Utikan, Asko ibilitakoen bidea

Donostiako Utikan taldeak bide luzea egina du jada musika munduan. 1986an hasi ziren gitarra eta tinbalak astintzen. Ordutik hona, zalaparta askorik egin gabe -hori bai-, ez diote sekula lan egiteari utzi. Horren ondorio da oraintsu IZ disketxearekin argitaratutako "Bidea" hirugarren diskoa.
Lehen aipatu ibilbide luzearengatik ezezik, "Bidea" izenburu egokia izan daiteke Utikan-ek sorreratik hona izandako bilakaera handia iradokitzeko. Lau maketen ondoren, metalari keinu egiten zion lehen diskoa etorri zen. "Zurrunbiloan" izeneko bigarren lanean, aldiz, abestien eskemak erraztu egin ziren, lan rockeroagoa eskainiz. "Bidea" honetan, azkenik, alferrikako zailtasunik gabeko hamar abesti on topatuko ditu musikazaleak, erritmo bare eta pausatuan gehienak, baina ez horregatik indargeak. Melodia asko, batzuetan ia pop ukituekin, eta oso punteo gutxi. Horra hor Utikan-en bidea.
Haritz Harreguy ekoizpenean
"Abesti asko genituen disko honetarako" -diosku Rafa Cabeza gitarrajoleak- "baina ildo berekoak aukeratu eta besteak kanpoan geratu dira. Agian baretu egin gara pixka bat, egia da". Koldo Soret baxujoleak hitza hartu dio Rafari: "dena den, baretze hori nahi gabeko gauza izan da, horrela atera baitira gauzak. Hirugarren diskoan, lehen diskoetan ez bezala, ez duzu ezer erakusteko beharrik sentitzen. Helburua produkzio ona izatea da, hiru akorderekin zerbait ona egitea. Trebezia baino, sentimendua eman behar zaio kantuari".
Ekoizpenaz ari garela, ezin Haritz Harreguy usurbildarra aipamenik gabe utzi. Usurbildarra arduratu da ekoizpenaz, eta bere parte hartzea asko nabari da azken emaitzan. Sen taldeko gitarrajoleak serio hartu du bere egitekoa, eta hainbat aholku eman dizkie taldekideei: "argi hitz egin du beti, eta zenbait aldaketa proposatu ditu kantu batzuetan. Lan handia egin du hasieratik soinu jakin bat lortzeko, eta horretarako ordu asko egin ditu gure lokalean. Askotan taldea kanpotik ikusten duen batek ikuspuntu hobea izaten du gauza askori buruz", adierazi digu Rafak. "Taldekide bat gehiago izan da", gaineratu du Koldok.
Konposizio lanetan, bideak lanak banatzera eraman ditu. Aurreko bi diskoetan kantu gehienak Rafarenak ziren, baina oraingoan Koldo baxujoleak eta Iker gitarrajoleak hiruzpalauna kantu egin dituzte, eta Melania kantariak bere egin du abeslari-sortzailearen rola. Kolaboratzaileen artean, berriz, taldearentzat zenbait hitz egindako Xabier Silbeira dago.