Vinylora: “Musika kleenex batean bilakatzen ari da.”

Vinylora: “Musika kleenex batean bilakatzen ari da.” Badira leku bereziak, hain zuzen bertan elkartzen direnen balore eta grinekin apainduak daudelako. Horietako bat da Gasteizko bihotzean kokatua dagoen Vinylora musika denda. Nadal anaiek zuzendutako lokal ederrak 2019 hasieran ireki zituen bere ateak eta ordutik, Gasteizera hurbiltzen garen musikazale guztion ezinbesteko parada bihurtu da. Nagel-ekin hitz egiteko aukera izan dugu musikaz, disko kuttunez, industriaz eta streaming garaian nagusiki biniloak saltzen dituen denda bat irekitzeak suposatzen duenaz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/vinylora-201cmusika-kleenex-batean-bilakatzen-ari-da.201d/@@download/image/WhatsApp Image 2019-07-04 at 13.14.40 (3).jpeg
2019/08/21

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Badira leku bereziak, hain zuzen bertan elkartzen direnen balore eta grinekin apainduak daudelako. Horietako bat da Gasteizko bihotzean kokatua dagoen Vinylora musika denda. Nadal anaiek zuzendutako lokal ederrak 2019 hasieran ireki zituen bere ateak eta ordutik, Gasteizera hurbiltzen garen musikazale guztion ezinbesteko parada bihurtu da. Nagel-ekin hitz egiteko aukera izan dugu musikaz, disko kuttunez, industriaz eta streaming garaian nagusiki biniloak saltzen dituen denda bat irekitzeak suposatzen duenaz.
Vinylora: “Musika kleenex batean bilakatzen ari da.”

Zoratuta egon behar al da streaming garaian musika denda bat irekitzeko?
Egia esanda, gaur egun zoratuta egon behar da edozein denda fisiko zabaltzeko. Ikusi besterik ez dago herrietan zenbat lokalek jatsi behar izan duten pertsiana, penagarria da. Streaming-aren harira, gu ez gaude kontra, iruditzen zaigu streaming-a eta formatu fisikoa osagarriak direla. Bakoitzak bere momentua dauka. Kalean, mugikorra eskuetan, streaming-ak zentzua dauka, etxean mesedez, erabili formatu fisikoa!

Nondik sortu zitzaizuen ideia?
Alde batetik, herrietan komertzioa desagertzear dagoela ikusteak zer edo zer egitera bultzatu gintuen. Bestetik, musikaren azken urteetako bilakaerak ere animatu gintuen: denda fisiko guztiak desagertzen ari dira, streaming-a ari da bihurtzen musika entzuteko modu bakarra... Musika kleenex batean bilakatzen ari da. Denda guk musikari egindako ekarpen xumea da. Musika entzuteko, musikari buruz hitz egiteko, disko aurkezpenak egiteko, musikaren inguruan sortu daitekeenari irtenbidea emateko aukera eskaini nahi izan diegu musikari zein musikazaleei.

Esaten denez binilo formatuaren gorakada ematen ari da merkatuan, zer dela eta?
Argi utzi behar dugu formatua ez dela inoiz desagertu. Orain ematen ari den gorakada, gure ustez, gizartearen bilakaerarekin bat dator, gizatasuna galtzearekin hain zuzen. Streaming-ean musika entzuteak bere abantailak ditu, noski, baina desabantailen artean badago nolabaiteko sentsazio “hotz” bat. Abesti solteak kontsumitzen dira batez ere, eta abestiak “airean” daude. Gure iritziz, abesti bat formatu fisiko bati “lotuta” eta taldearen babesarekin, zerbait osoagoaren zati bat izanez, indartu egiten da eta pertsonoi oinak lurrean finkatzen dizkigu. Diskoa esku artean izan, letrak irakurri, ukitu, zabaldu, usaindu, laztandu... musika entzutearen esperientzia aberatsagoa da, osoagoa. Badirudi guzti honetaz jendea ohartzen hasia dela, gauzak lasaitasunez egiteaz eta momentua “bizitzeaz”, eta biniloak musikaren arloan, filosofia horretara hurbiltzen gaitu. Hor egon liteke formatuaren gorakadaren gakoa.

