Uztailaren 6tik 8ra egingo dute aurten Lekeitiko Kale Antzerki Jaialdia

Uztailaren 6tik 8ra egingo dute aurten Lekeitiko Kale Antzerki Jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uztailaren-6tik-8ra-egingo-dute-aurten-lekeitiko-kale-antzerki-jaialdia/@@download/image/2012629603kale_antzerkia.jpg
2012/12/13
berria
Euskal Herriko antzerkigintza izango da Kale Antzerkiaren 23. Jaialdiaren zutabeetako bat, eta bertako ekoizpenez gain, Lekeitiko bi obra propio ere aurkeztuko dituzte: 'Karkabia' eta 'Lekittoko Deabruak' taldeek prestaturikoak. Kataluniatik, Gaztelatik, Frantziatik eta Uruguaitik ere hurbilduko dira aktoreak. Uztailaren 6tik 8ra luzatuko da aurten Lekeitiko jaialdi ezaguna.

1979an Eskandinabiatik heldu ziren lehen hankapaluak Lekeitiko portura, eta haiekin batera kale-antzerki garaikidea egiteko ohitura. Hala, Topaketak izeneko lehen jardunaldiak antolatzen hasi ziren. Hamar urteren ostean, ordea, antzerkigintzarako grinak bultzaturik, udalera jo eta Lekeitiko Kale Antzerki Nazioarteko Jaialdia plazaratzeko eskaera egin zuten. Geroztik, urtero errepikatu dute ekimena, eta Euskal Herriko kale ikuskizunen hitzordurik esanguratsuenetakoa bilakatu da.

Besteak beste, Hortzmuga, Karkabia, Gaitzerdi, Salitre-Teatro Mutante, Matrioska eta Lekittoko Deabruak euskal antzerki taldeak arituko dira Bizkaiko herrian. Era guztietako eta estilo anitzeko lanak aurkeztuko dituzte, erabat doan.

Haiekin batera, Zanguango Castillako taldea, D'Ailleurs uruguaitarrak, Trifaldo eta Industrial Teatrera kataluniarrak, eta Luc Amoros frantziarra ere izango dira. Horietako hainbatek, gainera, ikuskizun bat baino gehiago eskainiko du.

Kaleak bilakatuko dira eszenatoki, eta ikusleak eurak protagonista bilakatuko dituzten lanez gozatzeko aukera izango da, paisaia ezin hobeaz gozatuz. Hurbildu Lekeitiora!

Egitaraua


Ostirala, uztailak 6
19:30 Hortzmuga. Libertia ikuskizuna eskainiko dute, umeentzat zuzendurikoa, plazan.
20:30 Zanguango. La Mecanica de la Naranja ikuskizun barregarria, plazan.
23:00 Karkabia. Nire Nia baino ez dut ikuskizuna, esperimentazioa oinarri duena, plazan.
00:00 Gaitzerdi. Suz ikuskizuna Talan, abangoardia landuz

Larunbata, uztailak 7
12:30 D"Ailleurs. Un homme et une femme hankapaluen ikuskizuna, plazan hasita
19:00 D"Ailleurs. Les Quiconques panpinekin batera prestaturiko ikuskizuna, plazan hasita.
19:30 Salitre – Teatro Mutante. Amor ciego clown ikuskizuna, Eskolapetik San Pedropera bidean.
20:30 Trifaldo. L"es 3 zirko berri ikuskizuna, plazan.
22:30 Matrioska. Motel Matrioska ikuskizuna, abangoardia landuz, portuan
23:30 Luc Amoros. Page Blanche, artea eta komunikazioa lantzen dituen saioa, plazan.
00:30 Lekittoko Deabruak. Mingorri suzko kalejira, plazan hasita.

Igandea, uztailak 8
12:30 Salitre – Teatro Mutante. Amor Ciego clown ikuskizuna, Eskolapean hasi eta San Pedrora bidean.
19:00 D"Ailleurs. Parle-moi d"Ailleurs ikuskizun poetiko eta ibiltaria, plazan hasita.
20:00 Inustrial Teatrera. De paso clown ikuskizuna, plazan.