Umeentzako 150 ekintzatik gora antolatu dituzte Bilboko konpartsek jaietarako

Umeentzako 150 ekintzatik gora antolatu dituzte Bilboko konpartsek jaietarako Adin guztietako jendearentzako 533 jarduera izango dira abuztuaren 20tik aurrera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/umeentzako-150-ekintzatik-gora-antolatu-dituzte-bilboko-konpartsek-jaietarako/@@download/image/Aurkezpena03.jpeg
2022/08/09

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Adin guztietako jendearentzako 533 jarduera izango dira abuztuaren 20tik aurrera.
Umeentzako 150 ekintzatik gora antolatu dituzte Bilboko konpartsek jaietarako

Bilboko Konpartsen jaietarako aurtengo leloa honako hau da: "Nagusia izango da, itzulera handi bat". Nagusia izanagatik, ez dira gazteenez ahaztu, ordea, egitaraua prestatzeko garaian. "Jakin badakigu umeek eta nerabeek eremu piloa galdu dutela azken urteotan, plazetan, kaleetan, parkeetan, ikastetxeetan eta abarretan, elkarrekin jolasean eta olgetan ibiltzeak ematen duen konfiantza, partaidetza eta kolektibotasuna higatu eta kamusteraino kasu batzuetan. Horren aurrean, Aste Nagusia nagusia izan dadin beharrean ibili gara, lehen aipatu dugun poz hori txikienei bueltatzeko, batez ere", azaldu dute. Hori dela eta, 160 ekitaldi antolatu dituzte txiki eta gazteentzat.

Umeen oso lagun diren hiru pertsonaiak ere parte hartuko dutela iragarri dute: Gargantua, Karpatxo eta Mekanitxin. Gargantua 2019an bueltatu zen Arriagara eta aurten ere itzuliko da, "hurbilduko diren ume denak irensteko prest". Karpatxo parrandazaleak eta Mekanitxin arduratsuak, berriz, patinete gainean gidatuko dituzte haur eta gaztetxoak, hainbat ekintzatan parte har dezaten: goitibehera tailerra, zapi serigrafia, sortu zure txosna edo umeen kalejira...

Adin guztietako jendeari zuzendutako 533 jarduera prestatu dituzte konpartsek Bilboko Aste Nagusirako,  Jai Batzorde Mistoaren baitan elkarlanean antolatutakoez gain. Horien artean bilbotarren goitibeheren jaitsiera nabarmendu dute, lehenengo aldiz Euskal Inertzia Koparako puntugarria izango den proba. Lehenengo igandean izango da, eta edonork izango du Zabalbide kaleko bihurgunetatik maldan behera botatzeko aukera, errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionalez zein Bat Formulakoez. Gainera, Konpartsakidetu! ekimenaren barruan, goitibehera-tailerra izango da San Antonen; bertan, txikienek euren goitibehera egin ahal izango dute. Bestalde, Erripako kaian ura, kirola eta umeen jarduerak uztartuko dituzte: piraguen igoera, waterpoloa, ur-jokoak eta 3×3 basket txapelketa, besteak beste.

Euskal Herrian ohikoa izaten den moduan, lehiaketa eta jarduera gastronomikoak ere izango dira. Areatzan patata-tortillak, txipiak, bakailaoak, marmitakoak eta bestelako janariak prestatuko dituzte kuadrillek, lehiaren baitan. Horretaz gain, gastrotxiki-gunea izango da, eta baita hainbat dastaketa eta tailer ere. Jatekoaz gain, kirolerako eta jolaserako tartea re izango da jaietan: hiri krosa, aerobithoia, igel-toka, xakea, musa, herri-kirolak, Blood Bow eta Open Magic jolasak...

Egitaraua aplikazioan
Telefono mugikorretan egitarauaren eta Aste Nagusian gertatzen den guztiaren berri edukitzeko aplikazioa prestatzen ari dira konpartsak. Google Play-n eta Apple Store-n izango da eskuragarri, doan. Konpartsa bakoitzak eta Federazioak antolatutako ekitaldi guztiak bilduko dituzte bertan. Egitaraua PDF formatuan ere deskarga daiteke.