Valentina Sampaio: Victoria's Secret lentzeria markaren lehen modelo transgeneroa

Aniztasun faltagatik euren urteroko desfile entzutetsuari amaiera eman dio markak. Horrez gain, Valentina Sampaio Victoria's Secret-en lehengo modelo transean bilakatu da. Modeloak berak eman zuen argitara albistea bere Instagram kontuan. 22 urteko modelo brasildarrak hauxe idatzi du argazkiaren azpian: “Ez utzi inoiz amesteari. Bizitza harrigarria da. Maitatu gehiago, gorrotatu gutxiago. Gorrotoak ez du ezertarako balio, ez galdu denbora horretan.”
Sampaio-ren kontratatazioa Victoria's Secret-eko marketing-eko buruaren deklarazioek jasan zituzten kritiken ostean etorri da. Ed Reze-k marka ezagunak neurri handiko emakumeak eta transexualak ez kontratatzearen arrazoiak zein ziren azaldu zituen: “Show-a fantasia bat da, 42 minutuko entretenimendua. Horixe da. Bakarra da munduan eta beste edozein markek berehala hartuko zuketen, baita kritikatzen duten horiek ere.”
Alta, euren modeloak zirenak ere ez zeuden ados markak helarazten zuen prototipoarekin. Gisele Bündchen supermodeloak aipatu izan duenez ez zen ez seguru, ez lasai sentitzen horren arropa gutxirekin desfilatzen. Adriana Lima modeloak ere aitortu du ez lukeela berriz ere arropa kenduko “helburu hutsal batengatik.”
Markarentzat lan egin duten modelo ugarik adierazi dute nekatuak daudela ezartzen zaizkien inposizioekin, emakume perfektua izan beharrak osasun fisiko eta mentala kaltetzen diela azaldu dute eta nazkatuta daudela gizarteak esateaz nolakoak izan behar duten emakumeak. Ezinezko perfekzioaren aurrean planto egin dute askok.
Horregatik, eboluzionatzera kondenatua zegoen aspalditik Victoria's Secret. Horrela, iaz bitiligoa duen Winnie Harlow modela kontratatu zuen eta apirilean Lorena Durán, "neurri handiko" lehen modeloa hasi zen markarentzat desfilatzen. Oraingo honetan lehen modelo transexuala gehitu du bere ilaretara, saltzen zuen fantasia erikorra aniztasun osasuntsuagatik ordezkatuz. Ez daitezela salbuespenak izan!