Udarako Prest

Udarako Prest https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udarako-prest/@@download/image/8p28-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Edurne Begiristain
Udarako Prest
Lagunartean behin eta berriro kontrakoa diozun aurrean, zuk ere modari erreparatzen diozu. Etzazu gezurrik esan. Zer dakarkigu modak udari begira? "Punk" estiloko jantzi eta apaingarriak, loreak, marinel marrak, graffitiak diruditen bainujantziak...

Neguko berokiak, jertse lodiak, bufandak eta gainontzekoak bildu eta ganbarara igotzeko garaia da. Udaberrian bete-betean sartuta gaude eta di-da batean udako egun argitsu eta sargoritsuak izango (jasango?) ditugu. Sasoi horretan jantziko duguna urtetik urtera aldatu ohi da. Aurten udako moda inoiz baino "punkiago" omen datorkigu, bai emakumezkoena, baita gizonezkoena ere. Dena den, emakumeok aukera zabalagoa izango dugula dirudi.
Punkien bidetik
Argi dago milurteko berrian modak atzera joko duela, izan ere, 80ko hamarkadako jantzien modukoak nagusi izango dira uda honetan: tatxeta, brilantina, kateorratz eta adabakiz josita baitator arropa. Duela hogei urte legez, praka bakeroa jaun eta jabe izango da, margoz "zikinduta", zahartuta, edota aipatutako osagarri "punkiez" apainduta. Kamisetak, berriz, gorriak, beltzak eta zuriak, hori bai marrazki handi eta disdiratsuekin. Oro har, kolore biziak nagusituko dira jantzi guztietan, fuksia, berdea, horia, gorria…. Baina era berean, betiko kolore "pastelak" edo leunak ere ikusten jarrituko dugu, "punk" estiloko arropak janzten ausartzen ez direnenentzat, batik bat.
Bestalde, mutilentzat, berriro ere 80ko hamarkadaren bidetik, galtza zuzenak eta estuak datoz. Beraientzat ere kolore biziak nagusi izango dira eta gorriaren eta xigortutako koloreen arteko nahasketak ia arropa guztietan ikusiko dira.
Makilajeari dagokionez (neskentzat eta mutilentzat, zergatik ez bada??!!), "punk" estiloko koloreak datozkigu: ezpain gorri eta distiratsuak, begietako itzal urdin eta morea, eye-linerrez margotutako marra beltz lodiak….
Marinel marrak
Aitzitik, "punk" joera hori ez da bakarra izanen uda partean. Marrek eta loreek ere tartea izango dute. Frantzia aldeko marinel marrak uda honetan indartsu datoz, bai soinekoetan, baita kamisetan ere. Dena den, aukera hau eginez gero, hiru aholku emango dizkizugu. Batetik, praketan eta gonetan utz itzazu alde batera marrak, gizen itxura ematen dute eta. Bigarrenik, jantzi guztiak ez daitezen marradunak izan. Azkenik, bila ezazu marinel frantses bat bikotekidetzat.
Lorontziak bezala
Bestalde, loreak ere indartsu itzuliko dira. Datorren udan inoiz baino gehiago haziko dira loreak jantzietan, baina, nola ez bada, berritasunik ere izango da: millefiori izeneko lore txiki-txikiak nagusituko dira eta magnolia, kalendula edota margarita erraldoiez betetako jantziak ere ez dira faltako. Hortaz, badakizu, lorontzi baten modura kalera irteten bazara, zaude lasai, modari txukun-txukun jarraitzen ari zara eta.
Minigonak eta bermudak
Praka motzak edo bermudak gustuko badituzu, hankak erakusteko parada izango duzu, short eta minien garaia baita. Hori bai, hobe duzu praka motz hawaiarrak armairuan uztea, sofistikatuago baitatoz aurten bermudak. Estilo zuzeneko shortak, estuak, jantzi behar omen dira. Eta praka motzak bezalaxe, mini-gonak ere modan egongo dira. Gerri baxuko mini-gonak, mila-marradunak eta poltsikodunak, halaxe izango dira udako mini-gonarik sexy-enak.
Graffitiak bainujantzietan
Baina, zein da udako jantzirik beharrezkoena, edo behintzat, erabiliena? Bikiniak eta bainujantziak, dudarik gabe. Emakumeek biak eramateko aukera dute: modak sekula ahaztu gabeko bainujantzia ala sexiagoa eta freskoagoa den bikinia. 2001eko uda honetan bainujantziak graffiti erako estanpatuekin ikusiko ditugu. Bikinietan, berriz, bi kolorek izango dute protagonismo osoa: beltza eta metalizatua. Gizonek, berriz, aukera urriagoa izango dute: bainujantzia janztea edo deus ez eramatea (bigarren aukera hau ez dago batere gaizki…). Dena dela, azken urteotako joerari eutsiz, gero eta laburragoak datoz mutilen banujantziak. Garai bateko praka moduko bainujantziak etxean uztea gomendatuko dizugu, beraz, eta baita hankartate polit hori nabarmentzen dizuten bainujantzi estuak erostea ere.
Horietxek uda honetako moda tendentzia nagusiak. Has zaitez prestatzen, uda honetan Euskal Herriko neska/mutil erakargarriena izango zara eta.