UEK, Power trio

UEK, Power trio https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uek-power-trio/@@download/image/79p62Uek.jpg
2007/11/02
erreportajea
Iker Beltza
UEK, Power trio
Keu Agirretxea gitarra jotzaile ondarrutarra gelditu gabe dabil azkenaldion. Bakarka hainbat disko intrumental kaleratu ondoren, power trio batekin datorkigu "Uhinak" disko berrian. 

Hiru disko instrumental grabatu ondoren, Keu Agirretxea gitarra jotzaileak (Hilobi, Psychophony, Etsaiak) Heltzear diren egunak argitaratu zuen iaz. Aipatu diskoan, bere aurpegi instrumentalena baztertuta, Keu rock talde gisa hasi  zen Mikel Arakistain (Psychophony, Etsaiak) eta Jon Gurutxagarekin (Arima Beltzak) batera.

Orain, Keu Agirretxeak Uhinak izeneko lana argitaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Heltzear diren egunak diskoarekin hasitako etaparen jarraipena dela esan daiteke; Keu Agirretxearen aurpegi rockzaleena erakusten digu.

Kantak hamaika melodia, erritmo aldaketa eta ñabardurekin jantzita daude. Eta rock talde garaikide batek landu ditzakeen estilo guztiak dakartza diskoak: hardcore melodikoaren leloak, metal kutsuko riffak, pop ukituak...

"Oso grabazio berezia izan du diskoak; hiru egun pasatu genituen instrumentuen doinuak aurkitzen, bateriaren akustika, baxuak eta gitarrak probatzen, anplifikagailuak... eta dena prest zegoenean, batera grabatzen hasi ginen, saio onenak izan arte. Esperientzia ona izan da, eta asko ikasi dugu; oso ondo ulertu behar izan dugulako elkar. Zuzeneko indar hori nabari da diskoan", dio Keuk.

Zuzenekoa, izerdia, rock gordin-gordina. Horixe du diskoak. Eta hirukoteak bete-betean asmatu du soinuarekin. Gainera, oso disko anitza da, eta horrelakoetan, diskoak batasuna galtzeko arriskua izaten duen arren, Uhinak honetan ez da horrelakorik gertatu. Hirukotearen meritua da hori.

"Oso pozik nago hirukote bezala hasi dugun bide honetan, eta orain zuzenekoez gozatu nahi dut", esan digu Keuk.