Urtarrilaren 12ra bitarte izango da ikusgai Harimakila

Urtarrilaren 12ra bitarte izango da ikusgai Harimakila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urtarrilaren-12ra-bitarte-izango-da-ikusgai-harimakila/@@download/image/harimakila_1386749386.jpg
2013/12/11
berria
Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Montehermoso Kulturuneak elkarrekin antolatutako Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa 2013 deialdi publikoaren baitan, Mobiolak arte kolektiboaren eta Setem Hego Haizea GKEren Harimakila proiektua suertatu da garaile. Bihar, abenduak 12, egingo dute estreinaldia Gasteizko Montehermoson.


Arropa Garbia Kanpainaren salaketa oinarri hartuta, Asiako herrialdeetako ehungintza fabriketan diharduten langileek pairatzen duten egoera gogorra agerian uztea izan du helburu Harimakila proiektu artistikoak, eta giza eskubideen urraketaren inguruko sentsibilizazioa bilatzen du. Horretarako instalazio interektibo bat jarriko dute Gasteizko Montehermoso Kulturunean, eta hiriko hondakinak berrerabiliz Asiako lantegietako egoera berreraikiko dute, era birtualean bada ere, ikusleak une batez hara garraiatzeko.

Instalazioa abenduaren 12an inagurutauko dute, osteguna, iluntzeko 19:30ean, eta urtarrilaren 12ra bitarte izango da ikusgai. Gainera, abenduaren 17, 18 eta 19an, asteartetik ostegunera, bisita gidatuak egingo dituzte.

Sortzaileak
Mobiolak arte kolektiboa eta Setem Hego Haizea gobernuz kanpoko erakundea daude egitasmo honen atzean. Lehenak artea, hezkuntza eta parte hartzea oinarri dituen proiektuak sortu eta ekoizten ditu kultur bitartekaritzan diharduten artista eta profesionalen bitartez, eta bigarrenak ekoizpen, kontsumo eta finantza eredu bidezko eta jasangarriaren alde dihardu lanean genero ikuspegitik.

Haiekin batera hainbat arkitekto, musikari, artista plastikok… parte hartu dute ekimenaren sorkuntzan, eta datozen asteetan bertara hurbiltzen diren gasteiztar eta gainerako herritarren kolaborazioa ere ezinbestekoa izango da.

Antzerki tailerra



Harimakila proiektuaren baitan, eta instalazioa martxan jarri aurretik, antzerki tailerrak eskaini dituzte beronen sortzaileek. Berauetan bederatzi gaztek parte hartu dute, eta hiru egunez erosten dugun arropari buruz, modaren eraginaz, irudiak gure gizartean duen garrantziaz, estereotipoez eta besteen iritziak gugan duen indarraz jardun dute.

Hori guztia biltzen duen eta instalazioan proiektatuko duten bideoa osatu dute gainera, eta inaugurazio ekitaldian ere ekintza/performance bat egingo dute.