V. Benito Ansola Sarirako ikus-entzunezko lanak aurkezteko epea luzatu da

V. Benito Ansola Sarirako ikus-entzunezko lanak aurkezteko epea luzatu da Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak euskal kultura zabaltzeko eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzeko antolatu dute bosgarren Benito Ansola Saria, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren laguntzarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/v-benito-ansola-sarirako-ikus-entzunezko-lanak-aurkezteko-epea-luzatu-da/@@download/image/BENITO-ANSOLA-LOGOA.jpg
2019/09/03

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak euskal kultura zabaltzeko eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzeko antolatu dute bosgarren Benito Ansola Saria, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren laguntzarekin.
V. Benito Ansola Sarirako ikus-entzunezko lanak aurkezteko epea luzatu da

 

  • Proiektuak aurkezteko epea irailaren 20ra arte luzatuko da.
  • V. edizioa izango da aurtengoa eta hainbat berrikuntza ekarriko ditu
  • 18 eta 36 urte arteko ekoizle gazteen lanak sustatzeko helburua du sariak. 3.000€ko saria jasoko du proiektu irabazleak.
  • Aurrez, hiru lan aukeratuko ditu epaimahaiak, Lekeitioko Euskal Zine Bileran epaileen aurrean aurkeztu ahal izateko. Irabazlearen izena amaiera ekitaldian jakinaraziko da.

Amateurrak profesional bihurtzeko baliatu dezakeen giltza da Benito Ansola, euskarazko zinemagintza bultzatzeko. Irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, bere lanaren gaineko ikusmira sortuko du, Euskal Zine Bileran estreinatuko baita gauzatzen duen proiektua.

Bosgarren edizio honetan parte hartu nahi duten gazteek, proiektuak (fikzioa, sortzailea, animazioa edota dokumentala) 2019ko irailaren 20a baino lehen aurkeztu behar dituzte. Benito Ansola Sarien oinarriak hemen daude osorik eskuragarri.
Saritutako proiektuaren izena 2019ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 30ean. Irabazleak, izendapena jaso eta 2020ko irailaren 4ra bitarteko epea izango du ikus-entzunezkoa bukatu eta antolakuntzari helarazteko.

Hainbat berrikuntza ekarriko ditu V.edizioak

 Bosgarren edizio honetan, hainbat berrikuntza gehitu dira sariketaren oinarrietan. Tartean, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da. Hauen egileek, Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute proiektua epaileen aurrean. Horien artean erabakiko da V. edizio honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, eta 10 hilabeteko epea izango du aurkeztutako proiektua burutzeko.

 Benito Ansola sariei buruzko informazio guztia (Aurtengo oinarriak, aurreko edizioak, aurreko edizioetako irabazleak…) www.kameratoia.eus webgunean duzue.