VI. Benito Ansola Sarirako ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko deialdia zabalik

Benito Ansola saria 2010.urtean sortu zen eta aurtengoa seigarren edizioa izango da, bi urtean behin egiten baitute. Sariketa honen asmoa gazteei euskarazko ikus-entzunezko lanak ekoizteko bidea zabaltzea da. Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du Euskal Zine Bilerarekin batera, eta irabazleak 3.000 euro jasotzen ditu bere proiektua hamar hilabetean gauzatu eta Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdiaren barruan aurkezteko.
Sariketa 18 eta 36 urte arteko gazteei zuzendua dago eta eurak sortuko dituzten ikus-entzunezkoak orotarikoak izan daitezke genero aldetik (fikzioa, sorkuntza, animazioa nahiz dokumentala) baina, hori bai, euskaraz sortuak, originalak eta inon argitaratu gabeak. Lanaren iraupena gutxienez 9 eta gehienez 18 minutukoa izango da animaziozkoak ez diren ikus-entzunezkoentzat, eta gutxienez 3 eta gehienez 18 minutukoa animaziozko lanen kasuan. Oinarriak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean daude jasoak.
Deialdia irailaren 19ra arte egongo da irekita eta epe horretan parte-hartzaileek euren proiektuak aurkeztu beharko dituzte e-mailez. Epaileek baldintzak betetzen dituzten proiektuak aztertuko dituzte eta hiru aukeratu. Hiru lan finalistek proiektuaren aurkezpena egingo dute azaroaren 26an Lekeitioko Zine Bilera jaialdiaren barruan bideo-deiez eta epaileek egun horretan bertan erabakiko dute zein izango den irabazlea. Saria hurrengo egunean jasoko du, azaroaren 27an, jaialdiaren azken galan.
Sariketan garaile izandako sortzaile asko zinemagintzan bidea urratzen ari dira gurean: David Zabala, Paul Urkijo, Maider Fernandez, Aitor Gametxo, Maria Elorza... Aurreko edizioko irabazlea Oier Fuentes izan zen, Arantza Irratiari buruzko Emisio Etena lanarekin.