Unibertsitario maitagarriak

Unibertsitario maitagarriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/unibertsitario-maitagarriak/@@download/image/28p32-1.jpg
2003/03/07
erreportajea
Unai Brea
Unibertsitario maitagarriak
Psikologo lana egin dugu Euskal Herriko campusetan (noizbait gure buruari ere egin beharko diogu azterketa), eta unibertsitarioak nolakoak diren aztertu dugu. Hemen dituzue gure campusetako ikaslerik maitagarrienak.

Sparring-a
Ez digu inork ziria sartuko. Unibertsitate guztietako klaseetan, bada etengabe irakasleen atzetik dabilen norbait: irakaslearen aurrean eseri ohi da, irakaslearen gustuko galderak egiten ditu, bulegoz bulego ibiltzen da "zalantzak" argitzeko asmoz, nota onak lortzen ditu, gorago egin nahi du beti... Esan bezala, ez digu inork ziria sartuko: unibertsitari mota hau oso gorrotagarria da, baina hala ere, gorrotagarria bezain beharrezkoa da. Noren kontra bideratuko dute, bestela, gainerako ikasleek euren haserrea? Sparringarena egiten du, beraz. Are gehiago, herri guztietan, beharrezkoak dira politikari kaskarrak, funtzionario bihozgabeak, banketxeburu diruzale porrokatuak, langile salatariak... Unibertsitario mota hau ez balego, nork beteko lituzke egiteko horiek?

Unibertsitario lover
GAZTETXULOn duela urte erdi pasatxo Euskal Herriko ligodromoei buruzko erreportajea argitaratu genuen. Ligodromorik handiena ahaztu zitzaigun, ordea: unibertsitatea. Unibertsitatea jakintzaren biltegia da, eztabaidatzeko eta ikuspuntu kritikoa lantzeko mahai inguru erraldoia, Euskal Herriaren etorkizuneko gidariak prestatzeko tokia... Bai, baina ez baduzu ligatzen, pikutara hitzaldi sorta, eztabaida interesgarri eta agiri guztiak! Ez dezagun gure burua engainatu: unibertsitate garaiko porrot handiena, dudarik gabe, ez ligatzea da. Gai honetan, ikaragarrizko kontraesana dago, hala ere, jende gehien-gehiena porrot egindakoen multzoan dago eta. Dena dela, unibertsitatea kontraesanez beterik dago. Izan ere, jendea zerbait ikasi nahi duelako edota etorkizunean lanbide jakin batean eta baldintza duinetan aritu nahi lukeelako joaten da unibertsitatera...

Kontraesanak kontraesan, ukaezina da unibertsitatea benetako gozamena dela ligatzearen profesional urrientzat; liburutegia da beraien gotorlekua.

Parrandazalea
General Motors-ek ezagutuko balu, bi alditan pentsatu gabe fitxatuko luke unibertsitario parrandazalea, enpresan kudeaketa lanak egin ditzan. Izan ere, hori da hori antolaketarako gaitasuna! Etxebizitza bat lortu; lagunak, ezagunak eta etsaiak gonbidatu; edari motak erabaki, kopuruak kalkulatu eta erosketak egin; musika aukeratu... Ez da batere erraza klase arteko hamar minutuko atsedenalditxoan sekulako festa antolatzea! Ez hori bakarrik: unibertsitario parrandazalea langile nekaezina dugu. Hau da, honelako "ekimen" bat burutu eta hurrengo egunean, eta bertan parte hartutako guztiak leher eginda daudela, gure protagonista lanean ari da buru-belarri berriro ere beste bat antolatzeko.

Horregatik, ez da harritzekoa unibertsitario mota hau, ikasketak behin amaituta, ardura handiko postuetan ikustea. Bada horretarako beste arrazoi bat: alkoholak neuronak hiltzen ditu, baina neuronarik ahulenak soilik, eta parrandazaleak neurona ahul guztiak akabatu eta indartsuenak baino ez ditu buruan.

Gure alternatiboa
Denen laguna. Jatorra, atsegina eta barregarria. Ez da Lodosakoa, baina Euskal Herriko piper egilerik handiena da. Oso maitagarria. Dena den, beste ezaugarri nagusi bat du: alternatiboa. Alternatiboa, janzkeran. Alternatiboa, ideietan. Alternatiboa, bizimoduan. Gizarte guztiek beharrezko duten gutxiengo horren partaide omen da unibertsitario mota hau. Oso alternatiboa denez, eta dena "alternatibatu" egin behar duenez, alternatibaren alternatiban dago gaur egun. Hau da, jende gehienak janzkerari erreparatzen ez diola eta edozein gauza janzten duela uste duen arren, berak ez du ehun eurotik beherako arroparik erosten. Klasean eta edozein eztabaidatan ikuspunturik kritikoena defendatzen duen arren, sekula ez duzu inongo gizarte mugimendu edo ekimenetan lanean ikusiko. Eta campuseko pertsonarik independenteena dirudien arren, ez du gurasoen altzotik ateratzeko asmorik. En-presaburu gupidabe izan ohi dira ikasketak amaituta. Horixe: alternatibaren alternatiba.

Altxorraren babeslea
Behin, txikitan, litxarreria boltsa bat eraman zuen ikastolara; klaseko lagunei eskaini egin zien eta ikaskideek, noski, dena hartu zuten, bera ezer gabe utzita. Gertaera hark bizitza ikusteko beste era ekarri zion, eta psikologoa hori aldatzen saiatu den arren, alferrikakoak izan dira saio guztiak. Unibertsitateko klasekideak ez dira bere klasekide: lapurrak dira, piratak, etsaiak... Eta, badakizue, etsaien aurka, defendatu beharra dago! Baina, zer defendatu behar du? Altxorrik preziatuena, diruz ere eros ezin daitekeen harribitxia, urtetako edo mendetako izerdiaren fruitu sakratua: apunteak. Ondoan esertzen diren ikasleek erotuta dagoela uste dute. Izan ere, diotenez, zeinu arraroetan oinarritutako hizkuntza erabiltzen du apunteak jasotzeko  (>ª#¡}]#``+¡´ç...). Bere kode sekretua! Ohe ondoko mahaitxoan, liburu bat du beti: "Altxorraren Uhartea".

Txuletagilea

Nolakoa izango litzateke unibertsitatea, azterketa guztietan, ondokoari kopiatu, txuletak atera, galderak aldez aurretik eskuratu... nahian dabilen jende hori gabe? Oso aspergarria, bai ikasleentzat, eta baita irakasleentzat ere. "Lortuko al du azterketa gainditzea?". "Zein trikimailu erabiliko du oraingoan?". Haiek gabe, mota honetako galderek ez lukete zentzurik izango. Pertsona azkarra izaten da iruzurgilea. Baita zoriontsua ere: azterketa gainditzen ez duenean ez du halako fustrazio handirik, baina helburua lortzen duenean... hori poza! Eta bizitza honetan, begibistakoa da, zoriontasuna bilatzen dugu denok. Ildo honetatik, unibertsitario hauek zaletasuna lanbide bihurtu ohi dute (zein pagotxa!): fotokopia denda jarri ohi dute campusetik gertu.