Urritasun fisiko edo psikikoa dutenen sexu eskubideak

Urritasun fisiko edo psikikoa dutenen sexu eskubideak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urritasun-fisiko-edo-psikikoa-dutenen-sexu-eskubideak/@@download/image/94p38sex_1362749724.jpg
2009/03/06
erreportajea
Nerea Sancho psikologoa eta Sexologoa.
Urritasun fisiko edo psikikoa dutenen sexu eskubideak
Pertsona guztiek eskubide berberak ditugu, sexu kontuetan ere bai. Teorian horrela da, baina praktikan ez. Eta arazoa larriagoa da urritasun fisikoa nahiz psikikoa duten pertsonen artean. Guzti haien sexu eskubideak izango ditugu hizpide.

Munduan pertsona adina sexu joera dago. Bakoitzak gizon edo emakume gisa bizitzeko modu propioa du. Urritasun fisikoa edota psikikoa duten pertsonek ere bai: maitemindu egiten dira, desioak dituzte, fantasiak, gauza berriak probatzeko gogoa… ondokook oztopoak jartzen ez badizkiegu, betiere.

Adibidez, Down sindromea duen gazteak edo oinez ibili ezin duenak bat datoz honetan: euren sexu eskubideak urritasunik ez dutenenak baino gehiagotan urratzen direla.

GAZTEZULOko txoko honetan, iaz, Munduko Sexologia Elkarteak 1999. urtean onartutako Sexu Eskubideen Deklarazioak zehazten dituen eskubideen berri eman genizuen hilero. Deklarazio horretan jasotako eskubideak denontzat berdinak izanik, urritasuna duten gizon-emakumeenak ozenago aldarrikatu beharrean gaude oraindik.

Jarraian dituzue oinarrizko eskubideetako batzuk:  

"Intimitatea eta pribatutasuna behar ditugu. Bakarka egoteko, sexu-kidearekin gozatzeko..."

"Janzkera eta apainketaren bidez gure nortasuna adierazteko aukera izan nahi dugu. Gure erakargarritasuna sustatu. Ez dugu zertan jantzi haur txikiak bagina bezala!"

"Gure harremanak aukeratzeko eskubide osoa dugu, esate baterako, bikotearekin zein pauso eman nahi dugun erabakitzeko."

"Sexu hezkuntza jasotzeko aukera beharrezkoa dugu. Horren helburua, norberak bere burua ezagutzea, izaera onartzea… da bizitza kalitatea hobetzeko eta zoriontsu izateko aukerak sortzeko. Hezkuntza ez da soilik arriskuak ekiditea."   
"Antisorgailuak aukeratu eta erabiltzeko aukera izan nahi dugu, infekzioak ekidin eta haurdunaldiari buruz erabaki ahal izateko."

"Haurdun geratzeko laguntza beharrean bagaude, izateko eskubidea dugu. Guraso izan gaitezke."

"Sexualitateari buruz ez hitz egiteak, tabu bihurtzeak, isiltasunak, guztioi kalte egiten digu. Neskak eta mutilak gara, gizonak eta emakumeak. Maitemindu egiten gara, fantasia erotikoak ditugu, desioak… bakarka nahiz konpainian."

"Zenbait botikak sexua jokabideetan eragin zuzena du. Eragin hauei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea dugu."

Sexu hezkuntza, informazioa eta tratamenduak jasotzeko aukera, berezko  eskubideak izanik, ez dira bermatzen. Urritasun fisiko nahiz psikikoak dituzten neska-mutilek ez dute zerbitzu berariazkorik. Espainiar estatuko  erkidego batean adibidez, Valentzian zehazki, urritasuna duten pertsona eta haien ingurukoei zuzendutako zerbitzua abiarazi zuten duela urte batzuk. Zerbitzu horrek Discasex du izena eta webgune propioa dauka: www.discasex.com. Gaztelaniaz dagoen arren, hegoaldeko irakurleek informazio interesgarria jaso ahal izango dute. Horrez gain, doako telefono zerbitzua ere badute: 800 400 300.

SEXESALDIA


Bette Midle-en esaldia: Sexua hain naturala bada, zer dela eta daude hainbeste liburu nola egin azaltzeko?

X IZPIEKIN



Adostu al duzu inoiz hitzordura azpiko arroparik gabe joatea?

SEXEGUNA


Martxoaren 8a: Emakumearen Eskubideen eta Nazioarteko Bakearen aldeko Nazio Batuen Eguna.
Maiatzaren 15a: Familien Nazioarteko Eguna.
Maiatzaren 28a: Emakumeen Osasunaren Aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna.