverley. Bai nobela hura, bai ondorengo guztiak goitizenez sinatu zituen Scottek. Zergatik? Selkirk herriko sheriffa zelako, ardura hark prestigioa zuelako, eta jende askok ez zuelako begi onez ikusten eleberri historiko erromantikoa. Scottek Eskoziako Highlandetan girotu zituen istorio ugari, nahiz eta ez zuen ondoegi ezagutzen lurralde hura. 1831n hil zen. Hilobia Dryburgheko Abadian dago, William Wallace heroi eskoziar erromantikoaren estatua handi baten ondoan.
Scottek ez zuen nobela historikoa sortu. Baina, eleberri historikoaren ezaugarri nagusiak finkatu zituen eta eragin handia izan zuen beste idazle askorengan. Scottentzat historiak garrantzia handia zuen. Izan ere, “bere historia ahazten duena hura errepikatzera kondenatuta dago”, esan zuen Scottek.