Uxue Alberdiren 'Belarriko kilkerra' liburuko hamabi kontakizun entzun daitezke Spotify-n

Uxue Alberdiren 'Belarriko kilkerra' liburuko hamabi kontakizun entzun daitezke Spotify-n Alberdik berak jarri die ahotsa istorio edo pasadizoei. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uxue-alberdiren-belarriko-kilkerra-liburuko-hamabi-kontakizun-entzun-daitezke-spotify-n/@@download/image/32604b01-0e68-4e58-83e6-f4959c6d2fee_16-9-aspect-ratio_default_0.jpg
2024/02/12
Alberdik berak jarri die ahotsa istorio edo pasadizoei.
Uxue Alberdiren 'Belarriko kilkerra' liburuko hamabi kontakizun entzun daitezke Spotify-n

Uxue Alberdik idatzi eta Begoña Durrutyk ilustratutako Belarriko kilkerra liburuko zenbait kontakizunen irakurketa entzun daiteke Spotifyn. Besteek ahoz kontatu, Alberdik berak belarriz jaso, eta eskua erabiliz idatzitako istorio edo pasadizoak biltzen ditu Belarriko kilkerra liburuak. Egileak berak esan duenez, fikziozko ipuin liburu bat idazten ari zela, ipuin batekin trabatu eta aitak pandemia garaiko itxialdian aho mezu bidez bidalitako istorioez gogoratu zen. Hamar minutu inguruko hirurogei grabazio zeuzkan, eta haietatik gehien gustatzen zitzaizkionak aukeratu eta idatziz jartzeko ariketa egin zuen, ahoz zuten txinparta mantentzen ote zuten ikusteko. Ondoren, inguruko kontalari trebeak xaxatu zituen beste istorio eder batzuen bila.

Hala, guztira hirurogei ipuin inguru jaso ditu liburuan, Begoña Durrutyren ilustrazioekin jantziak. Lau ataletan dago banatua. Lehenengoan, Marrubi lapurretan izenekoan, istorio alai, fresko eta dibertigarriak jaso ditu, bihurrikeria eta lapurreta txikiak. Bigarrenean, Zerurako eskailera atalean, hil osteko kontuak ageri dira, umore beltza. Hirugarrenean, Minaren gelan, bestearen premiaz, indarkeriaz, maitasunaz eta arnasaz ari da. Azkenik, Ispiluan izenekoan, gorputzaren ingurukoak bildu ditu, haren opariak eta komeriak, lotsak eta pozak, minak eta grinak.

Hogeita hamaika kontalariren ipuinak daude bertan, hala nola Antxine Mendizabal, Beñat Gaztelumendi, Felix Zubia, Helena Xurio, Idurre Eskisabel, Iñaki Gurrutxaga, Jone Santamaria, Amaia Agirre, Nerea Ibarzabal, Thierry Biscary, Xabier eta Miren Amuriza, eta Andres Alberdirenak, idazlearen aitarenak.

Spotify zerrendan liburuko hamabi kontakizun entzun daitezke: Euri-egunak, Aizkora eta Zauria, Pinaburuak, Saloon, Segizioa, Polloeko Burezurra, Gorputzari aldrebes, Abarka, Maitasuna kontserban, Elurreren birikak, Geometria eta Ispilua. Alberdik berak jarri die ahotsa kontakizunei.