Horrez gain, badago beste arrazoi indartsu bat ere joera honetan. Betiko diskoetxeek joera ikusi dute eta berpizkundea bultzatu. Laburbilduz, bi arrazoi nagusi daude: Bata erromantikoa eta bigarrena betikoa, hain erromantikoa ez dena, ekonomikoa.

Zer pentsatzen duzue streaming plataformez?
Lehen esan dugun bezala, ez gaude streaming erabileraren aurka. Modu honetan edozeinek aukera dauka bere musika mundu osora zabaltzeko eta talde berrien erakusleiho izan daiteke. Nahi duzun musika eraman dezakezun poltsikoa edonora. Gainera, disko bat erosi baino lehen entzuteko aukera ematen dizu... baina noski, beti bezala, musika taldeak ez dira streaming-arekin aberasten eta ez zaigu ondo iruditzen. Streaming-etik diru gehiagok heldu beharko luke musika egilearen poltsikora.

Batez ere zer formatutan entzuten duzue musika?
Etxean eta lanean biniloak eta CDak, etxetik kanpo streaming-a.

Zer eskaintzen dio Vinylorak musikazaleari?
Musikaren munduan murgiltzeko aukera eskaintzen diogu dendara sartzen den edozeini. Musikaz hitz egiteko gunea da, musika aholkuak eman eta jaso egiten ditugu, disko bat entzun daiteke bertan kafe, garagardo edota konbutxa bat edanez. Horrez gain, musika ekipoak ere saltzen ditu, sofa eta aulkiak dauzkagu bertan irakurtzeko, lan egiteko, musika entzuteko, siesta egiteko.... Eta talde hasiberriei leku bat eskaintzen diegun beraien lehen kontzertuak eta disko aurkezpenak egiteko eta noski, beraien diskoak saltzeko.

Zuen webgunean diozue musika jo eta ukitu egin behar dela. Horren garrantzitsua al da hori?
Ba bai, musika edozein momentutan, edozein lekutan jo behar da. Agintariei kasu gutxi egin behar zaie, batez ere, egoera “arautzeko” muturra sartzen dutenean. Eta ukitu behar da, bai. Lehenago esan dugun bezala, esperientzia osoa nahi badugu eta oraina bizi, musika ukitzea ezinbestekoa da.

Zer musika estilotako diskoak aurkitu daitezke dendan?
Rockarekin zerikusia duen guztia dugu bertan, baina estilo guztietara zabalik ditugu ateak: jazza, reagea, elektronika...

Zein da jendeak gehien eskatzen duen diskoa?
Azkenaldi honetan, dudarik gabe, La Polla Records taldearen berria.

Kontsumitzaileen aldetik enkargu bereziren bat eduki al duzue?
Denetarik saldu dugu: Julio Iglesias, Pantoja... baina gehien harritu gaituena reageak Gasteizen duen indarra izan da, asko eskatu digute.

Oro har, nola ari da erantzuten jendea?
Oso pozik gaude jendearen harrerarekin. Askok esan digute beharrezkoa zela horrelako leku bat Gasteizen, bai diskoak erosteko eta baita tokadiskoen ordezko piezak eskuratzeko ere.

Zer disko gomendatuko zeniokete GAZTEZULOko irakurleei?
Gure azkenaldiko aurkikuntza bat The Sonic Dawn taldearen Eclipse diskoa izan da. Izugarria!

Nola ikusten duzue dendaren etorkizuna?
Ondo, gure ideia denda honetan jubilatzea da. Gure ametsa zen denda irekitzea eta aurrera eramango dugu kostata bada ere! Hasieran gastu itzelak izan ditugu, baina pixkanaka ordaintzen ari gara eta bankuak lasaitu ditugu. Ez gara inoiz aberatsak izango, baina ez da hori nahi duguna!