UEU-k 'Bekaduna' webseriea estreinatuko du bihar

UEU-k 'Bekaduna' webseriea estreinatuko du bihar Lau atal izango ditu guztira, eta bi astez behin estreinatuko dituzte atalak sarean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ueu-k-bekaduna-webseriea-estreinatuko-du-bihar/@@download/image/Bekaduna_taldea.jpg
2022/05/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lau atal izango ditu guztira, eta bi astez behin estreinatuko dituzte atalak sarean.
UEU-k 'Bekaduna' webseriea estreinatuko du bihar

50.urteurrenaren ospakizunen baitan, UEUk Bekaduna umorezko webseriea estreinatuko du bihar. Ikus-entzunezko honen bidez urteurrena modu jostagarrian ospatu, UEUren inguruko ezagutza zabaldu, eta bertako komunitatea omendu nahi dute. UEUko ordezkarien hitzetan, “UEUren 50. urteurrena modu desberdinean ospatu nahi genuen. Askotan gisa honetako urteurrenak oso seriotik joaten dira, eta nahiz eta horrelakoak ere beharrezkoak diren, UEUren izaera alaia eta parte-hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen, zerbait ganberroagoa. BIRA eta Hiru Damatxokoek The Office telesailean oinarritutako gidoia aurkeztu zigutenean, segituan gustatu zitzaigun eta lantaldeko kideak aktore bihurtzea ederra litzatekeela pentsatu genuen. Pentsa, 21  kideko taldetik 16k parte hartu dugu bertan, gehi zuzendaritzako kide batek”.

Webseriea lau atalez osatua dago eta bi astez behin atal berri bat argitaratuko dute UEUren Youtube kanalean. Tarteko asteetan bestelako edukiak zabalduko dituztela iragarri dute: toma faltsuak, gif-ak, argazkiak eta abar. Honela azaldu dute webseriearen nondik norakoa: "Simon Eibarrera etorri da lan-elkarrizketa egitera, baina urgentzia bat dela-eta, UEUren egoitza den Markeskoa jauretxean sartu beharko du. UEUko langileek beste pertsona batekin nahastuko dute eta ordutik aurrera dena kilker kaiola bihurtuko da". 

UEUk, BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute weseriea, eta emaitzarekin "pozik" daude denak. BIRA produkzioko Mikel Alvarez kidearen esanetan: “Ideia zoro asko izaten ditugu eta askok ez dute lekurik topatzen. Batzuek, ordea, argia ikusten dute. Bekaduna webserieak, lekua baino, etxea topatu du UEUn. Beste inon ezingo litzateke proiektu hau aurrera atera. A zer taldea! Eta zeinen ondo pasa genuen!”. Lander Arretxea Hiru Damatxoko kidea ere oso pozik dago proiektu honekin: “Ez du (behar bada) euskarazko fikzioa salbatuko, baina goiz aldrebes bat baino gehiago bai”.

Mikel Alvarez eta Lander Arretxea aritu dira gidoia idazten eta zuzendaritzan, eta Idoia Torregarai gidoi laguntzaile. Irudiaz Leire Egaña eta Beñat Iturrioz arduratu dira, eta azken hau izan da argazki zuzendaria ere. Aktore lanetan, berriz, Barrexerkako Mikel Irazusta eta UEUko hainbat kide aritu dira: Irati Iciar, Ireide Arriolabengoa, Aitzol Astigarraga, Alazne Lazpiur, Unai Del Burgo, Zihara Enbeita, Zuriñe Etxanobe, Koldo Garcia, Oihana Gardoki, Nekane Intxaurtza, Uxoa Iñurrieta, Oihane Landazabal, Ainhoa Latatu, Mari Karmen Menika, Ane Sarasua, Idoia Torregarai eta Xabi Zubeldia.