Wagon cookin: “Pribilegiatuak sentitzen gara”

Wagon cookin: “Pribilegiatuak sentitzen gara” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/wagon-cookin-pribilegiatuak-sentitzen-gara/@@download/image/78p60wagon1_1363807053.jpg
2007/10/05
elkarrizketa
Aritz Sound System
Wagon cookin: “Pribilegiatuak sentitzen gara”
Esaerak dioenez, inor ez da sekula profeta izaten bere jaioterrian. Horixe da Wagon Cookin iruñeko bikotearen kasua, edo beste modu batera esanda, Luis eta Xabi Garaialde anaiena. Wagon Cookinek kritika bikainak jaso ditu nazioartean Two faces izeneko diskoarekin, baina oraindik ere, kultuzko talde ezezaguna izaten jarraitzen du Euskal Herrian. Xabirekin solastu gara; taldearen %50arekin, alegia. 

Bederatzi urte igaro dira lehen diskoa kaleratu zenutenetik. Tartean, bi disko, maxi bat, eta zuzeneko emanaldi eta nahasketa ugari. Esperientzia handiagoa duzue orain, baina lehen bezain ezezagunak omen zarete. Horrek kezkatzen zaitu?
Gero eta ezagunagoak gara, eta ezagunagoak izateko lanean ari gara etengabe. Musika mundua ez da erraza, eta azken aldian, are zailagoa. Lan handia egin behar da. Zenbat eta lan handiagoa egin, orduan eta hobe.

Gauza bitxia da: zuek baino lan gutxiago egin duten eta zuen kalitatea ez duten talde askok oihartzun izugarria lortzen dute komunikabideetan. Zuen kasuan ez da hori gertatzen, zergatik?

Musika industriak produktu jakin bat inposatu nahi du, eta produktu horri ematen dio babes osoa. Tristea da, baina horrela da. Dena den, zorionez, gustukoa egiten duen jendea ere bada oraindik, eta ildo horretatik, gu oso pozik gaude, gogoko duguna egiten dugulako, eta musika horri esker bizi garelako. Pribilegiatuak gara.

Zuen musikak ez du oihartzun handirik Euskal Herrian, baina adibidez, arrakasta handia duzue Ingalaterran edo Alemanian. Hala ere, arrakasta hori musika estilo jakin batzuen jarraitzaileen artean gertatu da bereziki. Zergatik?

Bai, zuk diozun moduan, musika jakin baten jarrai-tzaileen artean dugu arrakasta, eta musika horrek zale gehiago ditu Ingalaterran, Alemanian edo Italian. Herrialde horietan ohituago daude musika berriak edo fusio musikak entzuten. Hemen ere gero eta jarraitzaile gehiago ditu musika horrek, baina gutxiengo baten kontua da oraindik. Guk aldaketa nabaritu dugu, eta Apettizer diskoa kaleratu genuenetik hona jende gehiago zaletu da musika honekin.

Zein musika estilotaz ari gara? Nola definituko zenuke zuen estiloa?

Elektronikaren bitartez, betidanik gustatu zaizkigun estiloak uztartzen ditugu, baina jazzak ematen dio lotura horri guztiari. Gure aita Iruñeko Musika Eskolako irakaslea da, eta jazza berari esker ezagutu genuen. Gainera, gure txikitako ikasketak jazzaren ingurukoak izan ziren. Jazzarekin batera, beste hainbat estilo hartu eta lapiko elektronikoan nahasten ditugu: musika latinoa, soula, funkia… Joera berriko musika egiten dugu, dantzarako musika.

Kontserbatorioan egin zenituzten ikasketak, baina nola sortu zen Wagon Cookin?

Taldea osatu aurretik saioak egiten genituen Iruñeko lokal batean; saioak, Dj modura. Lokalak Cotton Club izena zuen, eta jazz musika jartzen zuten. Zuzeneko emanaldiak egiten genituen astean zehar, eta asteburuetan diskoak pintxatzen genituen. Garai hartan acid-jazza zegoen indarrean, eta guk jazza beste musikekin nahasten genuen; soula, housea, garagea eta abar. Guztia jazz ukituarekin eta oso soul estilokoa. Musika hori asko gustatzen zitzaigun, eta horrelako musika egin nahi genuela erabaki genuen. Horretarako, gure familiak Gredoseko mendizerran zuen tren bagoi batera joan ginen bizitzera. Bagoia bizitzeko prestatuta dago, eta guk leku horretako lasaitasuna eta edertasuna behar genituen musika egiteko; nekatuta geunden lokalaren martxaz eta gau giroaz. Tresna elektronikoak erabiltzen ikasi genuen, eta gure musika definitu genuen. Lehen maxi singleak grabatu genituen, eta oso harrera ona izan zuten Europako disko jartzaileen artean. Lan haiek nahiko elektronikoak ziren, baina guk gauza lasaiagoak ere bagenituen, eta haiekin Appetizer lehen disko kaleratu genuen. Izen bereko diskoetxea osatu genuen horretarako. Eta oso harrera ona izan zuen.

Lehen disko kaleratu ondoren, Brasilera joan zineten.

