'Vikingak' saioa estreinatuko da gaur ETB1en

Gaztañaga, Olaizola eta Hidalgo saioaren sortzaileen hitzetan, "programa naturala eta gertukoa" izango da: "Osagai asko eta oso ezberdinak nahastuko ditugu, hitza eta ekintza batzen dituen saio berritzaile eta apurtzailea egingo dugu". Euskal Herriko zenbait txoko zeharkatuko dituzte hirurek autokarabana batean, eta hainbat abentura biziko dituzte.
Ez dira eurak bakarrik ibiliko, ordea, bidean hainbat pertsonarekin egingo baitute topo. Batzuk tokian tokikoak izango dira eta beste batzuk, aldiz, ezagunak. Lehen saioan Maialen Gurbindo, Chica Sobresalto ezizenez, musikari nafarra izango da beraiekin batera. Itziar Ituño aktorea, Asier Illarramendi futbolaria, eta Esty Quesada Soy Una Pringada aktore eta youtuberra ere agertuko dira, besteak beste.
Saio bakoitzean gai bat izango da ardatz: bihozkadak, plazera, gazteen erradiografia... Gainera, protagonistek misio bat izango dute. Gaiaren inguruan hausnartu eta eztabaidatu ondoren, ekintzetara joko dute. Hidalgoren arabera, "hiru emakume oso zuzenak gara, oso zintzoak, eta askotariko gaiak landu eta horien inguruan hausnartuko dugu filtrorik gabe". Ikusleak harritzea eta ondo pasaraztea izango dute helburu, "umorez eta giro onean".
Gaurko estreineko atalean, eskutitz misteriotsu bat jaso eta gero, hiru emakumeek bat egingo dute eta misio ezberdinak betetzeko aukeratuak izan direla jakingo dute. Horretarako, autokarabana bat eta zenbait jarraibide emango zaizkie. Lehenengo atal honetan gure hiru Vikingak plazerraren bila abiatuko dira. Landa, Otxandio eta Urduñako bisitatuko dituzte eta plazer ezberdinak esploratu eta biziko dituzte. Bidean zehar euren misioan lagunduko dituzten pertsonekin egingo dute topo, hala nola Chica Sobresaltorekin.
Saioa asteazkenetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.