Urte berriko proposamena: zaindu zure osasun mentala

Urte berriko proposamena: zaindu zure osasun mentala Osasun fisikoak bereziki kezkatzen gaitu urteko garai hauetan, eta maiz buruaz ahaztu egiten gara. Jarraian, osasun mentala zaintzeko 6 aholku. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urte-berriko-proposamena-zaindu-zure-osasun-mentala/@@download/image/salud_mental2.jpg
2021/01/14
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Osasun fisikoak bereziki kezkatzen gaitu urteko garai hauetan, eta maiz buruaz ahaztu egiten gara. Jarraian, osasun mentala zaintzeko 6 aholku.
Urte berriko proposamena: zaindu zure osasun mentala

Urte berriko promesa ohikoenetako bat kirol gehiago egiteko konpromisoa hartzea izan ohi da; hala, urteko garai hauetan inoiz baino jende gehiagok ematen du izena gimnasioetan edo kirol ekintzetan. Gabonetan gehiegi jan izana edota eguraldi txarrak bultzatutako sedentarismoa eta urte berria estreinatzearekin batera gauza berriak egiteko sentitzen dugun grina elkartzen dira erabaki horretan. Baina osasun fisikoaz kezkatzen garen heinean, guztiz ahazten dugu gure osasun mentala.

Gorputz fisikoa zaintzea bezain garrantzitsua da gure buruari tartea eskaini eta bere osasun egoeraz jabetzea. Eta bereziki aurten, martxotik arrastaka daramagun pandemiak eragindako txikizio guztiekin. Errutinara egokitutako izakiak garen heinean, geure eguneroko normaltasunean babesten gara gertatzen ari denak guregan eragin minimoena izan dezan, baina ez dezagun gure burua engainatu; pandemia honek guztiok kaltetu gaitu neurri handiago ala txikiagoan.

Osasun mentalerako sekulako erronka suposatu du 2020. urteak, eta hasi dugun urteak ere bide bera darama oraingoz. Gauzak horrela, gizarte mailan antsietate eta depresio mailak inoiz baino gehiago handitu dira; osasun kezkarekin batera arazo ekonomikoak eta gabezia sozialak bizi ditugu, eta guzti horrek sekulako inpaktua du gure buruan.

Gauzak horrela, aurten gure osasun mentalean denbora inbertitzeko urtea izan dateke; esan bezala, gorputz fisikoa zaintzea bezain garrantzitsua da burua osasuntsu mantentzea. Baina, nola zaindu dezakegu gure osasun mentala? Jarraian, gomendio batzuk bildu ditugu:

1) PROBATU TERAPIA PSIKOLOGIKOA: Zergatik ez gure osasun mentala profesionalen esku utzi? Gimnasioan entrenatzailearen gomendioak jarraitzen ditugun moduan, psikologo batek gure osasun mentalaren egoera aztertu eta hobetzeko tresnak, estrategiak eta baliabideak eskainiko dizkigu.

2) ARIKETA FISIKOA EGIN: 'Mens sana in corpore sano' latinezko esaldi ezaguna egia borobila da; ezin dugu osasun mentala zaindu gure gorputza osasuntsu aurkitzen ez bada. Biak elkarri lotuta doaz; horregatik, kirola egiten hasten garen heinean eta hobekuntzak nabaritzen hasten garenean hobeto sentitzen gara gure buruarekin.

3) BIZITZA AKTIBOA MANTENDU: Itxialdia sofari pega eginda igaro bagenuen ere, gure burua ekintzarako programatuta dago. Gomendiorik onena egunero apur bat egitea da, dela paseatzea, kirolen bat praktikatzea edota gustuko dugun aktibitate edo denborapasa bat egitea. Eta noski, ez itzazu lagunak eta senideak ahaztu; haiekin harreman osasuntsuak mantentzeak izugarri lagundu dezake.

4) OSASUNTSU JAN: Janariak ez du soilik gure osasun fisikoan eragiten, baita mentalean ere. Adituek arrazoiarekin diote urdaila dela gure benetako garuna; depresioa eta antsietatea sufritzen ditugunean urdaila izaten da sintomak sentitzen dituen lehen organoa, harekin lotutako gaixotasunak garatuz. Bestalde, ugariak dira janari azkarraren kontsumoa depresioarekin lotzen dituzten ikerketak. Betikoa; hobe fruta eta barazkiz hornituriko dieta aukeratzen badugu.

5) ONDO LO EGIN: Loa da garuna osatzeko sendagairik onena. Horregatik, garrantzitsua da lo errutina osasuntsuak mantentzea. Saiatu beti ordu berean lokartzen eta esnatzen, logela soilik lo egiteko erabili, garbi mantendu eta argia itzali.

6) ALKOHOLA ETA DROGAK ALDENDU: Geroz eta gehiago dira alkoholaren eta bestelako drogen eta arazo mentalen arteko lotura zuzena baieztatzen duten ikerketak. Ez dugu ahaztu behar alkohola droga depresiboa dela, dependentzia handia sortzen duena gainera; droga bigunak arriskutsuak izan daitezke, konturatu gabe eragiten dituztelako gaixotasun mentalak.