Esan bezala, lehen diskoak oso harrera ona izan zuen Europan eta Japonian. Beraz, zuzeneko asko egin behar izan genituen, eta bi urtean, batetik bestera ibili ginen etengabe. Era berean, beste artista askorentzat nahasketak edo erremixak egin genituen, Compost zigiluarekin, eta abar. Zoramena izan zen, eta oporrak behar genituen. Brasilera joan ginen zoramen hartatik ihes egin nahian, eta izugarri gustatu zitzaigun. Musikalki izugarrizko aberastasuna dago, eta bigarren diskoa han kaleratzea erabaki genuen.

Bigarren disko hori aurrekoak baino alaiagoa da. Brasilgo argitasunak zerikusia du horretan?

Disko hori askoz ere tropikalagoa da. Baina Two Faces diskoa ere oso alaia dela uste dugu, nahiz eta kanta batzuetan gai serioak jorratzen ditugun. What´s it Like abestian, adibidez, arrazakeria jorra-zen dugu; hor kontatzen dugu nola sentitzen zaren besteek zure azalaren kolorearen arabera baloratzen zaituztenean, oinarrian denok berdinak izan arren.

Two Faces
diskoko lehen kanta oso bokala da. Abeslari askok parte hartu dute kanta horretan. Edukiei dagokienez, nork konposatzen ditu hitzak?

Batzuk Luisek eta biok egiten ditugu; gero abeslariei erakusten dizkiegu, eta proposamena gusta-tzen bazaie, oinarrien gainean abesten dute. Beste zenbait abestitan, kantari horiek beraiek egiten dituzte hitzak, musika entzun eta gero.

Diskoan kolaboratzaile asko izan dituzue. Nolako harremana duzue haiekin?

Oso modu naturalean izaten da dena. Abeslari bakoitza modu batean ezagutu dugu. Batzuk zuzenekoetan ezagutzen ditugu; beste batzuetan, gure lana gustatu zaie eta gurekin lan egin nahi dutela esan digute; beste batzuetan, aldiz, guk eskatzen diegu gurekin lan egitea. Oso harreman ona dugu guztiekin. Musikariekin ere gauza bera gertatzen da.

Two Faces
CD bikoitza da. Izenburuak dioen bezala, Wagon Cookin-en bi aurpegiak erakusten ditu: lehenengoa, souleroa eta lasaia, eta bigarrena, elektronikoa eta dantzagarria. Ados?

Bai. Orain arte plazaratutako diskoen artean, gure aurpegi lasaiena erakutsi dugu; jazza soularekin, funkiarekin eta elektronikarekin nahastu dugu, baina beti nahiko modu lasaian; house goxoaren edo brasildarraren antzera. Garai batean, disko jartzaile modura gure aurpegi elektronikoena erakusten genuenean, jende asko harritu egiten zen, alderdi elektroniko hori ez baitzen agertzen gure diskoetan. Oraingoan, gure bi aurpegiak erakutsi ditugu.

Aurrera begira zer duzue buruan? Two Faces diskoko kanten nahasketa berriak, adibidez?

Bai, lagun batzuk hasi zaizkigu dagoeneko nahasketak egiten, eta pixkanaka kaleratuko ditugu, baina biniloan bakarrik. Orain gure abestien nahasketak egiten ari diren horiei, etorkizunean, guk egingo dizkiegu beren kanten nahasketak. Asko dira: At Jazz, Llorca, Osunlade, Bugz In The Attics, Jabi Pez… Datorren urteko udaberrirako, nahasketen disko osoa kaleratuko dugu agian; hori bai, CDan.

Wagon Cookingen diskoak



AppetizersGaraialdetarren lehen disko hau ez zen taldearen hasiera izan. Aurretik, Iruñeko Musika Eskolan egindako ikasketak, Cotton Club aretoko jazz zuzenekoak eta disko jartzaile modura egindako saioak, Gredoseko mendizerran tresna elektronikoekin egindako ikasketak eta binilo formatuan kaleratutako maxiak zeuden. Urtetan bildutako esperientzien emaitza izan zen lehen diskoa. Eta emaitza, ona. Jazza jantzi elektronikoarekin apaindu zuten, eta soul, funki edo Brasilgo erritmoz lagundu. Gure artean ez zuen ia oihartzunik izan, baina nazioartean arrasto nabaria utzi zuen.

Everyday LifeLehenengo diskoaren zurrunbilotik ihesi, Brasilen aurkitu zuten lasaitasuna. Lasaitasuna, eta disko berrirako inspirazioa. Eguzkiaren argiak berotuta eta eguneroko esperien-tzien bidetik osatu zuten bigarren lana. Lehenengoaren osagaiei Brasilgo samba eta bossa novaren presentzia handiagoa gehitu zieten. Bizi poza eta energia.

Two FacesGaraialde anaien aurpegi argia ezagutzen genuen, eta orain, aurpegi argitsuarekin batera, alde iluna erakustera datoz. Disko bikoitz honen lehen aldean, aurreko diskoen jarraipen diskoa aurkituko dugu. Urteekin garatu eta sendotu egin da jazzaren eta musika elektronikoaren arteko maitasun harremana; hasierako berotasuna galdu gabe, harreman hori trinkoagoa da orain. Laguntzaile andana eta ahots ikusgarriak. CDko bigarren diskoan, aldiz, aurpegi iluna dator, musikalki ez horren aberatsa, baina oso indartsua eta erritmikoa. Dantzalekuetarako aproposa.