Verde Pratok jaso du euskarazko disko onenaren MIN saria

Verde Pratok jaso du euskarazko disko onenaren MIN saria Espainiako Estatuko musika independentearen Iruñeko galan Zahara musikariak bildu ditu sari gehien, urteko disko onenarena tartean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/verde-pratok-jaso-du-euskarazko-disko-onenaren-min-saria/@@download/image/VEA_Gure Ahotsak_Verde Prato foto Maria Muriedas (2).jpg
2022/04/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Espainiako Estatuko musika independentearen Iruñeko galan Zahara musikariak bildu ditu sari gehien, urteko disko onenarena tartean.
Verde Pratok jaso du euskarazko disko onenaren MIN saria

Verde Pratok irabazi du musika independentearen MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria. Chill Mafia, Idoia, Liher eta Gaur taldea ziren lehiakide kategoria berean. 

Epaimahaiak Kondaira eder hura (2021) lanagatik egin dio aitortza Verde Prato ezizenez ezagun egin den Ana Arsuagari (Tolosa, 1994). Diskoan gai minimalistak aurkezten ditu, teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko folklorearen tradizioan oinarrituta. Izaro Andresen eskutik jaso zuen saria, asteazkenean Iruñeko Nafarroa Arenan egin zen sari banaketa ekitaldian.

Gainerako ataletan ez da Euskal Herriko irabazlerik izan, nahiz eta bertako musikariak ere bazeuden izendatuta, hala nola Chill Mafia, Chica Sobresalto, El Columpio Asesino, Kokoshca, Tributo a Pedro Iturralde diskoa eta Najwa. 

Musikarien emanaldiak ere izan ziren Carolina Iglesias umoregileak gidatutako ekitaldian. Tartean, Izarok Amaralekin kolaboratuz kaleratu berri duen Argia kanta, eta baita Chill Mafia, Baiuca, Maria Arnal i Marcel Bagés eta Ilegales taldeen zuzenekoak ere.

Zahara gailendu zen sari banaketan, inork baino sari gehiago eskuratu baitzituen, sei guztira; disko onenarena eta pop disko onenarena Puta lanagatik, bideoklip onena eta letra onenarena Merichane kantuarengatik, ekoizpen onenarena, eta diseinu onenarena. Urteko Abesti Onenaren Radio 3 Saria, berriz, Rigoberta Bandiniren Ay Mamá kantuarentzat izan zen, eta Artista Onenaren Amazon Music Saria ere Bandinik eskuratu zuen. Artista Emergente Onenarena Tanxugueiras talde galiziarrak irabazi zuen.