Uxue Apaolaza: Besteren errua

Uxue Apaolaza: Besteren errua https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2011/11/04
erreportajea
Samara Velte
Uxue Apaolaza: Besteren errua
“Armak fabrikatzen dituen sistema orori gertatzen zaio, gero jaurti egin behar dira; arma horiek gorrotoaren sofistikazioa izan daitezke, baina gorrotoa ez da baretzen mina ikusi arte, eta gero ere ez dakit.

Nik aspaldian onartu nuen nire gaiztotasun portzentajea, ez da nahikoa ordea, noizean behin portzentaje horren produkzioari irteera aurkitu behar zaio, eta fisikoki alferregia naiz arriskurik ezean kirola egiteko. Liburu bat, pentsatu nuen, liburu bat autorearen bortxa guztia jasateko prest dago.”

Uxue Apaolazaren hitzak dira, Lurren ahotsetik kontatuak. Apaolazak 2009ko Igartza bekaz idatzi zuen Mea Culpa nobelako protagonista da Lur. Ordura arte testu laburretatik ezagutzen genuen Apaolaza (Hernani, 1981): 2005ean Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin sorta argitaratu zuen, eta azken urteotan Berrian eta Argian iritzi artikuluak idatzi izan ditu.

Ezaguna genuen aurretik ere haren estilo korapilatsua, lasai hartu beharreko esaldiz josia. Testu laburretan ez zuen lan handirik ematen, baina nobela oso bat kosta egiten da: Mea Culpa ez da erraz irakurtzen den liburua.

Errudun sentitzen da Lur, ezer egin ez badu ere; edo, hain justu, ezer egin ez duelako. Sentimendu hori justifikatzearren, errudun izateko arrazoien bila dabil; nerabezaroko lagunez mendekatzeko erabakia hartzen du, benetan bere buruaz mendekatu nahi duen arren. Bakardadeak eta kolektibitateak, biek sortzen diote estutasuna, biengatik sentitzen da errudun. Jarrera zakarra du Lurrek, eta idazkera zakarra Apaolazak; pasarte batetik bestera egiten du salto, eta errealitatea Lurren galbahetik pasatuta, desitxuratuta ematen du. Gizartea eta giza harremanak lotsagorritzeraino biluzten ditu, irakurleari ere kulpa sentsazioa igortzeko, eta ikusteko ea hark jasan dezakeen orriek jasan dezaketen gorroto guztia.

Bibliografia


Umeek gezurra esaten dutenetik (Erein, 2005)
•Frantzisko Xabierkoa iheslaria
(Txertoa, 2008)
•Mea Culpa
(Elkar, 2011)