Udazkenean egingo dituzte Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko bertsolari txapelketak

Udazkenean egingo dituzte Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko bertsolari txapelketak Azaroan eta abenduan jokatuko dituzte finalak, eta ekainean hasiko dute kanporaketa Nafarroan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udazkenean-egingo-dituzte-bizkaiko-nafarroako-eta-iparraldeko-bertsolari-txapelketak/@@download/image/xilaba 2018.jpg
2021/06/02

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Azaroan eta abenduan jokatuko dituzte finalak, eta ekainean hasiko dute kanporaketa Nafarroan.
Udazkenean egingo dituzte Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko bertsolari txapelketak

Pandemiak guztia baldintzatu du eta baita bertsolari txapelketak ere; Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Xilaba, Iparraldekoa, amaitu gabe utzi ziren iaz. Nafarroakoa ere urte hasieran zen abiatzekoa, baina COVIDaren eraginez, atzeratzea erabaki zuten, datarik zehaztu gabe. Pixkanaka egoera hobetzen ari dela ikusita, hiru txapelketak udazkenean egitea erabaki dute Bertsularien Lagunak eta Bizkaiko eta Nafarroako bertsozale elkarteek. 

Zortzina saio izango dituzte Xilabak eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak eta Bizkaikoak, berriz, hamar. Saio gutxi batzuk egun berean izango dira halabeharrez, baina txapelketako egutegiak "ahalik eta modu onenean uztartzen" saiatu direla adierazi du Bertsozale Elkarteak, zaleek errazago jarraitu ahal ditzaten. 

Txapelketen datak

Xilaba final laurdenetan eten zuten iaz, urrian kultur ekitaldiak bertan behera utzi baitzituen Frantziako Estatuak. Irailaren 18an hasiko da berriro eta finala azaroaren 13an izango da.

Udabarria bertsotan sailkapen saioak irailean eginda, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez hastea erabaki zuten, aurreikusten ziren eragozpenak zirela eta. Urriaren 3an hasiko da txapelketa eta abenduaren 18an izendatuko dute txapelduna.

Urtearen hasieran ziren egitekoak Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Araban, ohiko txapelketa egin beharrean, maiatzean bukatu berri den binakakoa egin zen. Manex Agirre eta Martin Abarrategi izan ziren garaileak. Nafarroan, aldiz, atzeratu egin zuten eta, azkenik, urriaren 2an ekingo zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketari; azaroaren 27an izango da finala. Aurretik, ordea, sailkapenerako saioak izango dira, ekainean. 

Udazkena gerturatu ahala, txapelketen inguruko xehetasunak emango dituzte. Irailean, pandemiaren eboluzioa ikusirik, egoeraren irakurketa egin eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute.