Uhinen azpian igerian

Ibili zen Itziar Alduntzin. Euskadi Irratira bota zuen sarea, eta baita arrantza ederra egin ere. Dozena bat arrain nahikoak izan zituen milaka ikusleren begiak asetzeko. Jesukristok azken afarian egindako mirariaren parekoa lortu zuen "Begia gose" saioak. Euskal Herriko uhin artean fauna aberatsa ezkutatzen baita.
Euskadi Irratian egun bat. Kamera mikrofonoari itsatsi eta ahotsen aurpegiak ikusi genituen. Goizeko hiruretan lanera sartzen den Manuren aurpegia eta emozioz jositako azken tantoa komentatzen duen Iñakiren aurpegia. Milaka ahots ezagunen milaka aurpegi ezezagun. Eta milaka begirada. Baina begirada bakarrak mila hitzek baino gehiago esaten omen du. Bada, Euskadi Irratian esaera horri buelta ematen saiatzen dira egunero. Mila eta batgarren hitzaren bila. Haizea kontra, baina uhinak lagun. Eta borroka hori zein nekeza den ikasi genuen hitzak iruditan ikustean.
Zenbat lan dakarren minutu bateko hizketaldiak. Zenbat izerdi, denek entzun nahi duten esaldi horren bila aritzeak. Zenbat neke, baina zenbat plazer. Plazerra entzuten baita Euskadi Irratiko hitz guztien atzean. Plazerra ikusten Itziar Alduntzinek Euskadi Irratiari buruz egindako "Begia gose". Baina, plazerrak plazer, beste arazo bat sortu zaigu orain. Begia ase dugunean, belarria gosetu zaigu.
Liburu bat egunero

Gaurko telebistari egin geniezaiokeen kritikarik zorrotzena dibertsio hutsak kultura orokorra irentsi duela da. Baina telebista kate gehienek literatura apalean hautsa pilatzen utzia badute ere, France 3 eredugarria da. Egunero liburu bat aurkezten du, Un livre un jour saioan.
Egunkaria aurrera

BBVA-ren iragarki berria : "Aurrera ibiltzea da, aurrera ikastea da, aurrera aurrera egitea da..." Gauza bat ahaztu zaie. Aurrera albisteak euskaraz irakurtzea da. Aurrera Egunkaria izatea da. Egunkaria aurrera.