UEU-ren udako ikastaroak Bilbon abiatuko dira, ekainaren 11n
UEUk 54. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu eta 23 jardunaldi eta ikastaro izango dira haren baitan. Hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu ditu, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko asmoz. Hainbat tokitan izango dira saioak: Bilbo, Eibar, Usurbil, Azpeitia, Iruñea, Baiona, Gasteiz, Tolosa eta Errenteria.
Hasiera ekitaldiko jardunaldia "Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean" izango da, ekainaren 11n, Bilboko Euskaltzaindiaren Egoitzan. Hainbat galderen inguruan hausnartuko dute bertan: "Zein da euskarak unibertsitatean duen balioa? Zer egin daiteke egoera hori hobetzeko? Nola konektatu dezakegu eztabaida hau euskararen biziberritzearen pizkunde-garaiarekin?".
Adierazkortasuna euskaraz lantzeko norabideen inguruan arituko dira Usurbilen, ekainaren 18an eta 19an. Miren Amuriza, Kike Amonarriz eta Iratxe Retolaza izango dira hizlarietako batzuk, eta mahai-inguruak ere izango dira, tartean Garazi Arrula, Gorka Bereziartua eta Danele Sarriugarterena.
"XX. Mendeko Euskal Plazandreak: Etendako Loraldia" jardunaldian XX. mendeko lehen herenean plazara atera ziren euskal emakumeen ekarpena ikusgarri egitea, balioestea eta konplejizatzea izango dute helburu. Eibarren arituko dira gai hori jorratzen, ekainaren 29an eta 30ean.
Haur gorren hizkuntza egoera ere izango dute hizpide uztailaren 6an, Bilbon. Haien garapen komunikatibo eta hezitzailearen inguruko erronka nagusiak aztertuko dituzte, eta, era berean, hizkuntzarako sarbide osoa txikitatik bermatzeko hobekuntza-ildo posibleak identifikatzen saiatuko dira.
Euskarazko kirolaren arloari helduta, elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta etorkizuneko elkarlan posibleak irudikatzeko gune bat sortuko dute Eibarren, uztailaren 7an eta 8an.
Bestelako gaiak ere jorratuko dituzte, hala nola haur eta nerabeen osasuna, nekazaritza eta elikadura sistemak ikuspegi juridikotik, herri-ikerketa, espazioen birnaturalizazioa, justizia eraldatzailea praktika feministetan, adinekoak unibertsitatean, eta euskararen jauzi digitala.
Halaber, Irakasle Eskola ere antolatu dute, eta haren baitan hainbat kontu lantzeko aukera izango dute: jolas eta talde dinamika kooperatiboak, Wikikasi, pedagogia gorpuztuak, LGTBI+ gorroto-delituak nerabezaroan eta arte hezkuntza.
Ikastaro eta jardunaldietarako matrikulazioa UEUren webgunean egin daiteke.
