Urriaren 11tik 13ra, Mangamore 13 Amorebieta-Etxanon

Urriaren 11tik 13ra, Mangamore 13 Amorebieta-Etxanon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urriaren-11tik-13ra-mangamore-13-amorebietaetxanon/@@download/image/mangamore_01_1379322878.jpg
2013/09/16
berria
Manga eta animeak euskal gazteen artean bereganatu duen ospearen eta zaletasunaren erakusle dira Mangamore jardunaldiak. Urriaren 11tik 13ra zazpigarren edizioa egingo dute Amorebieta-Etxanon, eta bide batez, herrian bertan kokatutako 'Ureshi Land' bideokoa aurkeztuko dute.


Manga hitzak istoriotxoa esan nahi du japoniarrez, eta anime-k beronen baitako estilo edo joera multzo bat adierazten du. Bigarren Mundu Gerraren ostean pixkanaka pisua hartzen hasi ziren Japonian sortutako marrazkidun istoriotxoak, eta urteen poderioz mundu osora hedatzea eta milaka jarraitzaile izatera heldu dira. Euskal gazteen artean ere dezente zabaldu dira azken urteetan, eta Japoniako kultura gurean ere ezagutarazteko asmoz sortu zuten orain zazpi urte Mangamore jaialdia Amorebieta Etxanon. Iazko edizioan, esaterako, 10.000 lagundik gora batu ziren.

Amorebieta-Etxanoko Ametx Kultura eta Euskara zerbitzuetarako erakunde autonomoa da, hain zuzen, ekimenaren antolatzaile nagusia, Amorebieta-Etxanoko Udalarekin batera, eta Soshiki elkartearekin, Forjadores Amorebieta Etxanoko gazteen elkarte kulturalarekin, Tarasu manga eta anime elkartearekin, Bizkaiko Foru Alduniarekin eta Euskok Jaurlaritzarekin batera dihardute elkarlanean.

Zuzeneko emanaldiak, tailerrak…
Aurtengo edizioa urriaren 11tik 13ra egingo dute, ostiraletik igandera, eta lehen aldiz Zelaieta gunetik atera eta herriko kaleetara eramango dituzte jardunaldien baitako zenbait ekintza, Mangamore Parade izenpean. Halaber, herriko ostalariekin, dendariekin eta rol joko nahiz manga eta anime elkarteekin egindako akordioei esker, jaialdiak dimentsio zabalago bat izango du, eta bertako nahiz atzerriko bisitari gehiago erakarriko ditu.

Zelaieta gunea arratsaldeko 17:00etan zabalduko dute ostiralean, eta asteburuan zehar goiz eta arratsaldeko ordutegia izango du, etenik gabe. Kirol tailerrak, zuzeneko emanaldiak, gastronomia eta makillaje tailerrak, mintzaldiak, erakusketak, bideojokoak eta beste hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango da, eta hainbat lehiaketa antolatuko dituzte, ala nola, Cosplay edota Karaoke txapelketak. Dena den, egitarau osoa jakin nahi izanez gero, sartu hemen.

Ureshi Land


Japoniako eta Estatu Batuetako manga eta anime korronteak jarraiki, Amorebieta-Etxanon kokatzen den bideokoa sortu dute, Ureshi Land. Jaialdiko maskota den Ureshi pertsonaia izango da protagonista, eta herriko udaletxea, eliza, kaleak izango dira eszenatoki nagusiak. Bideokoa urritik aurrera izango da eskuragai, eta Mangamoreren webgunean nahiz Gazteria Sailaren atarian probatu ahal izango da.