Volumen 4

Krisi musikala bizitzen ari nintzen, eta Bartzelonako beroak ez zidan gehiegi laguntzen... Onena Gartxoti gomendioa eskatzea izan zen, ez baita erraza Shield Your Eyes bezalako talde baten jarraipena egitea ez bazara underground munduan murgiltzen. Hirukote ingelesak 2011n kaleratutako diskoa dugu Volumen 4. Bederatzi kantaz osatua, instrumentu bakoitzak bere eremua ezinhobe betetzen du. Giraffes? Giraffes! taldearen bertsio lasaia izan liteke, gitarra zorrotz eta bateria erritmo azkarrekin. Stef Ketteringhamek, bere ahots urratuarekin eta, aldi berean, riff azkar nahiz motelak uztartuz, sinkroniarako abilezia erakusten du; konposaketaren konplexutasunak egiten du proiektu hau berezi.